Zortzi urteren ostean, zortzigarren diskoarekin itzuli da Pantxoa Bergara Xabaltx musikaria (Zuraide, Lapurdi, 1969), eta zortzi abestirekin osatu du lana. Norabide xuriak jarri dio izena, eta Belarri diskoetxearekin plazaratu du. Zortzi zenbakia sarri errepikatu den arren, ez du esangura berezirik; bai, ordea, naturaren eta gizakiaren arteko lotura «hauskorrak».
Hain zuzen, Nafarroako ingurune menditsuan bizi da musikaria, Baztan bailarako Bertiz parke naturalaren ertzean zehazki, eta horrek distantzia batetik begiratzeko abagunea eman dio: «Hain urrun, baina aldi berean, hain hurbil. Joko horretan sartuta aritu naiz, eta horretan oinarritu dira nire pentsaketak». Hortaz, diskoa «intimoa» eta «irekia» dela adierazi du.
«Intimoa», haren «bihotz barnetik» irtendako hitzak eta doinuak direlako; «irekia», berriz, denon begi bistan dagoen zerbaiti erantzuten diolako. «Mendian bizi izanki, gero eta bistaratuago dut klima larrialdia. Ekaitzak gero eta bortitzagoak dira, eta izugarrizko tristura sentitzen dut milaka zuhaitz lurrean ikustean». Denboraren eta eguraldiaren bizkortzeaz ohartarazi du, eta hori gertutik sentitzen du, bertan bizi baita. «Hemen gauzak gelditu nahi baditugu, ikaragarri kostako zaigu. Sekulako indarra egin behar dugu aurkako noranzkoan joateko, bai norbanakoek, bai gizateriak, bai politikariek». Ezinegon eta kezka horiek oinarrian hartuta sortu du diskoa.
Naturarekin bat egiteko kantuak
Zortzi hausnarketa poetiko sortu ditu naturarekin bat egiteko. «Iguzki gira argi ilunen garaian» abestuz hasi du diskoa, Iguzki gira lehen kantuan. Horren ondotik da Bekatua baserrian, eta bertan, zalantza existentzialak modu metaforiko eta dibertigarrian lantzen ditu, musikariaren hitzetan.
Intimitatea kantuak naturaren eta izakiaren arteko lotura du ardatz, eta, musikalki ez ezik, irudiz ere adierazi du; izan ere, abesti horri bideoklipa ere egin dio. Horretarako, Odei Barroso artistarengana jo du, mundu berean ibili ez arren sentsibilitate artistiko «handiko» kidea delako: «Niretzat apustu bat izan zen hari proposamena egitea, baina, onartu bezain pronto, banekien dena bere esku utz nezakeela. Hura izan da jaun eta jabe errealizazioan. Dudarik gabe, bere ukitu artistikoa maite dut, eta banekien gauzak ongi eginen zirela».
Ikusi zintudanean laugarren abestian, exodoaz hitz egiten du Xabaltxek, eta bosgarrenean, gauez eta egunez amets egitera gonbidatzen du entzulea; hortik izena, Amets. Ondoren, Norabide xuriak kantua dago —diskoaren izen bera duena—. Musikariak argitu du gero eta unibertso «desmaterializatuago» batean erabakiak hartzeko izaten diren zailtasunez mintzo dela. Jarraian, Ele ixilak piezan, komunikatzeko zailtasunak ditu hizpide, eta Leihoak azken abestian, berriz, belaunaldien arteko gaizki-ulertuak.
Bakarrik ez, lagunekin bai
Gitarra akustikoa eta elektrikoa ez ezik, teklatua eta bateria ere entzuten dira diskoan. Horiek guztiak ez dira Xabaltxen eskutik bakarrik etorri. Ondoan, «aspaldiko musika lagunak» izan ditu: Jokin Irungarai (bateria, perkusioa eta ahotsa), Xabi Leon (pianoa eta ahotsa) eta Patrice Tetevuide (gitarra elektrikoa eta akustikoa). «Arrats lan goxoa izan da; dudarik gabe erran zidaten baietz».
Tetevuiderekin eta Leonekin aurrez lan egindakoa zen Xabaltx, baina Irungarairekin aritu den lehen aldia izan da: «Jokinekin [Irungarai] aritzeko gogoa nuen, zeren eta biziki gustuko baitut berak duen euskal kultur jakintza. Banekien emankorra izanen zela».
Irudietatik eratorritako izenburua
Hitzetik baino, irudietatik bururatu zitzaion Xabaltxi diskoaren izenburua. «Azalaren marrazkia egiten hasi nintzenean, gauza irekiak irudikatzen nituen; izan ere, kantu horiek giza istorioak dira».
Musikariaren aburuz, norbanako bakoitzak istorio bat duen antzera, norabide bat ere badu, «idatzi gabea» dena. Horregatik erabili du lau norabideetara zuzentzen den iparrorratza. Horri zodiakoaren hamabi sinboloak gehitu dizkio, gizakia bere «osotasunean» hartzeko xedez. Bestalde, «ezinbestean» gehitu behar izan dio zuhaitza, bizitzaren adierazle.
«Eta gero, zergatik xuriak?» jarraitu du Xabaltxek. «Paper zuri batean edo pantaila zuri batean dena idazten ahal da, nahi dena marratu. Orduan, norabidearekin kolore zuria lotzea naturala iruditu zait».
Trilogia osatua
Diskografia oparoa du Xabaltxek, eta azken hau trilogia baten partetzat hartu du: «SMS galduak (2005) eta Cymeus (2009) diskoen jarraipen bat da, badutelako ildo edo hari bat, soinuari, ekoizpenari eta gaiei dagokiena». Hiru horien beste harietako bat Pascal Garmendia izan dela ere nabarmendu du. Hain zuzen, hura izan da disko horien guztien ekoizle artistikoa.
Azken lana osatzeko, lau urte igaro ditu musikariak: «Ez naiz beti diskoarekin lanean aritu. Ene burura, ene bihotzera eta ene garunera momentuka heldu dira ideiak, eta horren baitan osatu dut».
Euskal Herriari kantuan
Disko berria aurkezteko kontzertuei dagokienez, Lapurdiko bi data aurreratu ditu: hilaren 23a eta martxoaren 16a. Lehena Les Ecuries de Barojan antolatutako lau eguneko egonaldi artistikoan izango da, Angelun. Bigarrena, berriz, Urruñan, ikastolaren aldeko festan.
«Jokinek [Irigarai], Xabik [Leon], Patricek [Tetevuide] eta laurok Hegoaldean ere erakutsi nahi dugu bihotz handi batekin zer egiten dugun»
XABALTXMusikaria
Nolanahi ere, Hego Euskal Herrira heltzeko dituzten zailtasunak aintzat hartuta, bertako kultur antolatzaileei mintzatu zaie Xabaltx: «Jokinek [Irigarai], Xabik [Leon], Patricek [Tetevuide] eta laurok Hegoaldean ere erakutsi nahi dugu bihotz handi batekin zer egiten dugun». Horretarako, musikariak bere sare sozialak jarri ditu eskura, baita Belarri diskoetxearen atarian kontsulta egiteko aukera gogorarazi ere.