Loak taldea, sormen prozesua ez etetearen fruitua

Duela bi urte inguru urte sortu zen Loak taldea, Legazpin. Urtarrilean kaleratu zuten lehen diskoa: 'Bi ertz'. Pop eta rock doinuak uztartzen dituzte.

Txutxi Calvo, Asier Diez, Jose Llamazares, Joxe Arizkorreta eta Edu Gil, Loak taldeko kideak. GORKA GOMEZ
Txutxi Calvo, Asier Diez, Jose Llamazares, Joxe Arizkorreta eta Edu Gil, Loak taldeko kideak. GORKA GOMEZ
Amaia Jimenez Larrea.
Legazpi
2025eko apirilaren 26a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Kanpotik entzuten da Subeltza guneko bateria hotsa, barrura sartzean are ozenago. Legazpiko (Gipuzkoa) musika taldeen topagunea da, talde bakoitzak entseatzeko areto txiki bat baitu bertan. Loak taldeko Joxe Arizkorretaren eta Asier Diezen bigarren etxea bihurtu da ia azken hilabeteetan; izan ere, entseguetan murgilduta dabiltza. Barrura sartu, eta entseatzen ari den beste talde bateko bi kide agurtu dituzte biek ala biek. «Goazen gure lokalera: lasaiago egongo gara», esan du Arizkorretak. Taldearen txokora iritsi, atea itxi, eta bateria hotsak baretu dira.

Loak taldekoek urtarrilean atera zuten lehenengo lan luzea, Bi ertz, eta aurkezpen kontzertuetan murgilduta dabiltza. Edu Gil (gitarra eta ahotsa), Jose Llamazares (gitarra) eta Txutxi Calvo (saxoa eta ahotsa) aritzen dira Arizkorreta (bateria) eta Diezekin (baxua) batera.

Euskal pop & rolla. Diskoaren azalean argi azaltzen du taldeak zer estilo jorratzen duen. Hala ere, Bi ertz-en askotariko doinuak topatu daitezke. Arizkorreta: «Denetarik dago: balada batzuk, doinu biziagoak... Rocketik badu, baina aldi berean poperoa ere izan daiteke, soinu dantzagarriak ere baditu eta». Zortzi kantak osatzen dute diskoa.

Lan laburra lehenik, diskoa gero

Herriko musika eskolan sortu zen taldea, kideek klaseak hartzen baitituzte han. Hain zuzen, ikasleekin talde txikiak sortzen dituzte, eta haiek ere halaxe egin zuten. Llamazares eta Gil izan ziren talde horretako kideetako bi. Bateria jotzaileak taldea utzi, eta orduan sartu zen Arizkorreta. Gerora, beste aldaketa batzuk izan ziren, eta Calvo eta Diez izan ziren sartzen azkenak, hurrenez hurren. 2023tik ari dira egungo bost kideak elkarrekin.

Helduak dira taldekide guztiak. Denek izan dute esperientziaren bat musikaren munduan, izan etxean instrumenturen bat jotzen, izan herriko musika bandan, edo izan beste talderen batean. Adinak ez ditu kikildu talde bat sortzeko orduan. «Nork esango luke, orain, 40 urterekin, talde batean jotzeko aukera izango nuela», esan du, barrez, Diezek. Arizkorreta ere gustura da: «Gaztetu egiten gaitu taldeak».

«Diskoan denetarik dago: balada batzuk, doinu biziagoak... Rocketik badu, baina aldi berean poperoa ere izan daiteke, soinu dantzagarriak ere baditu eta»JOXE ARIZKORRETAMusikaria

Hasieran, bertsioak jotzen zituzten, ez baitzuten kantu propiorik. Baina, denboraren poderioz, horretan hasteko gogoa piztu zitzaien. «Zorionez, taldeko kide batzuk sortzaileak dira», aipatu du Diezek; Arizkorretaz ari da —hari begira esan du hori—. Izan ere, Arizkorreta da kantuak sortzen dituztenetako bat; Gilek eta Calvok ere egiten dituzte.

Nork bere etxean landu, eta entseguetara eramaten dituzte kantu proposamenak. Kideei aurkeztu ondoren, tarte bat hartzen dute —hurrengo entsegura arte— pieza hori aztertzeko. Behin hori eginda, proposamenari forma ematen diote pixkanaka, Arizkorretak aipatu duenez.

Lau kanta ondu zituen Loak taldeak hastapenetan, eta lan labur bat kaleratu. Denborak aurrera egin ahala, kantu gehiago sortu eta landu zituzten. Zehazki, beste lau abesti prestatu, eta Bi ertz diskoa osatu zuten aurretik zituzten lau horiek gehituta.

Esperimentatzea

Lehen labur hori «esperimentala» izan zela kontatu du bateria jotzaileak. Irurako (Gipuzkoa) estudio batean grabatu zuten, taldekide guztiek batera, kontzertu bat izango balitz bezala. Baina, hori dela eta, zailtasunak izan zituzten grabatutako kantuak editatzeko. «Hortik aurrera sortu ziren abestiekin ikusi genuen egokiagoa zela estudio batean behar bezala grabatzea».

«Axularrek [Arizmendi] ere asko lagundu zigun: izugarri eman dio gure lanari»ASIER DIEZMusikaria

Mutrikuko Ame estudioan (Gipuzkoa) grabatu zuen taldeak Bi ertz, Axular Arizmendirekin. Diezek lehen aldia zuen estudio batean, eta oroitu du asko ikasi zuela. «Axularrek ere asko lagundu zigun: izugarri eman dio gure lanari». Buruan ideia jakin bat zutela joan ziren Loak-ekoak estudiora, baina Arizmendik proposamen batzuk egin zizkien, lana hobetzeko. Arizkorreta: «Proposamenak jaso genituenez, egokitzapen prozesu bat egin behar izan genuen».

Lan laburraren grabaketa baino luzeagoa izan zen diskoarena, besteak beste, taldekoak ez ziren musikari batzuek ere parte hartu zuten eta: Ander Martinez aritu zen pianoan, Sergio Muñoz biolina jotzen, eta Mikel Gordoa harmonika jotzen. Bi kideek «luxutzat» jo dute musikari horiekin elkarlanean jardun izana.

 

Egunez egun

Diskoa atera ondorengo lehen aurkezpen kontzertua Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa) eman zuen Loak taldeak. Aurretik ere hainbat kontzertu emandakoak dira. Taldeko kideak gustura dira zuzenekoekin, baita jendearen erantzunarekin ere: «Esango nuke jendea gustura dagoela: iruditzen zait diskoa erraza dela entzuteko», esan du Diezek.

Datozen hilabeteetarako badauzkate kontzertu batzuk hitzartuta, eta horiek prestatzen dabiltza —Tabernaz taberna tour deitu diote kontzertu sortari, emanaldietako asko tabernetan izango dira eta—. Hortik aurrerakoak? Batek daki: «Hitz eginda, behintzat, ez dugu ezer. Guk egunetik egunera egiten ditugu gauzak», aipatu du Arizkorretak. Sortzen jarraitu nahi dutela ere gaineratu du. «Loak ez gaitzala sormen prozesuan harrapatu», esan du txantxetan.

kontzertuak

  • Apirilaren 30ean. Legazpiko plazan (Gipuzkoa).
  • Maiatzaren 10ean. Zumarragako Urzubi tabernan (Gipuzkoa).
  • Maiatzaren 17an. Berrizko Aledi tabernan (Bizkaia).
  • Ekainaren 13an. Zumarragako Huts tabernan (Gipuzkoa).
  • Ekainaren 20an. Abadiñoko jubilatuen elkartean (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.