«Duela lau urte, 5Gora eta Elkar diskoetxeak elkartu egin ginen, Xabiren trikitia ikasteko metodo ludiko-didaktikoa argitaratzeko». Hitz horiekin gogoratu du Andres Kamio Elkar etxeko ordezkariak Xabi Solano Maiza musikariarekin (Hernani, Gipuzkoa, 1978) hasitako bidea. 5Gorak atera zuen lehen liburua lehenago, eta trilogiako bigarren partea ateratzeko gehitu zitzaion Elkar proiektuari, Trikitixa Liburua II izenekoa kaleratzeko, eta orain aurkeztu dute azken atala. Aurreko bietan bezala, hainbat piezaren partiturak bildu ditu Solanok Trikitixa liburua III lanean, solfeo metodoan eta zenbaki metodoan. Hala, kutsu herrikoia duten zortzi pieza eta Solanok berak sortutako beste hamahiru jotzen ikas daiteke liburuaren bitartez.
Disko batekin osatu dute bilduma: Solano anaiarrebak. Zaharrak berri. «Tradizionalagoa» deitu duen musikaren aldeko apustua egin du disko horretan trikitilariak, eta partituretako «kutsu herrikoiko» zortzi piezak grabatu ditu. «Bere garaian esan nuen hiru liburu aterako nituela, eta hementxe azkena. Jende pila batek eskatu izan dizkit abestien partiturak, eta nire hainbat diskotakoak sartu ditut azken honetan, trilogia osatzeko falta zirenak». Dantza zati bat dago, adibidez, horien artean, eta Sueño de color, eta Etzakiten fandango eta arin-arinak, eta Esne Beltzaren Quién manda... Taldearen azken diskoko hainbat kantaren partiturak ere badaude: Aukeran, Zut, Nei... «Hamahiru abestiren partiturak dira. Eta azken liburua zenez, txikitan ikasi nituen kantu batzuk ere sartu nahi izan ditut, asko galtzen ari direla iruditzen zaidalako. Badago hor fandango zahar bat, adibidez, oso zaharra, bai partituretan eta bai CDan sartu dudana».
Hala, diskoko zortzi abestietatik lau zaharrak dira, eta beste lauak Solanok berak asmatutakoak, «baina zahar kutsuarekin». Abesti berrietako bi Jon Garmendia Txuria-ren hitzekin jantzi ditu, ohikoa duen bezala. Askatasunaren besoetan eta Ermita baten aurrean dira kantok. «Trikitia eta porrusalda batzuk ere badaude, eta horregatik diskoaren izena».
Solanok bere arreba Kristinarekin batera grabatu ditu piezok, bere etxeko Anttonenea estudioan. Haiekin batera, Ander San Jose aritu da, panderoarekin. «Hiruron artean egin dugu grabaketa guztia. Eta estudioan, teknikari fin bat izan dugu laguntzen: Aitor Saizar. Nahasketa Esne Beltzako teklista Peio Gorrotxategik egin du, Aieka estudioan, eta masterizazioa Elkarren egin dugu».
Aurreko bi liburuetan baino abesti gehiago dago hirugarrenean, Kamiok zehaztu duenez, eta trilogiaren ekarpena ere laburbildu du: «Hiru liburuetan, guztira, 47 partitura bildu ditu Xabik. Horietatik 22 kantu berriak dira. Eta bi disko berri ere plazaratu ditu».
Irudiaren garrantzia
Xabi Solanok 1998an atera zuen lehen diskoa, Etzakit taldearekin. The Solanos eta Esne Beltza bandak etorri ziren gero, eta 2014an argitaratu zuen Trikitixa Liburua, bere ibilbideko hainbat pieza ezagunen partiturekin: Etzakiten sasoiko Izar Iheskorra eta Maria Iñaxi, Esne Beltzaren Gotti eta X, eta trikitilarien artean zabalkunde gehien izan duten Esne Zopak diskoko Pasodoble, Inpernuko eta Baltxekua.
Bi urte geroago egin zuen Trikitixa Liburua II. Trilogiako bigarren ale hark, aurrekoak bezala, solfeoko partiturak eta partitura zifratuak biltzen zituen, baina bazekarren aldaketarik: liburuaren osagarri, Ereñotzu diskoa argitaratu zuen, hamabost pieza berrirekin. Piezok bazuten ezaugarri berezi bat, gainera: denen artean, Solanoren autobiografiaren hari moduko bat osatzen zuten.
Disko haren grabaketan, Kristina Solanoz gain, Kepa Junkera, Joxan Goikoetxea, DZ eta Arkaitz Miner aritu ziren, eta Txuria-ren hitzak musikatu zituen trikitilariak. Lan hartan, irudiak garrantzi berezia zeukan; baita aurkeztu berri duten lanean ere. Izan ere, hainbat argazkilariren irudiak ikus daitezke Trikitixa Liburua III-n: Gaizka Peñafielenak dira gehienak, baina badira Ikor Kotxenak, Josetxo Perezenak, Saioa Gau Ilunakenak eta Jon Iraundegirenak ere.
Xabi Solano trikitilariak azken puntua jarri dio partituren trilogiari
'Trikitixa Liburua III' plazaratu du Solanok 5Gora eta Elkar argitaletxeekin. Hogeita bat piezaren partiturak bildu ditu. 'Solano anaiarrebak: Zaharrak berri' diskoarekin osatu du liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu