Gauza txikien bitartez bidaiatu daiteke sarritan iraganera: usain bat, objektu bat, leku bat edo pertsona bat… Eta, hain zuzen, pertsonen bidez egiten du salto iraganera Boris Pahor (Trieste, Italia 1913-2022) idazleak Nekropolia eleberrian. 109 urterekin zendu zen, eta ez zuen bizitza makala izan. Izan ere, II. Mundu Gerraren garaian nazien hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen, Esloveniako erresistentzia antifaxistarekin kolaboratzeagatik. Kontzentrazio esparru horietan bizitakoak dira idazleak nobelan kontatzen dituenak; baina ez ditu edonola kontatzen: 1960ko hamarkadan —bertan preso egon eta hogei bat urtera— esparru horietako batera egindako bisita bat hartzen baitu ardatz. Santi Leone itzultzaileak euskarara ekarri berri du lana, eta Alberdania argitaletxeak atera du.
Eleberria 1967an argitaratu zen lehen aldiz, eslovenieraz. Hizkuntza horretan argitaratzea ez da kasualitatea, idazlea Triesten jaio baitzen, hiria Austria-Hungariako inperioaren parte zenean. Hil zenerako, ordea —eta baita gaur egun ere—, Italiako errepublikaren parte zen. Pahorrek bere burua esloveniartzat hartu zuen bizitza osoan, eta esaten zuen Italia esloveniar nortasuna ezabatzen saiatu zela. «Hiru mundu gurutzatu izan dira Triesten: germaniarra, balkanikoa eta latinoa», kontatu du Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak. Leonerentzat, obra «oparoko» idazlea izan zen Pahor, eta Nekropolia du, haren ustez, lanik garrantzitsuena.
Errudun sentitzea
1944an hartu zuten preso naziek, eta Dachauko kontzentrazio esparrura eraman. Gero, Natzweiler-Struthofen, Mittelbau-Dora, Harzungenen eta Bergen-Belsenen egon zen. Natzweiler-Struthofeko esparrua izan zen garrantzitsuena eleberriaren egilearentzat, eta hango bizipenekin hasten du liburua. 60ko hamarkadan bisitari gisa joan zen Pahor kontzentrazio esparru horretara, eta halako leku batean turistak egotearekin ez zen pozik: «Turisten trafikoak banal bihurtu du une hau». Idazleak bakarrik egoteko asmoa zuen bisitan, bertan bizitako kontuekin konektatzeko asmoz.
Kontakizuna ez da kronologikoa; «sigi-saga ibiltzen dira maiz haren oroitzapenak», azaldu du Leonek. Nobelan aipatzen den pasarteetako bat presoak dutxara eramaten zituzten unea da: biluzik joatera behartzen zituzten, kanpoan elurra ari zuen bitartean. Egileak berak momentu hori kamera bati esker azaldu ahalko litzatekeela aipatu izan zuen noizbait. «Pahorrek, paperaren bidez, kamera lanak egin zituen; irakurleak lepotik hartu eta momentu hori ikustera behartuko balitu bezala», esan du itzultzaileak.
«Pahorrek, paperaren bidez, kamera lanak egin zituen; irakurleak lepotik hartu eta momentu hori ikustera behartuko balitu bezala».SANTI LEONEItzultzailea
Primo Levi idazlea ere holokaustotik bizirik atera zen, eta horren inguruan idatzi zituen hainbat obra. Leonek kontatu duenez, biek ala biek sentimendu bera izan zuten bizi ziren artean: errudun sentitu ziren kontzentrazio esparruetatik bizirik ateratzeagatik. Levi eta Pahorren hiztegia eta gogoetak antzeko samarrak direla esan du, nahiz eta bakoitzak bere estiloa izan.
Zalantzak eta kontrolak
Alberdania argitaletxearen sortzaile izan zen Jorge Gimenezek proposatu zuen Nekropolia euskaratzea. Abenduan zendu zen, eta, Galarragaren hitzetan, hari egindako omenaldi txiki bat da liburua. Lau hilabete inguru izan zituen itzultzaileak proiektua aurrera eramateko, eta aitortu du gogorra izan dela prozesua, beste lan batekin uztartu behar izan baitu. Jatorrizko eleberria eslovenieraz dagoenez, eta Leonek hizkuntza horretan hitz egiten ez duenez, hainbat zubi hizkuntza erabili behar izan ditu itzulpena egiteko. Hortaz, beste hizkuntza batzuetan idatzita zeuden bertsioak irakurri ditu euskarazkoa idazteko.
Katalanera egindako itzulpena da Leoneri erabilgarrien suertatu zaiona, Simona Skabecek egina da —Katalunian bizi den esloveniarra da bera—. Bestalde, gaztelaniara eta alemanera ekarritako bertsioak ere erabili ditu; baita frantsesera eta ingelesera egindakoak ere —nahiz eta, azaldu duenez, azken horiek askorik ez erabili—. Normalean, halako lanak egitean, gehienez bi hizkuntza erabiltzea gomendatu du itzultzaileak, bestela «eromena» baita. Galarragarentzat, «inguruan ditugun hizkuntzetan egindako itzulpenen artean egokienetakoa» da Leonerena, beste hizkuntza horietan egon zitezkeen hutsak euskarara ongi ekarri baititu.
«Santi Leonek egindakoa inguruan ditugun hizkuntzetan egindako itzulpenen artean egokienetakoa da».ARITZ GALARRAGAAlberdania argitaletxeko editorea
Prozesuan ondo ari ote zen zalantza izan du Leonek, baina bere lana «ahalik eta hobekien» egiten saiatu dela esan du. Horretarako, hainbat «kontrol» —hala deitu die berak— pasatu ditu testuak. Lehenik, Eneko Aizpuruari pasatu zion —itzultzailea hura ere—, eleberriaren heren bat itzulia zuenean. Hark proposatu zizkion lehen aldaketak. Gero, dena euskaratuta, Laura Baraibar emazteak egin zuen bigarren irakurraldia. Irakurleentzat ahalik eta ulerterrazena izatea zen Nekropoliaren itzultzailearen helburua. «Itzultzerakoan ezinbestekoa da beste pertsona batzuek egindakoa irakurtzea», azaldu du.
Emaitza nabarmendu nahi izan du Alberdaniako editoreak: «Abiapuntu samurra izan ez duen arren, helmuga oso asebetegarria dela esango nuke». Esan duenez, Leonek egindako lanaren ondoren, irakurleek esku artean «harribitxi» bat edukitzeko aukera izango dute.