Iritzia

Xabier Gereñoren Heriotza

Xabier Kintana Urtiaga.
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Atzo goizean, apirilaren 8an, berri ertuna heldu zitzaigun: Xabier Gereño Arrarte hila zen. Xabierrek, Bilbon 1924an jaioak, aurtengo abuztuan beteko zituen 87 urte.Ama txikitako euskalduna zen, eta aita, arabar jatorrikoa, euskaldun berria, pertsona jator eta euskaltzale porrokatuak biak, eta beren seme-alaba guztiengan herriarenganako maitasuna txertatzen jakin zutenak, euskararekikoa bereziki.

Ekonomia ikasketak egin zituen, eta kontularia izan zen bizibidez. Baina bihotzak beti Euskal Herriaren alde jokatzera eraman zuen, garai hartan erabat zapaldurik zeuden kultur agerkerak aupatzera. Herri musika eta folklorea bultzatzeko, Txistulari eta Dantzari izeneko aldizkarietan hasiera-hasieratik parte hartu zuen. Ikastolen sorreran ere ibili zen, eta haur txikien premiei erantzuteko, ipuin errazak prestatu eta argitaratu zituen, kantu tradizional eta berrien diskoekin, Cinsa editoriala sortuz.

Garai hartan, Joan XXIII.aren Pacem in Terris entziklikaren eta berak eragindako Vatikanoko II. Kontzilioaren bidean, Don Klaudio Gallastegik San Antongo parrokian igandeetan euskaraz meza bat egitea erabaki zuen, Bizkaiko hiriburuan antolatu zen lehenbizikoa. Eta X. Gereño haren sustatzaile beroenetako bat izan zen. Hura gertatu zen Bilboko euskaltzale eta abertzale askoren biltoki: G. Aresti,A. Irigoien, S. Zubiri eta, nola ez, Gereñotarrak ere bai.

Gaur irrigarri irudi dakieke zenbaitzuei meza bat euskaltzaletasuna bultzatzeko aitzakia izatea, baina frankismopeko garai hartan hura ezusteko aurrerapausoa izan zen, ondoko belaunaldi batzuentzako abiapuntu.Gabriel Aresti berak ere izugarri miresten zuen Xabierren eta bere anaien adorea. «Gereñotarrak, eta Xabier bereziki, inurriak bezalakoak dira: beti lanean. Itxuraz txikiak, baina aldi berean nekaezinak. Oztopoa handia izan arren, hori gainditu behar dela argi ikusiz gero, hortxe jarduten dute, jo eta ke, hura birrindu arte».

Hirurogeita hamarren aldian, Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun antolatu zuen Batzarraren ondoren, Xabier Gereñok eta bereanaia-arrebek euskara batzeko proiektuaribaiezko biribila eman zioten, eta Xabierrek hainbeste artikulu eta hitzaldi egin zituen, jende batzuen artean batasunaz ziren errezeloak kentzeko. Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkarietan maiz idazten zuen.

Gaur egun euskal literaturak lortu duen maila ikusita, agian batzuek apalegi iritziko diote Xabier Gereñoren lumaren orduko euskal emaitzari. Baina halakoek pentsatu beharko lukete, neurri handiz, gaurko idazle handien irakurle ez gutxi Xabierren behialako nobela xume eta erraz haietan hasi zirela beren lehen pausoak euskal letretan ematen. Argi zekusan Gereñok erdaraz ongi beterik zeuden arlo oinarrizkoenak ere hutsik zeuzkala oraindik gure euskarak: euskal loteria-jokoa, haurrentzako ipuinak, nobelatxo errazak, oinarrizko lexikodun irakurgaiak, Bizkaiko euskaratik abiaturik euskara batuaren hondartzan oinak bustitzen hasten ziren irakurleentzako materialak, umore-gaiak, protagonista jakineko nobelak (Jurgi kapitaina, Kikili eta Kokolo...), bai eta egunerokotasunean oinarrituriko istorioak ere: Andereño (1975), Gadafi hiltzeko agindua (1987), Jomeiniren paradisuan (1988), Kuwait-en harrapatuak (1991), Drogen munduan (1991), Pateran etorria(2002), adibidez.

Durangon 1965ean euskal liburu eta disko azoka antolatzen hasi zenetik, hastapenean Andra Maria elizaren arkupe zabalean, hantxe izaten zen beti, bere senideekin, Xabier Gereño, bere euskal emaitzak euskal jendeari eskaintzen. Gogoan dut behin, hantxe ginela, R. Saizabitoriari zorionak eman genizkiola bere azken eleberri bikainagatik. Berak, ordea, ironia umoretsuaz honela erantzun zigun: «Eskerrik asko, adiskideok, baina, halere, gehien eta ondoen saltzen direnak, Xabier Gereñoren liburuak dira».

Merezimendu horiengatik, eta guztiak banan-banan aipatzea luze joko liguketen beste askorengatik ere, Euskaltzaindiak Xabier Gereño euskaltzain urgazle izendatu zuen 1965ean, bai eta urte batzuk geroago, 1998an, ohorezko euskaltzaina ere. Euskaltzaindiaren ekonomia-kontularitza bere gain izan zuen 1980etik 1988ra. Bere emazte eta lagun zintzoa 1990ean hil zitzaionetik, Xabier Gereño pertsona nagusien egoitza batean bizi izan da, baina idazteari eta kultur ekintzak antolatzeari behin ere utzi gabe.

Egia da, egun ere, gure herriarentzat berri guztiak ez direla beti pozgarriak izaten, eta aldizka oraindik hodei ilunen batzuk susma ditzakegula horizontean. Horiek, ordea, ez dira ezer Xabierrek bere gaztaroan egunero ikusi behar izan zituen ekaitz beldurgarriekin alderatzen baditugu. Halere, euskararen aldeko borrokan berak ez zuen behin ere etsi, eta lanean segitu zuen.

Xabier Lizardik bere seme hil berriaz idatzi zuen poemaren izenburutik atera dut nik neure oraingo hau, era guztietako sentimendu, amets, helburu eta lankidetasunean oso hurbil izandako adiskide maite eta miretsia gogoratzeko. Izan bitez lerro xume hauek haren oroitzapenaren goresgarri, eta bihoazkie beraren seme biei eta anaia-arrebei nire doluminik sentituenak. Haren ahalegin nekaezinaz bere herriko lur onean ereindakoa, zorionez, non-nahi ari da gaur ernetzen, etorkizun euskaldunagoaren iragarle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.