Xabier Elorriaga eta Liliana Cavani omenduko ditu Zinebik

Euskal Herriko inoiz baino film gehiago lehiatuko dira zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko jaialdianAlondegian egingo dira emanaldiak, lehenengoz, azaroaren 11tik 18ra bitarte

Jon Garañoren Urrezko eraztuna film laburra, Kirmen Uriberen izenburu bereko poeman oinarritua. Z / BERRIA.
Bilbo
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Aurten jaso ditugun Euskal Herriko filmen kalitatea benetan ona izan da. Horregatik, inoiz baino gehiago sartu ditugu nazioarteko lehiaketan», nabarmendu du Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariak. 53. zinemaldia berrikuntza batekin dator. Estreinakoz, emanaldi eta jarduera gehienak Golem zinema aretoetan eta Alondegiko auditorium nagusian egingo dituzte. Urtero legez, baina, Arriagak tarte berezia izango du jaialdian. Ohorezko Mikeldi saria bertan jasoko dute Xabier Elorriaga aktoreak eta Liliana Cavani zuzendariak.

Del Riok adierazi du aurten 82 herrialdetako ekoizpenak heldu zaizkiela. Ezohiko lekuetatik iritsi zaizkienen artean aipagarri dira Malaysia, Hegoafrika eta Zeelanda Berria. Aldi honetan 3.021 film jaso dituzte, eta 73 aukeratu Sail Ofizialerako. Horietatik 11 Euskal Herrikoak dira.

1. Labeleko uzta oparoa

Euskal Herriko ordezkarien artean aipagarri da Jon Garañorenlan berria, Kirmen Uriberen Urrezko eraztuna poeman oinarritutako film laburra —80 egunean zuzendu zuen Garañok, Jose Mari Goenagarekin—. «Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez zezan» berbek girotutako istorioari Mikel Urdangarinek jarri dio musika. Gregorio Muro hernaniarrak, berriz, Zeinek gehiago iraun hamabi minutuko animazioko film laburra aurkeztu du lehiaketarako. Kimuak egitasmorako hautatua dute dagoeneko. Haurtzaroko joko batek markatutako mutil bati buruzko istorioa eraiki du Murok. Komikigilea, telebista eta zinema gidoilaria eta zuzendaria da. Haritz Zubillagak She's Lost Control egin du, ingelesez; etsita dabilen andrazko baten istorioa da. Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarrak La casa del lago thrillerra dakar jaioterrira. Martxelo Rubio eta Joseba Apaolaza aktoreak dira protagonistak. Roberto Castonek, Bilboko Zinegoak jaialdiko eta Ander film luze ezagunaren zuzendariak, Errudun sentitzen naiz film laburra dakar Zinebira, ezinezko maitasunak sortzen duen errudun sentimenduari buruzko istorioa. Ivan Casok Landetan filmatutako lan bat erakutsiko du: Muy Cerca. Hondartzarako bidean bi semeekin doan emakumezko bati gertatutakoa. Por los camareros lanean, taberna kontuekin datoz Javier Etxaniz eta Gregorio Muro. Euskal zinemaren atala osatzen dutenen artean daude Jose Muniain zinemagile bilbotarraren December, Roberto San Sebastianen Agujero, Jon Aitz Urrutxiren Una última bala eta Niko Vazquezen Cuatro estaciones. Vazquezek lau aldiz hasten den istorio bat aurkeztuko du. Protagonista haur afrikar bat da, eta tartean, istorioa girotuz, igel bat eta SMS bat ageri dira.

2. Ohorezko Mikeldiak

Jaialdia hasteko, omenaldi bat egingo diote azaroaren 11n Xabier Elorriaga aktoreari. Inaugurazio ekitaldian Ohorezko Mikeldi sarietako lehena jasoko du. Elorriaga 80ko hamarkadan euskal zinema berria deitu zenaren protagonistetako bat da. Imanol Uriberen Segoviako ihesa eta Mikelen heriotza eta Alfonso Ungriaren Albaniako konkista filmetan hartu zuen parte, besteak beste. Luis Santiago Zinebiko programatzaileak Xabier Elorriagaren lan ibilbidea nabarmendu du. Eta gogoratu du «oso ibilbide azpimarragarria» egin duela «Espainiako eta nazioarteko» zinema eta telebistako ekoizpen garrantzitsuetan; TVEko Águila roja arrakastatsuan, besteak beste. Ohorezko bigarren Mikeldi saria Liliana Cavani zinemagile italiarrari emango diote, amaiera ekitaldian. Santiagoren arabera, Cavanik zinema inkonformista, eztabaidatua, inolako dogmatismorik gabea, «oso bitxia» eta adierazpen intelektualez eta estetikoz betea egin du. Zinema modernoko aktore garrantzitsuenetako batzuen zuzendari izan da Cavanik, eta heroi anti-heroikoen antropologia«ikusgarria» eraiki du bere filmetan. Zinebin haren hiru lan nagusi ikusi ahal izango dira: Il portiero di notte (1974), Francesco (1989) eta Ripley's Game (2002).

3. Luc Moullet ezagutuz

Luc Moullet zinemagile, irakasle, kritikari eta saiakeragile frantses beteranoaren lanari ziklo bat eskainiko dio Zinebik. Nouvelle Vague mugimenduko intelektual interesgarrienetako bat da, baina gutxien ezagutu dena dela adierazi dute Zinebiko arduradunek. Cahiers du Cinéma aldizkariaren kolaboratzaile historikoa ere bada. Egileak berak aukeratu dituen film esanguratsuenen artean, honako hauek ikusi ahal izango dira: Genèse d'un repas (1878), La comédie du travail (1987) eta La terre de la folie (2009).

4. Zinema palestinarra

Gutxi ezagutzen da Palestinako zinema, eta Zinebik arreta berezia jarri die aurten Palestinako zinema produkzioaren zenbait alderdiri eta nazioarteko zenbait egilek Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren inguruan egin dituzten filmei. Inspirazio politiko argia eta salaketa eta propaganda asmo garbia duten lanei, alegia. Subversive Films ekoiztetxe palestinarraren laguntzaz zinemagile hauen lanak izango dira Bilbon: Mustafa Abu Ali, Qais Zubaidi, Mohammad Malas, Jean-Luc Godard eta Anne-Marie Mieville, Collectif de Vincennes eta Masao Adachi eta Koji Wakamatsu.

5. Eraberritze lana

Alvaro Arroba kritikari eta saiakeragile espainiar gaztea izango da Eraberritze lanengatik irekia. Zinemaren heriotzaren ondorengo fikzioak zikloko protagonista. Azken garaietako mundu osoko zineman oso bereziak eta ia argitaratu gabeak izan diren zenbait lanen inguruan duen interpretazio bitxia garatuko du. Erakusketa honek oso film abangoardistak eta arauetatik kanpokoak jasotzen ditu. Filmen egileak honako hauek dira: Mariano Llinas zinemagile argentinarra, Anthony Sherad Sanchez filipinarra, Albert Serra katalana eta Giulio Questi italiar beteranoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.