Xalbador Egunaren ekarpenak

Urepeleko omenaldiak azken urteetan emana laburtu du Joxemari Iriondok 'Xalbadorren itzalean' liburuan

Juan Luis Zabala
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Xalbador Eguna izenez ezagutzen den urteroko omenaldiak azkeneko hamar urteetan —haren antolakuntzaz Deiadarra elkartea arduratzen hasi zenetik— emandakoa biltzen duen kronika liburua osatu du Joxemari Iriondo kazetari ezagunak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1938), eta Gipuzkoako Aldundiak eman du argitara lan horren emaitza, Xalbadorren itzalean. Hamar urte liburuan. Antonio Zabalak 1961ean abian jarritako Auspoa bildumako 326. liburua da Iriondoren hau. Jakina denez, azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak kaleratzen ditu Auspoa bildumako liburuak, eta bildumako argitalpen berrien arduradun nagusietako bat da Joxemari Iriondo.

Nahiz eta liburuak Xalbador Egunaren azken urteetako ekitaldiak izan gai nagusi eta ardatz, liburuaren aurreneko atala, Xalbador eta bere ingurua, Xalbadorren berri ematera bideratu du Iriondok: Xalbadorren inguruko aipamen biografikoak, Xalbadorrek Anoetako pilotalekuan (Donostian) 1967an jasotako txistuen pasadizo ezagunaren inguruko komentarioak, Xalbadorren omenaldien inguruko hainbat aipamen, Xalbadorri buruzko hiru iritzi —Basarri, Joxe Mari Aranalde eta Xabier Leteri jasoak—, Xalbadorren bat-bateko nahiz idatzizko bertsoak…

Xalbador hil ondotik (1976an), urtero bertso jaialdi bat egiten hasi ziren Urepelen (Nafarroa Beherea), Xalbadorren jaioterrian. Euskaltzaleen Biltzarrak eta Joxe Mari Aranalde zenak hartu zuten jaialdia antolatzeko ardura, adiskide eta bertsozale askoren laguntzaz. «Hogeita bost urteko lanaz eta udazkeneroko zereginaz nekatu eta antolaketa-lanak eskuz aldatu nahi zituela adierazi zuen Aranaldek, ez zuela jarraituko aurrera ordura arte bezala», kontatu du Iriondok, Xalbadorren itzalean liburuaren hitzaurrean. «Eta holaxe sortu zen Deiadarra taldeari eman zion lekukoa, 2004ko urrian, aurrerantz ere ahal zuen arte laguntzen jarraituko zuela hitzemanez».

«Hola sortu zen lantaldea», jarraitzen du Iriondoren hitzaurrean emandako azalpenak. «Bethart familia, Joxe Mari Aranalde bera, Antonio Zavala, Joakin Berasategi, Joxemari Iriondo eta Urepele eta inguruko beste lagun batzuk elkartuta, errazago baita holako eginkizunei taldean eustea bakarka baino».

Deiadarrak antolatutako lehen Xalbador Egunean, 2004an, Xalbador bera izan zen gai nagusia, baina ondorengo urteetan Xalbadorren oroitzapena beste gai jakin batekin lotuta agertu da jaialdiaren egitarauan: Xalbador eta mendia, 2005ean; Xalbador eta Mattin, 2006an; Xalbador eta diaspora, 2007an; Xalbador eta lehengo Urepele, 2008an; Xalbador eta Antonio Zabala, 2009an; Xalbador eta Xanpun, 2010ean; Xalbador eta Xabier Lete, 2011n; Xalbador eta Joakin Berasategi, 2012an; eta aurten Xalbador eta Basarri.

Xalbadorren itzalean liburua argitaratu aurretik, Auspoa bilduman beste hainbat liburu argitaratua da Joxemari Iriondo. Horietako bat Mattin eta Xalbador da, Auspoa saileko 301.a sailaren sortzaile Antonio Zabalarekin elkarlanean idatzitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.