Heldu den urriaren 10ean 200 urte beteko dira Agosti Xaho (Atharratze, 1811-Baiona, 1858) sortu zenetik. Bat baino gehiago dira aukera hori erabili dutenak Xaho nor izan zen eta haren garrantziak gogoratzeko. Horien artean sar daiteke Xabier Zabaltzak apailatu berri duen liburuaren aurkezpena. Agosti Xaho Aintzindari bakartia 1811-1858, Bidegileak sailean argitaratu dute (Eusko Ikaskuntza) euskaraz, batetik, eta frantsesez eta gaztelaniaz, bestetik. Atzo egin zuten ekitaldi ofiziala Hendaiako Abadia gazteluan, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Arnaud Villeneuve Atharratzeko auzapeza eta hainbat aditu elkarturik.
Liburua, biografia baino gehiago, «ideografia» dela dio Zabaltzak. Xahoren ideologiaren kontu garrantzitsuak azaltzen ahalegindu da idazlea, «polemikoak izan daitezkeenak», azpimarratu duenez. Bide batez, ideologia horren korapiloak askatzen ahalegindu da: «Ideologia oso korapilotsua» dela aitortu baitu. Izan ere, Xaho historiaren filosofia oso bat egituratzen entseatu zen, non Euskal Herriak eginkizun berezi bat baitzuen: «Historiaren filosofia horretan itzulera eternalak garrantzi berezia du. Haren arabera, historia 60.000 urtetik behin errepikatzen baita. Ideia horrek haren jarrera politikoa baldintzatu zuen erabat, Errepublikaren alde maiz Ipar Euskal Herrian, karlismoaren alde beti Hego Euskal Herrian».
Xaho lehen abertzaletzat joa dela ezaguna dela, abertzaletasun hori haren historiaren filosofiaren osagai bat besterik ez da, Zabaltzaren ustez: «Eguzkiaren Seme-Alabek eta Gauaren Seme-Alabek mundua mundu denez geroztik elkarri eginiko borroka da haren kontzepzio historiko ezkorraren oinarri nagusia».
Errepublikano liberala
Liburua aukera bat da oro har, Xahori buruzko uste batzuei ñabardurak gehitzeko. Adibidez, haren sozialismoa: «Xaho errepublikano liberal bat zen, eta ez zuen inoiz ezbaian jarri jabetza pribaturako eskubidea». Gehiago dena, Zabaltzak dioenez, Gorria zen Xaho, «Elizaren eta estatuaren arteko bereizketan aldekoa zelako, ez komunista zelako».
Hori bai, Zabaltzak argi du Xahok oihartzun ukaezina izan duela ezkerreko abertzaletasunaren bilakaeran: «Hark ulertu zuenez, lehen karlistaldia Euskal Herria askatzeko borroka bat zen, eta ETA erakundeak ere halaxe ulertua izan du». Ideia horiek baita gehiagok daukate beren lekua 28 orrialdek osatu argitalpenean. Kontu batzuk kanpoan gelditu direla aitortu izan du ere Zabaltzak, eta baliteke urtea bururatu baino lehen horien berri izatea ere.
Xahoz «ideografia» bat kaleratu du Xabier Zabaltzak
Bidegileak sailean argitaratu du Eusko Jaurlaritzak; Xahoren «ideologia oso korapilatsua» biltzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu