Hilberria

Xabier Castillo 'Xeberri', abeslari eta bikoizle durangarra

73 urterekin hil da. Gontzal Mendibilekin batera kantuan aritu zen 1970eko hamarkadan, eta gero bikoizketa lan ugari egin zituen. Ezagunena, agian, 'Dragoi Bola'-ko Yamtxa pertsonaiarena.

Xeberri, artxiboko irudi batean.
Nagore Arin.
2021eko irailaren 10a
11:06
Entzun

Xabier Castillo Xeberri abeslari eta bikoizle durangarra (Bizkaia) 73 urte zituela hil da. Abeslari gisa egin zen ezagun: 1973. urtean bakarkako disko bat kaleratu zuen, eta Iparragirreren hitzekin egindako lehen lana izan zen. Ondoren, Gontzal Mendibilekin batera aritu zen harat eta honat, eta 1976. urtean Zaurietatik dario lana grabatu eta plazaratu zuten. Lan horren parte da Kapitalismoak pieza:

IZ diskoetxeak kaleratu zuen lan hura, eta Castillorekin eta Mendibilekin batera, Carlos Montero, Asier Loroño, Jose Oliver eta E. Duarte musikariak ere parte hartu zuten diskoan. Behin lana plazaratuta, urte eta erdiz plazaz plaza aritu ziren biak ala biak, eta guztira 200 kontzertutik gora eman zituzten, besteak beste. Gero, banandu egin ziren haien bideak, eta biek beren proiektu pertsonalekin jarraitu zuten.

Castillo bikoizketaren munduan murgildu zen, eta aurpegi ezagun askoren ahots eta emozio iturri izan zen urte luzez. Ezagunenetako bat, agian, Dragoi Bola marrazkietako Yamtxa pertsonaia da: haren ahotsa bikoiztu zuen, eta hasierako Goazen lagunok! aurkezpen kantu ezaguna ere hark abesten zuen. Horrez gain, beste hainbat pertsonaiaren ahotsa ere izan zen; izan ere, lanbide horretan aritu zen 30 urte inguru.

Jende askoren samina eragin du albisteak, eta sareetan ere mezu ugari jarri dituzte haren oroimenez eta omenez. Unai Iturriaga bertsolari, idazle eta marrazkilariak, adibidez, ondorengo testu honekin agurtu du Xeberri: «Gure belaunalditik aurrerako askorentzat Dragoi Bolako eta beste hamaika lanetako bikoiztailearen ahotsa hil da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.