Begirada sarkorrak, tinduz tonatu eskuak, handizki agertu begitarteak beren adierazkortasun guztiarekin. Margolan biziki errealista darama Xabi Tapia XabXab margolari urruñarrak. Argazki erreprodukzioak dira, neurri handian edo txikian; zuri-beltzean, beti. Karrikan egindako margolanek egin dute ezagun, baina oraingoan aretoan bildu du bere mundua. Neurri txikiko irudiak bolalumaz egindakoak dira. Handiak, tindu akrilikoz. Hatz ikusezina deitu du Urruñako (Lapurdi) Posta gelan estreinatu duen erakusketa. «Bada margolanak uzten duen marka, bai, baina bada gure eskuek utzi dezaketen herexa ere. Izan daiteke begirada batek, presentzia batek utz dezakeen herexa», adierazi du artistak. Martxoaren 28ra arte ikusgai dira XabXaben obrak, eliza pareko Posta erakustokian.
Hiru zati ditu erakusketak. Alde batean, skate taula gainean bolalumaz egin marrazkiak; bestaldean, akrilikoz egindako margolan handiak. Karrikan akrilikoz egindako lan errealistek dute famatu XabXab. Lapurdin badu anitz eginik, baina Euskal Herritik kanpo ere bai, street art jaialdietan. Gisa horretako margolan bat, funtsean, Posta gela barneko pareta oso batean margotu du zuzenki. Beste gela txiki bat ere badauka erakusketak, zeinetan ilunpean irudiak agertzen baitira pantailetan eta bolalumak zur gainean egiten duen azantza hauteman daitekeen. Hori da hirugarren zatia.
Skate taula euskarri
XabXab margolari gisa hasi zen skatelarien munduan zebilelako, nahiz hark ez zuen baitezpada praktikatzen. Skate taula hautsiak berrerabiltzen zituen bere marrazkietarako euskarri gisa. Margotzeko, bolaluma erabiltzen zuen. Posta gelako erakusketaren erdia kasik lan horiekin osatu du. Duela zazpi urte Paristik herrira itzuli zenean hasi zen bolaluma erabiltzen. «Klasikoagoak diren tinduarekin eta arkatzarekin zailtasunak nituen. Bolaluma nahiago nuen». Halaber, marrazkietarako ez zituen euskarriak erosi nahi, baizik eta aurkitzen zuena berrerabili. «Zur puska bat, edo garai zaharreko skate bat». Gustatu zitzaion lumaren bolak zurezko taula horien gainean egiten zuen jokoa, baita egiten zuen «harrabotsa» ere.
Duela bi urte, Begiradak deituriko serie bat egin zuen skate taula zahar batzuetan. Hori du Posta gelan aurkezten. «Guti erakutsi izan dut, eta segida berri batekin osatu dut», esplikatu du.
«Ez dakit zergatik, baina erraztasunak izan ditut eskuak marrazteko, eta hortik laster hasi naiz begiradak marrazten; nagusiki, begiak»
XABI TAPIA 'XABXAB'Artista
Euskarri berrerabiliekin segitu du, gero margolan handiagoetan ere bai, akrilikoa erabiliz. Zurezko ate batzuen gainean egin izan ditu margolanak. Erakusketarako, berreskuratu zur taula handiak erabili ditu. Lan berriagoak dira horiek. Duela urtebete edo urte eta erdikoak. «Begitarte eta eskuen inguruko lanak dira». Dena pintzelez eta arrabolaz egiten du halakoetan. Karrikan, paretetan egiten dituen margolan handien gisa berekoak dira.
Errealismo girotua
Errealismoa nondik heldu zaion salatu du XabXabek. «Marraztu nahi izan nuen lehen aldian, eskuak nahi izan nituen marraztu». Eta ohartu zen franko aise lortzen zituela. Alta, marrazki eskoletan maiz entzuten da erreproduzitzeko nekezia handiak sortzen dituztela eskuek. «Ez dakit zergatik, baina erraztasunak izan ditut horretarako, eta hortik laster hasi naiz begiradak marrazten; nagusiki, begiak». Xendra harturik, segitu du gero eta zehatzago izaten. Begitarte egituren xehetasunak marrazten hasi zen, «hurbilagotik bezala». Trebezia garatu du horretan.
Gaur egun, beste xendra bat saiatzen du XabXabek bere margolanetan: «Eszenak; edo eszenan jarri egoerak. Aski zinematografikoak». Hain zuzen margolanetarako erabiltzen dituen argazkiak, orain, berak egiten ditu. «Hasieran, Interneten aurkitu argazkiak erabiltzen nituen. Gero, nire argazkiak egiteaz gain, tokiko argazkilari batzuekin lan egiten hasi nintzen. Gaur egun, nik atera argazkiekin ari naiz».
«Hasieran, Interneten aurkitu argazkiak erabiltzen nituen. Gero, nire argazkiak egiteaz gain, tokiko argazkilari batzuekin lan egiten hasi nintzen. Gaur egun, nik atera argazkiekin ari naiz»
XABI TAPIA 'XABXAB'Artista
Errealista izanagatik, mundu bat, giro bat, estetika bat sortu nahi du Urruñako margolariak bere lanetan. Posta gelako pareta osoan egin begitartean, konparazione, margolariak pikor bereziak egiten dizkio irudiari, araberako estetika sortuz. «Puntuz puntuko lana da margoz egiten dudana, bolalumarekin bezala kasik. Beraz, pikor horiekin ez du hain leun ateratzen, eta testura ematen dio; hala dut gustuko».
XabXab biziki uros da sorterrian aukera eman baitiote erakusketa gela oso bat bere lanez betetzeko. «Miresgarria da erakusketa gela bat eskainia baitzait. Orain arteko erakusketak ostatuetan eta tatuaje saloietan egin ditut. Holako gela handia, galeria ofizial batean, ohore handia zait, ikaragarriko ezagupena zait». Antolatzaileekin esker onekoa da, gainera, berehala baietz erran baitzioten erakusketa gelako pareta oso bat margotzeko. Kilika berezia egiten dio sorterrian, Urruñan izateak. Haur eta gazte denboran pilota munduan ibilirik, gertatu zaio pilotarien margotzea, baina aldi honetan herritarrei ere erakutsi nahi die nolako artista ibilbidea duen. «Gaur egun naizena erakutsi nahi nuke osoki».
XabXabek gogoko luke ondoko urteetan halako erakusketen mentura balu. Tematika bat hartu, bizpahiru urtez landu eta erakustoki batean zabaldu. Postako erakusketarako prestakuntza berezia eraman du. «Lan sakona eskatu du, baina bizki maitatu dut egitea».