Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Xabier Leteren ametsak betez

A&M sustatzaileak CD bikoitz batean atera du kantariak duela 12 urte Errenterian eginiko azken kontzertua

Joxan Goikoetxea eta Joxeanjel Arbelaitz, atzo, Durangon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Xabier Lete zenaren lagun-minak dira Joxan Goikoetxea eta Joxeanjel Arbelaitz. «Hil eta gero haren testamentu betearazlea naiz. Haren obra zabaltzeko lana eta ilusioa daukat», dio Arbelaitzek. «Disko bikoitz hau zulo bat betetzera dator. Xabierrek minez pasatu zituen azken 25 urteak, eta oraingo gazteek haren kantuak entzutea nahi genuen». 70eko eta 80ko hamarkadan Xabier Letek zuzeneko mordoa egin zuen, baina azken bost urteak poesia errezitaldiak eginez eman zituen, kantatzeari utzita. Letek 1999ko irailean eskaini zuen azken kontzertua, Errenterian Kilometroak festaren inguruko ekitaldien barruan. «Nork esango luke azkenengoz abestuko zuela Xalbadorren heriotzan?» azaldu du. «Xabierren testamentutzat hartu dugu diskoa. Hain ederra jakin barik azkena zela».

Kontzertu hura CD bikoitz batean jarri du salgai A&M Kultur sustatzaileak. Leteren ondare artistikoa zabaltzen arduratu da bere lehen argitalpen honetan. Xabier Lete zuzenean. Azken kontzertua lanean 21 kantu bildu dituzte orotara, horietatik 11 sekula grabatu eta diskoan jaso gabeak. «Xabierrek esan zigun: 'Ni bizi naizen arte disko hau ez argitaratu, zerbait berria egin nahiko nuke eta'». Joxan Goikoetxeak azaldu du Lete kontzertu hori egin eta gero kantu berri horiekin diskoa grabatzeko asmoz zebilela. «Nahiz eta osasun arazoak izan, kantatzeko ilusioa zuen oraindik, gauza berriak egiteko». Jacques Brelen monografikoa egiteko ilusioa zeukala aurreratu du Goikoetxeak. Errenteriako zuzenekoan Brelen dozena erdi kantu ageri dira.

Zuzenekoa, bere hartan

Bi minutuko txalo zaparradarekin hasten da diskoa, eta gero «aupa Xabier!» entzuten da. «Lurdes Iriondo bera zirudien publikotik animatzen», azaldu du Goikoetxeak. CD bikoitza kontzertua izan zen moduan jaso dute, mozketa barik. Aurkezpen guztiekin argitaratu da belaunaldi berriek ze hizlari eta aurkezle gorena zen ikusteko. «Xabier oso pertsona perfekzionista zen bere lan literarioan; poesian eta kontzertuetan ere bai. Borobila, oso berezia izan zen. Diskoan bere zuzenekoetan sortzen zen giro hori nabari da teknikari eta musikariengan. Eszenografia berak antolatzen zuen». Kantuak eta aurkezpenak track banatan bereiziak ageri dira.

«Jardin bat zuretzat abestian ezusteko jarrera lotsati ezin euskaldunago baten eskutik, Xabierrek Lurdes Iriondori eskaini zion emanaldi hura, modu sinpleenean, ia komikoan, eskaini ere, bere betiko bidelagun izan zenari» nabarmendu du Goikoetxeak. «Lotsatia zen benetan», ez zen euskaraz esatera ausartzen eta ingeles eta frantsesez egin zion eskaintza. Letek, azken kontzertu horretan, Pascal Gaigne (gitarra), Txema Garces (baxua), Pello Ramirez (txeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Karlos Gimenez (pianoa) izan zituen taldekide.



Hil edo bizi

Arbelaitzek gogoratu du Xabier Letek «hil edo bizi» egin zuela oihu agertokira irten baino une batzuk lehenago. «Egunsentiaren esku izoztuak lanean eta bere azken disko honetan igartzen da Xabierrek zikloa modu sakon eta ederrean uzten duela» azaldu du Arbelaitzek zera nabarmenduz: «Xabierrek existentzialismo sakonean pasatu zuen bizitza bere buruari galderak eginez. Bizitza bukaeran lortu zuen galdera guzti horiei erantzunak aurkitzea».

Etorkizunean bere ametsak betetzen saiatuko direla aurreratu du Arbelaitzek. «Hil aurretik Bartzelonan katalanez aurkezpenak eginez jotzea gustatuko litzaiokeela esan zigun. Pako Aristirekin elkarlanean gaude datorren urtean asmo hori betetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.