Gorputza ardatz hartuta egingo dute aurtengo Hitzen Lihoa jaialdia

Datorren astelehenetik ostiralera, mota askotako jarduerak egingo dituzte Oiartzunen. Aurtengo gaiari jarraituz, «galdera berriak planteatu» eta «elkarrizketa sustatu» nahi dute antolatzaileek.

Mari Luz Estebanek idatzi du aurtengo manifestua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mari Luz Estebanek idatzi du aurtengo manifestua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko azaroaren 2a
05:10
Entzun

Askotarikoak dira gorputzak, eta askotarikoak gorputzak irudikatzeko, sentitzeko eta ulertzeko moduak ere. Horiei guztiei egin nahi izan diete leku aurtengo Hitzen Lihoa jaialdian. Aurten zazpigarrenez egingo dute, Oiartzunen (Gipuzkoa), datorren astelehenetik ostiralera. Dantzaren, filosofiaren, artearen, antzerkiaren, argazkilaritzaren eta bertsoaren bitartez gorputzari begiratzeko aukera emateko helburua dute jaialdiaren antolatzaileek.

Aurtengo manifestua idazteko ardura Mari Luz Esteban idazleak izan du. Beste urte batzuetan herriko jendeak idatzi izan du manifestu hori, baina oraingoan aukeraketa Oiartzundik kanpo zabaltzea erabaki dute Hitzen Lihoaren antolaketako kideek. Estebani ez diote inongo mugarik jarri, eta nahiago duen formatu edo formatuetan aurkeztu ahal izango du manifestua. Asteazkenean egingo du aurkezpena, azaroaren 6an, 19:00etan, Landetxe aretoan.

Urtero, bai parte hartzaile moduan, bai eta ikusle moduan ere, adin askotako pertsonak biltzen saiatzen dira antolatzaileak. Hori dela eta, haurrentzako eta helduentzako jarduerak antolatzen dituzte. Esaterako, herriko helduen tailerretako margolaritza taldekoek erakusketa bat prestatu dute jaialdirako. Gorputza izan dute gai gisa euren lanak sortzeko. Astelehenean irekiko dute erakusketa, eta azaroaren 15ean itxiko. Landetxeko sarreran egongo da ikusgai. Bestalde, haurrentzako antzerki tailer bat ere prestatu dute: Nahi duguna izango gara. 9 eta 12 urte bitarteko neskentzat izango da. Ane Gebarak eta Josune Velez de Mendizabalek gidatuko dute saioa. Bertan, hainbat gorputz ataletatik sentimenduak sortu eta irudikatuko dituzte parte hartzaileek. Azaroaren 9an izango da tailerra, 10:00etan.

Pentsatzeko bide berriak

Ostegunean, azaroaren 7an, pote filosofikoa egingo dute, 19:00etan, Kastro Berri tabernan. Duela urte batzuk hasi ziren antolatzen, herritarren artean filosofiarako eta pentsamendurako dagoen zaletasunaz jabetuta. Euskal Herriko beste herri batzuetan ere egiten da, Agora filosofia elkartearen eskutik. Aurten, Irati Zubia izango da gonbidatua; hasteko, gorputza eta pentsamendua batuko ditu hitzaldi labur batean, eta, ondoren, parte hartzaileek euren hausnarketak plazaratzeko aukera izango dute.

Maskulinitate normatiboak gorputzean ardaztuta ikertzen ari da Eneko Gil dantzari eta koreografoa, eta antolakuntza taldekoei ideia ona iruditu zitzaien hura Hitzen Lihora gonbidatzea. Ikerketak gizontasunaren zaurgarritasunaren unibertsoa aztertzen du, hiru adin tartetan; duela hiru urte hasi zuen Gilek. Ikerlan horretatik abiatuta, ikuskizun bat sortu du, Vulnerable, 2025ean aurkeztuko duena. Jaialdian ikuskizun horren lagin txiki bat eskainiko du. Azaroaren 6an izango da emanaldia, manifestuaren irakurketaren ondoren.

Artxibo biluzia konferentzia performatiboa ere taularatuko dute Metrokoadroka kolektibokoek. Azaroaren 9an izango da emanaldia, 19:00etan, Landetxen. Horren ondoren, 22:00ak aldera, Nagore Legarretak argazki saio bat egingo du Probalekuan. Legarretaren beraren Gorputzen errebuelta proiektuaren harira antolatu dute saioa. Gorputz biluzien argazkiak ateraz osatzen ari da proiektua, eta saioan ere hori bera egingo du.

Literaturari lekua

Aurten ere euskal idazle baten lan bat aukeratu dute jaialdiko azken eguneko ekitaldietarako. Alaine Agirreren Odol mamituak hautatu dute oraingoan (Elkar, 2014). Hasteko, liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute, 11:30ean hasita, Kontzejupean. Aldi berean, eta lehenengoz, Hitzen Lihoa Liburu Azoka Ttikia antolatu dute leku berean. Agirreren liburuak eta urtean zehar argitaratu dituzten herriko idazleen lanak ere egongo dira azokan. Amaitzeko, 14:00etan, Girizia elkartean, bertso bazkari literarioa egingo dute hirugarrenez. Odol mamituak liburuan oinarrituta egongo da saioa, eta Agirre bera arituko da gai jartzaile. Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Aner Peritz ariko dira bertsotan.

Jaialdiko jarduera batzuetan parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea. Horretarako, [email protected] helbidera idatzi behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.