Nostalgikoenek, akaso, 2024aren balantzea egiten pasatu dituzte egunok: «2023a baino hobea izan al da? 2022a baino emankorragoa?». Badira, ordea, urtea hasi orduko, hark zer ekarriko duen jakin-minez daudenak ere: «Zer ekarriko ote dit 2025ak?». Bada, kultura arloari dagokionez, bederen, BERRIAk egingo du lan hori irakurleen mesedetan: hona hemen datozen hilabeteetan Euskal Herrian egingo diren kultur ekitaldietako batzuen laburpentxoa.
Musika
Urteari bezala, eszenatokiei ere agur esango diete zenbait euskal taldek. Lehen agurra Esne Beltzarena izango da, otsailaren 1ean. 2023an iragarri zuen taldeak berria, hamazazpi urteko ibilbidea osatu ostean. «Lagun handiz inguratutako» festa bat egingo dute Esne Beltzakoek Bilbo Arenan. Besteak beste, hauek hartuko dute parte: Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao, El Canijo de Jerez...
Chill Mafiak, berriz, lan berria kaleratzearekin batera jakinarazi zuen taldea desegin egingo zela. Hain zuzen, joan den irailean iragarri zuen, Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida diskoa plazaratutakoan. Martxoaren 28an izango da Iruñerriko taldearen azken saioa, BECen. Azkena izanik, gogoangarria izan behar, eta ia hamar orduko festa bat prestatuko dute —20:30etatik 06:00etara—.
Gatibukoek ere BEC aukeratu dute azken kontzertua emateko. Abenduaren 13an izango da Agur esan barik birako azken geldialdia. 25 urteko ibilbidea osatuko du Gernikako taldeak (Bizkaia). Abenduaren 13rako sarrera guztiak salduta, abenduaren 6rako eta 12rako ere antolatu dituzte saioak.
Berrogei urteko ibilbidea ospatzeko, Fermin Muguruzak kontzertu bat iragarri zuen joan den abendurako, Bilbo Arenan. Sarreren salmentan izandako arrakasta ikusita, ordea, kontzertu bakan hori kontzertu bira bilakatu zen; bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Datorren hilaren 18an hasiko du nazioarteko bira. Bira itxiko duen kontzertua, berriz, Iruñean izango da: urriaren 4an, Nafarroa Arenan.
Agur esango dutenez gain, badira garai zaharrak gogoratzeko gogoz oholtzara igoko direnak ere. Sorotan Bele taldea martxoaren 3an elkartuko da berriro kontzertu bat emateko. Baionako Laugan izango da, eta sarrerak hemen daude eskura.
Musika jaialdien denboraldian, Zeid Fest Gaztea izango da lehena. Apirilaren 5ean egingo dute, BECen. Antolatzaileek talde guztien berri eman ez duten arren, batzuk aurreratu dituzte: Iseo & Dodosound, Betagarri eta Crystal Fighters. Iseo & Dodosound Iruña Rocken ere izango da —aurten data aldatu dute: maiatzaren 30ean eta 31n izango da—, Lendakaris Muertos, Koma eta La Mala Pekorarekin batera, besteak beste.
Ohi den moduan, Azkena Rock ekaineko hirugarren asteburuan izango da —19tik 21era—, Gasteizko Mendizabalan. Joan den azaroan iragarri zituzten bertan arituko diren taldeetako 22ren izenak; haien artean daude Manic Street Preachers, The Flaming Lips eta Lucinda Williams. Euskal taldeei dagokienez, esaterako, Libe eta Ezezez igoko dira Mendizabalako eszenatokira.
Jarraian, ekainaren 27tik 29ra, Euska Herria Zuzenean izango da. Bigarrenez egingo dute jaialdia Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea), iaz beste ziklo bati hasiera emango ziotela erabaki ostean. Aurten 29. aldia izango du. Urtero legez, Kobetamendik hartuko du BBK Live festibala. Dozenaka artista arituko dira bertan. Hona hemen batzuk: Kyle Minogue, Nathy Peluso, Mirua, Hofe x 4:40, Carolina Durante...
Festibalaren 30. aldiarekin bat eginez, Hatortxu Rock azken aldiz egingo dute, Lakuntzan (Nafarroa). Uztailaren 24tik 27ra izango da, zehazki. Antolatzaileek hasiera-hasieratik esan zuten «hilko zen jaialdi bat» izango zela, eta iritsi zaio ordua.
