Atzera ere, asteburu kulturala antolatu dute Zornotzan (Bizkaian); bihartik igandera eginen dute aurtengo aldia. Edizio honek kantua izanen du ardatz, eta, besteak beste, Xabier Amurizari omenaldia egiteko baliatuko dute egitasmoa. Zehazki, larunbaterako prestatu dituzte bertsolaria goratzeko ekintzak. «Xabier, benetan sinetsita gaude zorretan gaudela zurekin, eta eskaini diguzun guztiagatik aitorpen xume bat egin beharrean gaude», adierazi dute antolatzaileek, hitzok Amurizari zuzenduz. Amurizak eginengatik «harro» direla nabarmendu dute, batik bat.
Goizean, antzezlan bat izanen da Bizkargin, Autzaganen,Torreburun eta Etxanoko elizan barrena, Amurizaren Bizitza bat oroimenean liburuko pasarte batean oinarrituta. Brioletak abesbatza ere ariko da horren hondarrean. Bideo bat emanen dute gero, eta herri bazkaria ere egonen da. Ondotik, kantaldia izanen da Eneko Larruzearekin.
Iluntzean, Soinu Txikie taldeak emanaldia eginen du Amorebieta IV. frontoian. Azkenik, 21:30ean hasita, musika ikuskizuna izanen da bertan. Herriko musikariak ez ezik, artista hauek ere ariko dira: Jon Maia, Asisko Urmeneta, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala eta Ibai Ibarretxe.