Xalbador, ehun urtez sortzaile

Fernando Aire 'Xalbador' Euskal Herri osoan egin zen ezagun, eta egun ospatzen da bere sortzearen mendeurrena. Mixel Itzainak liburu bat idatzi zuen haren bizitzaz eta bertsoez, eta gaur egun duen garrantzia azpimarratu du.

Fernando Aire Xalbador bertsotan. Ondoan, txapelarekin, Mattin Treku. BERRIA.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun

Hiltze eguna hain ezagun egin zaionari sortze eguna ere aipatzea zor. Berria den zerbait nekez daiteke idatz hari buruz. Ehun urte pasatu dira Fernando Aire Xalbador sortu zenetik. 44 hil zenetik. Beraz, oroitu. «Oroitu behar dugu».

Xalbadorren biziaz, haren bertsoez eta idazkiez egin zuen Xalbador liburua Mixel Itzainak 2014an. Zergatik? Jendeak ez dezan ahantz: «Nor izan zen eta egin zuenaz oroitu behar dugu». Eta Itzainak, 87 urterekin, ez du liburua irakurri beharrik horretarako. Gogoz dakizki Xalbadorren bertsoak, garaiko saioak berriz biziko balitu bezala. Gai emaile eta saio antolatzaile gisa ibilia da, eta 87 urteko memoriak atxiki ditu denbora hartako erran moldeak eta Xalbadorren «bertso izugarriak». Emozioz beterik so egiten dio iraganari, eta sortzetik ehun urteren burura horrela laburbiltzen du nor izan zen: «Bertsolari gaitza. Sekula izan eta berriz izanen ez dena».

[youtube]https://youtu.be/yDYrGxuZ7fo[/youtube]

Urepeleko (Nafarroa Beherea) Xalbadorrenea etxean sortu zen Xalbador. Itzaina, berriz, kilometro batzuk beherago eta hamahiru urte berantago, Alduden. «Leku berekoak ginen, eta euskara bera genuen. Halako giro berezi batean handitu ginen. Gazte ginelarik, Alduden bertsolaritza eta kantua biziki azkarrean ziren, bizi ziren. Bertsolaritza txikitatik ezagutu dut, eta Xalbador ere bai».

[youtube]https://youtu.be/d0-vXt1M_rE[/youtube]

Aldudeko aitatxi bertsolaria zuen Xalbadorrek, eta Aurizberriko amatxi, ditxolaria. Nonbaitetik bazuen ikasia. Basarri eta Uztapide bezalakoekin hazi zen Xalbador, eta Mattin lagunarekin ari izan zen bikote gisa frankotan. Eta «jitea, bazuen alimaleko jitea», Itzainaren hitzetan. «Jendea ostatuetan zebilen, Bankan, Urepelen, Alduden... eta bazen anitz bertsolari; Hiriarte, Harrieta, Zubikoa... Mundu horretan bizi izan gara haur denboran, eta biziki goiz ulertu nuen gizon horrek bazuela zerbait mugagabea».

Ostatuz ostatu eta plazaz plaza, fama handituz joan zitzaion artzain eta bertsolariari. Saioak eta txapelketak ugarituz joan zitzaizkion, batez ere 1946tik 1960ra bitartean Hego Euskal Herrian. Eta izan zen delako egun hura, 1967ko txistuena. Egun horrek fama «alimalea» eman zion. Txapelketa horretan Itzaina han zen, epaile gisa, gainera. «Egun horretaz beti oroituko naiz». Baina hori gabe ere haren poesiak izana zuen entzutea.

[YouTube]https://youtu.be/Qss6RQpfEdE[/YouTube]

«Euskara ikaragarria zuen. Bertsoak zuzen eta trinko egiten zituen. Errimak aberatsak zituen, eta erraten zuenak bazuen indar; bazuen errateko manera bat beste nehork ez zuena», dio Itzainak. Bat-bateko bertsoak ukanak ditu kausiturik, eta idatzizkoak ere ausarki landurik. Hala, Xalbadorrek hiru liburu baditu utziak; Ezin bertzean (1969), Odolaren mintzoa (1976) eta Herria gogoan (1981). Gaiek garaia islatzen dute, baina gaurkotasuna ere atzeman daiteke «batzuetan». Haren eskuizkribuak ukan ditu Itzainak, eta han ikusi nola egiten zituen bertsoak hobetu eta aldatu, «bikain» utzi arte. Gai sarkorretan bazuen ikaragarriko «dohaina»; barna joaten zen, «desberdin». Zerk egiten zuen ezberdin? «Egia erraten zuela. Ez zen alegiazko gaiez ari; bere egun guzietako biziaz ari zen; artzaingoaz, etxeaz, herriaz [Urepele] eta gero, gai zabalagoez, Georges Pompidou eta John Fitzgerald Kennedy hil zirelarik bezala».

Itzaina oroit da Xalbador entzun zuen lehen aldiaz: «Nik hura ikusi dut lehen aldiko bertso saio batean Hazparnen, eta bukatzean —ez dut uste lehenengo ezarri zutenik— epaileei ari zitzaien bertsotan. Piarres Lafitte han zen, eta erran zidan Xalbadorrek erran ziela 'nik ez dut juje beharrik jakiteko hoberena naizela', eta arrazoi zuen!».

[Vimeo]https://vimeo.com/29720441[/Vimeo]

Omenaldi eguna

Xalbadorri omenaldi eguna egin behar zioten 1976an, eta egun hartan bertan hil zen, Urepelen. Egun hori Itzainak zuen antolatua, Eskualtzaleen Biltzarraren izenean. «Anitz saio muntatzen nuen orduan, kasik 30 bat herritan Ipar Euskal Herri honetan. Hego Euskal Herrian egiten zizkioten omenaldiak, eta joan nintzaion ikustera proposatuz zerbaiten egitea hemen. Baietz. Galde egin nion non nahi zuen, Alduden edo Urepelen. Urepelen. Hark hauta zezan eguna. Hazilaren 7a. Biok hautatu genuen». Mezatik landa aurkeztu beharra zuen Odolaren mintzoa liburua. Aranalde apaizak zuen liburua atera, eta lehen aldia zen horrelako egun bat antolatzen zutela Ipar Euskal Herrian. Bazkaria eta bertso saioa egin behar zituzten, eta Xalbadorrek eman behar zituen azken bertsoak. «Alimaleko jendea zen. Goizean 800 eta arratsaldean 1.500, sekula ez ikusia».

Emozioz beterik oroitzen du eguna Itzainak eta gaur egungo egoeraz galdetzean, baikor. Edo ez. «Bertsotan ari dira, bai, onak dira, baina hein batean. Gai sarkorretan ez doaz urrun». Eta Xalbadorri buruz: «Haren bertsoak ikasi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.