Orain arte literaturaren eremuan agertu gabeko izen bat, Xabier Lasarena, eta poesian kritikak txalotu izan duen egile bat, Jon Gerediaga, izan dira saridun 45. Irun Hiriko Kutxa Literatura sariketan. Hari esker argitaratuko du, bada, bere estreinako literatur lana Lasak (Berriozar, Nafarroa, 1967), Ura ez baita beti gardena izenburua daramana. Gerediagarena (Bilbo, 1975), berriz, izen ezaguna da poesia irakurleen artean, eta zazpigarren poema bilduma izango da sariaren bitartez plazaratuko duena: Zeru-lurren liburua.
«Ustekabea». Saria, batez ere, harridura aldarte horrekin jaso izana aitortu dio Lasak BERRIAri. «Hau da idatzi dudan nire lehen eleberri serioa. Ez naiz gaztea batere, baina orain arte ez dut ezer argitaratu nobelagintzan. Beraz, bai, ustekabea eta poz handia».
Hitz batean, «thrillertzat» deskribatu du Ura ez baita beti gardena; bi hitzetan, «thriller foraltzat». Lasa: «Abiapuntuan Erriberako herri batean uraren inguruan gertatzen diren kontu batzuk daude. Baina hori dena politikarekin nahasten da, eta gaur egun nahiko aktualitatean dauden gai batzuk jorratzen dira, bai uraren tratamenduan, bai negozio munduan eta bai politikagintzan. Dena nahastu dut ikuspegi nafar batetik, oso Erriberakoa den ikuspuntu batetik».
Egun Antsoaingo (Nafarroa) euskara teknikari postuan ari da lanean Lasa, baina kontakizunean leku egin dion politika mundua gertutik ezagututakoa da aurrez. Berriozarko alkatea izan zen 2007tik 2015era bitartean (NaBai), baita Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendaria ere. Literaturarekiko lotura, berriz, aspalditik datorkiola aipatu du, eta, batez ere, «irakurzale sutsutzat» jo du bere burua. «Idatzi ere idatzi izan ditut gauzak, baina hau idatzi arte ez naiz ausartu izan ezer bidaltzera».
Motibazio «prosaikoak»
Saridunek ere gaur bertan jaso dute albistea, eta deiaren osteko «poza» bistan utzi du Gerediagak: «Oso momentu egokian heldu da, eta pozik hartu dut, oso».
Natura berriak (2020, Pamiela) du orain arteko azken lana, eta, ordutik hona ostutako poema bilduma berria sariketara bidaltzeko motibazioen artean «arrazoi prosaikoak» nabarmendu ditu: «Pasa den urtean eszedentzia eskatu nuen, aurten ere bai, eta azken hiru-lau hilabeteetan ez dut diru-sarrerarik eduki. Nahiz eta testu laburrak izan, poema bat portu onera iristeko tentsio intelektual, espiritual eta ekonomiko asko pasatu behar dira. Hiru-lau urte ematen dituzu poema liburu bat idazten, eta argitaratzen denean ez duzu sosik ikusten, edo oso gutxi».
Sariketara ziurgabetasun eta prekarietate horrek bultzatuta aurkeztu zela aitortu du, eta, dagoeneko lan mordoxka bat publikatu badu ere, hasiberritzat jarri du bere burua. «Poema bat idazten bukatzen duzunean ez dakizu hurrengoa aterako den edo ez. Pentsatzen dut poesia idazten dugunok beti garela apur bat hasiberriak, ez dakizu hurrengo aldarte poetikoa noiz helduko den, eta emaitzarik emango ote duen. Beti izango gara hasiberriak».
Zeru-lurren liburua-ren inguruan esan du, bestalde, duela bospasei hilabete sariketara bidali zuenetik ez duela berriro irakurri, eta, beraz, «buruan fresko» ez badu ere, azken bolada luzean heldutako bideei segitzen dien lana dela. «Azken hamar urteetako ardatz nagusiak daude hemen ere: natura, gizakia, eta gizakia eta naturaren arteko harremana. Kasu honetan, esango nuke lehenengo pertsonan agertzen dela gizakiaren errepresentazioa, poetaren begietatik». Eta askoz gehiago ere ezin esan, poesiarekin «azalpenek eta sailkapenek» ez baitute askorako balio, egilearen ustetan. «Poema irakurri eta zer edo zer esaten badizu, ongi; bestela hartu beste liburu bat, eta listo. Zaila da poema bat azaltzea, oso zaila».
Guztira, 38 euskarazko lan
Gaur egin dute aurtengo saridunak iragartzeko ekitaldia, Irunen (Gipuzkoa), eta hantxe egingo dute sari banaketa ere, azaroaren 24an. Liburuen argitalpenaz aparte, Lasak 20.000 euro eta garaikurra jasoko ditu; eta Gerediagak, 15.000 euro eta garaikurra. Lehenaren kasuan, Jon Martin Etxebeste, Joxe Mari Iturralde eta Arantza Urretabizkaia aritu dira epaimahai lanetan, eta Joxean Agirreren Gizon barregarriak lanari aipamen berezia ere egin diote. Poesian, bestalde, Lourdes Otaegik, Ibon Egañak eta Felipe Juaristik osatu dute epaimahaia.
Bi urtean behin banatzen dira Irun Hiriko Kutxa Literatura sariak, eta aurten, guztira, 331 lan jaso dituzte, horietatik 38 euskaraz. Zehatzago, jasotako lanen artetik, 182 gaztelaniazko eleberriak izan dira, 111 gaztelaniazko poesia lanak, 21 euskarazko eleberriak eta 17 euskarazko poema bildumak.
Gaztelaniazko aurtengo saridunak Martha Asuncion Alonso (Cartas a Nensi) eta Andres Garcia Cerdan izan dira (Equipos de respiración subacuática), eleberrian eta poesian, hurrenez hurren.