Eztena jaialdia, ezohikoaren plaza

Gaur hasi, eta igandera arte egingo dute arte eszenikoen festibala, Errenterian. Bederatzi ikuskizun eta hiru tailer antolatu dituzte. Antolatzaileen hitzetan, egitarauan bildutako artista eta ikuskizun guztiek badute zerbait ezohikoa.

Ainhoa Alberdiren 'Ixa Bella piztia' dantza ikuskizuna. BERRIA
Ainhoa Alberdiren 'Ixa Bella piztia' dantza ikuskizuna. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko ekainaren 6a
05:10
Entzun

Arte eszenikoen arloan aritzen direnak euren bidea egitera bultzatzeko asmoz sortu zen Eztena jaialdia, duela hamalau urte. Edukietan, formetan eta antolakuntza moduetan «arriskuak» hartzen dituzten horiei plaza bat eskaintzea dute helburu, eta aurten ere hala egingo dute: gaurtik igandera bitarte egingo da jaialdia, Errenterian (Gipuzkoa). Ezohikotasunaren, edo, antolatzaileen esanetan, «bestelakotasunaren» gaiari helduko diote oraingoan, eta horri jarraituz hainbat artista gonbidatu dituzte ikuskizunak eta tailerrak ematera. Intza Alkainek, jaialdiaren antolatzaileetako batek, zera esan du Eztenaren inguruan: «Jendeak bere bestelakotasunak plazara ateratzeko aukera izango du aurten: giro aske eta librea egongo da».

Jaialdiko lantaldea handitu egin da aurten. Izan ere, iaz, hamahiru urteren ostean, ordura arte antolaketa lanetan ibilitako taldeak belaunaldi berrien esku utzi zuen jaialdiaren prestakuntza. Aurten, hasieratik ibilitakoek eta aurreko urtean hasitakoek, denek batera prestatu dute egitaraua. «Hasieran, esperimentu gisa utzi ziguten lekua, baina, azkenean, haiek ere batu zaizkigu», esan du Alkainek.

«Oso egitarau queer-a» prestatu dutela kontatu du antolatzaileak. Nahi gabe egin dutela gehitu du; euren interesetatik tiraka, identitate berriei eta giro mainstream-ari lotutako ekitaldietara jo dute. Bederatzi ikuskizun eta hiru tailer izango dira guztira, herriko hainbat lekutan: Lekuona Fabrikan, Niessen kulturguneko auditoriumean, eta Niesseneko entsegu gelan. Sarrerak eskuragarri daude Eztenaren webgunean. Gainera, aurten Francisaldia jaialdiarekin bat egingo du Eztenak. Ekainaren 15era arte egingo dute jaialdi hori, Francis trabestiaren hilketaren 45. urteurrena dela eta. Hain zuzen, tailer bat eta ikuskizun bat antolatu dituzte haiekin elkarlanean.

Antzerkia eta musika

Gaurizango da lehen ikuskizuna, 19:00etan, Niessen aretoan. Bi saio emango dituzte: lehenik, Amaia Bonok Belarriprest ikuskizuna taularatuko du. Bonoren euskarazko lehen sorkuntza da. Gero, Danele Sarriugarteren eta Miren Narbaizaren txanda izango da, eta Poperra, afterra, utopia emanaldia egingo dute. Bihar Camina, baila, brilla dantza saioa emango du Nefertiti Anunnakik, 18:00etan, Lekuona Fabrikan. Aktibista dekoloniala, feminista, queer-a eta ez-binarioa da Anunnaki. Saioaren ondoren, Francisaldiarekin elkarlanean, mahai ingurua egingo dute, besteak beste, Errenteriako LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea aztertzeko.

«Jendeak bere bestelakotasunak plazara ateratzeko aukera izango du aurten: giro aske eta librea egongo da».

INTZA ALKAIN Eztenako antolatzaileetako bat

Ainara Gurrutxagak eta Ander Fernandezek Gori Gori izeneko kontzertuaren lehen saioa emango dute ostiralean, 20:30ean, Lekuona Fabrikan. Fernandezek musika berria sortzeko gogoa zuela eta, Gurrutxagaren hitzekin egin zuen topo, eta elkarrekin zerbait sortzea erabaki zuten.

Larunbatean, 19:00etan, bi drag performance egongo dira Niessen kulturguneko entsegu gelan. Lehenengoan, Antiki TKM venezuelarrak Muñeca supernatural taularatuko du. Pixkanaka indarra berreskuratuz doan panpina puskatu baten istorioa kontatzen du. Bestalde, Mr G-k Sara Segovia is Mr. G saioa egingo du. Ez da drag saio arrunta izango, clowna ere jorratuko baitu artistak. 22:00etan, Lekuona Fabrikan, Bartzelonako Las Marikarmen taldeak Nos pegan! saioa emango du. 2020an Katalunian sortutako talde  «neupunk eta queer-a» da, hiru kidez osatutakoa: Hipogrifa, Victoria Sickness eta Contamina Perpetua.

Ixa Bella piztia eta One Night at the Golden Bar izango dira jaialdiko azken ikuskizunak, igandean. Ainhoa Alberdiren dantza emanaldia da lehena, eta Niesseneko entsegu gelan emango du, 18:00etan. Bigarrena, berriz, Alberto Cortes Malagako (Espainia) artistarena da. Egilearen hitzetan, «afektuen hauskortasuna» agerian uzteko kantu baten bila ibili da antzerki obran. 19:00etan izango da, Lekuona Fabrikan.

Gorputzak ardatz

Gaur, bihar eta etzi egingo du Sara Segoviak drag tailerra. 10:00etatik 14:00etara izango dira saioak, Niesseneko entsegu gelan. Bertaratzen direnek modua izango dute drag diziplinaren aukeretan murgiltzeko, antzerki dinamiken, objektuen lanketaren, clownaren edo burlesquearen bidez. Hori guztia, partaide bakoitzak barruan duen drag-a ezagutu eta besteei erakusteko.

Nefertiti Anunnakik  ikastaro bat emango du gaur 16:00etan, Dantzagunean. Caminar du izena tailerrak, eta, hain zuzen, dantza izango du ardatz, pausoak segurtasunez emateko estrategia gisa; partaideak ahalduntzea izango da helburua. Horrez gain, bai Euskal Herriko bai Espainiako ballroom eszenaren inguruko proiekzioak ere egongo dira —AEBetan sortu ziren drag jaialdi batzuk dira, LGTBI kolektiboko jendearentzat antolatuak—.

Larunbatean eta igandean Ainhoa Alberdiren txanda izango da. 10:00etatik 14:00etara, Ikusezinaren dantza tailerra emango du Dantzagunean. Japonian sortu zen butoh dantza estiloaren inguruko ikastaroa izango da. «Gorputzaren iluntasunera bidaiatuko dugu, gure jatorrizko dantza entzuteko», azaldu du egileak jaialdiari buruzko oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.