«Nahi duzuenean jarri elizaren argia». Ximun Fuchs antzerki zuzendariaren abisuari adi, kez betetzen hasi da Barakaldo antzokiko eszena. Aktoreak kandelen argitara otoitzean ari dira, koru baten doinuak zabaldu ditu bozgorailuak, eta, bat-batean, aktoreetako baten euforia oihuak piztu du antzezlana, «Amelia!», eta kolpean aldatu du giroa 1936ko gerra osteko Gasteizko El Fronton dantzalekuko alaitasunera. «Uniforme ezberdin horiek guztiak, bata bestea baino ederrago! Italiar horien bibote finak! Aleman horien begien oskarbia! Hain ausart eta balienteak! Ezkontzeko gogoa sartzen zaidan!».
Lehen dantza eskaria egin, eta apenas zortzi minutura, herrikoen esamesak taularatu ostean, ezkongaien gurasoen arteko solasaldiak entzunda —«Gurutzada Santuari egindako gure eskaintza izanen dun»—, senargaiaren zalantzazko erreputazioari buruzko oharra entzunda, «bai» esan, eta ezkonduta daude pertsonaiak. Eta orduan, «mila esker, mila esker», eten du eszenako poza Fuchsen oharrak, «pizten ahal duzue argia publikoan». Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburua oinarri hartuta, izen bereko antzezlana taularatuko du Dantzerti arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskolaren seigarren ikasle labealdiak, eta eszena labur bezain bizi hori aurkeztu dute, azken lau hilabeteetan egindako lanaren erakusgarri.
Gaur eta bihar izango da estreinaldia, Barakaldo antzokian (Bizkaia), eta ekainaren 6an emango dute, ondoren, Gasteizen. Fuchsek hautatu du ikasleekin landu beharreko testua, eta hark egin ditu zuzendari lanak ere. Unai Izquierdo Dantzertiko zuzendaritzako kideak zehaztu duenez, gainera, azken sei urteotan Dantzertik kurtso amaierako lan bat euskara hutsez taularatzen duen lehen aldia izango da aurtengoa. «Normalean euskaraz eta gazteleraz egin dugu, baina aurten euskaraz egiteko apustua egin dugu».
Montoiaren lana laudatu du lehenik Fuchsek, eta gorago jo du azalpenak segidan. «Behar dugu argia jarri berriz literaturan, hainbat artikulu atera direlako literaturaren kinka larriaz. Uste dut euskal kulturarentzat literatura beti izan dela itsasargi bat, eta, literatura gaizki doanean, erran nahi du euskal komunitatea eta euskal kultura gaizki doazela. Hori erdigunean jartzea izan da asmoa».
«Uste dut euskal kulturarentzat literatura beti izan dela itsasargi bat, eta, literatura gaizki doanean, erran nahi du euskal komunitatea eta euskal kultura gaizki doazela. Hori erdigunean jartzea izan da asmoa».
XIMUN FUCHSAntzerki zuzendaria
1998an eman zuen Montoiak liburua argitara, eta gerra ostetik XX. mende amaierara artekoak kontatzen ditu bertan, Gasteiz beti ardatz dela.
Baina hau ez da lan hori eszenaratu duten lehen aldia ere. 1999an egin zuen Antton Luku antzerkigileak liburuaren antzerkirako egokitzapena, eta hura hartu du oinarri Fuchsek orain ere. Donibane Garaziko lizeoan (Nafarroa Beherea) aurkeztu zuten lana orduan, bertako ikasleekin. Bi emanaldi baino ez zirela egin azaldu du Fuchsek, ordea, eta, horregatik, erreskate lan bat ere bada Dantzertiko ikasleekin egindakoa.
Altxor bilaketa
Fuchs: «Beti gaude kanpora begira, sekula etorriko ez den kanpoko errekonozimendu baten bila, eta hemen bertan, aski da makurtzea, eta altxorra bada alde guztietan. Behar dira xendra bideak hartu, eta han lili ederrak badira, autobideetan baino askoz ere gehiago, eta horietako bat da hau». Eta, dioenez, antzezlanaren nondik norako teknikoagoekin batera, ideia hori ere transmititu nahi izan die ikasleei hilabeteotan.
Euskararena da ikasleei pasatu nahi izan dien beste mezuetako bat. Izan ere, Axut! kolektiboaren eta Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearen sortzaile ere bada Fuchs, eta euskara hutsez egin du bertan bere ibilbidea, azken urte luzeetan. «Komunikabide handiek eta ofizioak berak erakusten dituen bideetatik at, badira bide efizienteak, funtzionatzen dutenak. Gurea tarteko! Denek esan zigutelako ez zela posible antzerkia egitea euskaraz eta horretatik bizitzea, eta, seguruenik, guk ditugu emanaldi gehien egiten Euskal Herrian, eta, momentuz, ematen du baietz, posible dela».
«Denek esan ziguten ez zela posible antzerkia egitea euskaraz eta horretatik bizitzea, eta, seguruenik, guk ditugu emanaldi gehien egiten Euskal Herrian, eta, momentuz, ematen du baietz, posible dela».
XIMUN FUCHSAntzerki zuzendaria
Ikasketak amaitzen ari diren hamar ikasle izango dira taula gainean antzezlanean: Aitzol Barbarias, Garoa Bugallo, Josu Cardoso, Amets Ibarra, Mikel Ismael Kaye, Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Beatriz Rodriguez, Gontzal Royuela eta Idoia Tapia. Eta, guztira, bost edota sei pertsonaia ere eszenaratzen ditu haietako bakoitzak. «Istorio asko kontatzen dira, eta, aldi berean, bakarra», azaldu du Fuchsek, «azken batean komunitate bat kontatzen delako».
Ardura eta espazioa
Taularatutako zortzi minutuko pilulari kasu egitera, Fuchsen proposamen eszenikoek maiz izaten duten abiada du Gasteizko hondartzak lanak ere. Eta, hain zuzen ere, abiadura horri buruz eta pertsonaia aldaketa etengabeei buruz mintzo da Gontzal Royuela aktorea. «Liburua irakurri nuenean, harritu egin nintzen, 'nola eszenaratzen da hau?'. Baina gero Antton Lukuren gidoia irakurrita, eta, batez ere, behin lantzen hasita, ulertu nuen nola egingo genuen».
Fuchsek dioenez, halere, ez da hark bakarrik hartutako erabakia. Haren hitzetan, ikasleekin batera egin baitu aurrera antzezlanak. «Nik hasieratik erran nien niretzat ez zirela ikasleak, aktoreak baizik». Eta pozik azaldu da zuzendaria jasotako erantzunarekin. «Ikasleengandik ikastea zen nire beste arduretako bat, zeren eta ikasleek ere, ardura uzten zaienean, kristoren liburutegia dutela erakusten dute. Lekua utzi behar zaie gazteei. Ez diegulako uzten lekurik, ez bada koadro oso itxi batean».