Jazzaren maitaleek ere izango dute lekurik aurtengo kultur eskaintzan. Uztailaren 14tik 19ra, Gasteizko Jazzaldia izango da, eta, egun batzuk geroago, Donostiakoa —uztailaren 22tik 27ra—. Gipuzkoako hiriburuko jaialdiko ordainpeko kontzertuen zerrenda jakinarazi zuten orain dela gutxi, eta, bertan izango dira, adibidez, Jamie Cullum, Marc Ribot eta Dee Dee Bridgewater.
Zinema
Estreinaldi datarik ez badute ere, 2025ean iritsiko dira zinema aretoetara Asier Altunak, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta, zuzendutako Karmele filma, eta Aitor Arregik nahiz Jose Mari Goenagak lau eskutara filmatutako Maspalomas.
Bestalde, datorren astelehenean izango da Urrezko Globoen gala, Beverly Hillsen (AEB). Euskal Herritik gertuago, Goya sariak otsailaren 8an izango dira, Granadan (Espainia). Zenbait euskal herritar izendatuta daude sariotarako. Filmetan, Arantxa Etxebarria bilbotarraren La infiltrada, eta Jon Garañoren eta Aitor Arregiren Marco. Besteak beste, zuzendaritza onenaren saria erdiesteko hautagaiak dira. Eneko Sagardoiren Betiko gaua film laburrak, berriz, fikziozko film laburrik onenaren saria irabazteko izendapenetako bat lortu du.
Oscar sariek 97. aldia izango dute aurten. Martxoaren 2an izango da sariak banatzeko ekitaldia, Hollywooden, beti legez. Sariren bat erdiesteko finalisten zerrenda abenduaren 17an kaleratu zuen akademiak, eta hilaren 17an jakinaraziko dute hautagai ofizialen zerrenda.
Kanpora joan gabe, Euskal Herrian ere egingo dituzte zinema jaialdiak; esaterako, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdia. Aurten otsailaren 24tik martxoaren 1era izango da. Zinegoak-ek 22. aldia izango du, LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdiak. Ekainaren 23tik 30era egingo dute, Bilbon. 2023, 2024 eta 2025ean ekoitzitako film luze eta laburrek parte hartu ahal izango dute bertan. Martxoaren 10era arte izango da lanak aurkezteko aukera.
Irailaren 19tik 27ra egingo dute Donostiako Zinemaldiaren 73. aldia. Urtez urte ikusle kopuruak gainditzea lortzen du jaialdiak; iaz 172.000 ikusletik gora bildu ziren —158.000 inguru izan ziren 2023an—.
Literatura
Hilaren 20tik 26ra bitarte egingo dute (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, Baztanen (Nafarroa). Aurten, Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza eleberria aurkeztuko dute, lan horrek erdietsi baitzuen 2023ko (H)ilbeltza beka. 1879ko gerran girotuta dago kontakizuna, Donostian. Aurkezpen horretaz gain, beste hainbat ekitaldi ere prestatu dituzte antolatzaileek; besteak beste, mahai inguruak, hitzaldiak eta dokumental baten proiekzioa.
Durangoko Azokak dozenaka bisitari hartuta itxi zuen 2024ko aldia. Aurten 60.ez egingo dute azoka; antolatzaileek oraindik ez dute jakinarazi zehazki zein egunetan egingo duten.
Bertsolaritza
2024a urte mugitua izan da bertsolaritzan. Araban eta Gipuzkoan bertsolari txapelketak jokatu dira, eta bietan emakumezko bat izan da garaile: Aroa Arrizubieta Araban, eta Alaia Martin Gipuzkoan. Aurten, Nafarroako eta Bizkaiko txapelketen eta Xilabaren txanda izango da.
Bestalde, hilaren 25ean Bertso Eguna izango da Lesakan (Nafarroa). Egun osorako egitaraua antolatu dute, eta gustu guztietarako bertso saioak izango dira. Arratsaldeko bertso saioan, Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Peru Abarrategik hartuko dute parte.
Arte eszenikoak
Euskal Herriko antzerki konpainia batzuentzat estreinaldi urtea izango da hau. Markeliñek bihar bertan taularatuko du lehen aldiz Zepo Zapo antzezlana. Zornotzako (Bizkaia) aretoan izango da, 17:30ean. Etzi ere izango dute emanaldia, 20:00etan. Ikuskizunean, gerrara joan den Zepok bera bezalako beste soldadu bat aurkituko du, baina etsaien aldean: Zapo. Keinu bidez antzeztuko dute Itziar Fragua eta Nerea Martinez aktoreek. Berrogei urte beteko dira aurten konpainia sortu zenetik.
Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango ditu protagonista Txalo konpainiaren lan berriak: Arizona. AEBek Mexikorekin duten mugan girotuta dago istorioa. Han topatuko dira George (Plazaola) eta Margaret (Garmendia); euren aberria arrotzengandik babesteko lana dute biek ala biek. Estreinaldia urtarrilaren 25ean izango da, 20:00etan, Barakaldo antzokian (Barakaldo, Bizkaia).
Dejabu konpainiak 2021ean aurkeztu zuen azken lana. Itzulera da euren proiektu berriaren izena, eta hilaren 18an taularatuko dute lehen aldiz, Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa). Konpainia bateko hiru kidek Mexikora egindako bidaia bat du ardatz antzezlanak; road movie eran kontatua da. Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar izango dira antzezleak.
Donostia Antzerki Sariaren 26. aldia izango da aurtengoa, eta, beti legez, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin —martxoak 27— bat eginez antolatu dute sariak banatzeko ekitaldia, Viktoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren ondoren, irabazleak bere obra antzezteko aukera izango du.
Maskaradak, berriz, hilaren 12tik martxoaren 30era bitarte egingo dituzte. Ia hiru hamarkadaren ondoren, Altzai eta Lakarriko (Zuberoa) gazteek izango dute haiek antolatzeko ardura. Astebururo emanaldi bat izango dute, guztira hamabi. Ohitura den moduan, lehen eta azken saioak antolatzaileen herrietan izango dira —Zuberoako beste hamar herri ere bisitatuko dituzte—.
Arte plastikoak
Donostiako Tabakalerak eta Kutxa Fundazioak antolatutako erakusketen programazioa aurkeztu dute dagoeneko. Kubo aretoaren 25. urteurrena ospatzeko, hiru emakume artistaren hiru erakusketa programatu dituzte. Lehena Maria Paz Jimenezen Misterioa argitzea izango da, eta otsailaren 7tik maiatzaren 18ra egongo da ikusgai. Maria Cuetoren Galkorra dena ehuntzea ekainaren 20an irekiko dute, irailaren 20ra bitarte. Maider Lopezen lanak urriaren 24tik 2026ko otsailaren 1era arte egongo dira aretoan. Hain zuzen, Lopezena erakusketa bikoitza izango da, data berberetan Tabakaleran ere erakutsiko baititu bere lanak.
Ines Medina artistaren ikerketa plastikoaren lagin bat hartuko du Gasteizko Artium museoak, otsailaren 28tik ekainaren 1era. Sailka antolatutako erakusketa bat izango da, eta Medinaren ibilbidearen lehen bi hamarkadak jasoko ditu. «Medinaren lanak errealitatea ezagutzeko tresna gisa defendatzen du artea, eta jarrera hori, neurri handi batean isildurik egon ondoren, indarrez defendatzen da gaur egun», azaldu du museoak bere webgunean.
Miren Arzalluzek martxoaren 1ean hartuko du Guggenheim museoaren zuzendaritza. Hori baino lehentxeago, otsailaren 2an, Tarsila do Amaral artista brasildarrari (1886-1973) eskainitako erakusketa irekiko dute. Bere herrialdeko artista modernistarik handienetako bat da. Helen Frankenthalerren (1928-2011) atzera begirakoa ere egingo dute Bilboko museoan: Araurik gabe margotzen izena jarriko diote erakusketari. 1953tik 2002ra hark egindako hainbat lan jarriko dituzte ikusgai. «Erakusketaren helburua zera da, Frankenthalerren praktika berritzailea nabarmentzea, haren bizitza pertsonal eta artistikoa markatu zuten adiskidetasun, kidetasun eta eragin artistikoen ikuspegitik», esplikatu dute Guggenheimekoek.
Maria Helena Vieira da Silvarena (1908-1992) izango da aurten museoan inauguratuko dituzten azken erakusketetako bat. Portugaldarrak estilo ugari uztartu zituen bere lanetan, baina, hala ere, koadroetan sortzen zituen espazio arkitektonikoetan jarri nahi izan dute begirada erakusketaren antolatzaileek: «Abstrakzioaren eta figurazioaren arteko harremana islatzen dute, benetako eta irudimenezko hiri paisaien arteko muga lausotu egiten baita haietan».