Literatura

Begiradaren inguruko «gogoeta poetikoa»

Larunbatean taularatuko dute 'Inuksuit' ikuskizuna, 17:30ean, Modelo aretoan. Jaialdian estreinatuko dituzten hiru emanaldietako bat da. Patxi Zubizarreta idazleak sortu du, beste artista batzuekin batera. Hainbat diziplina uztartuko dituzte ikuskizunean.

Patxi Zubizarreta idazlea, iaz, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Patxi Zubizarreta idazlea, iaz, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko maiatzaren 23a
05:15
Entzun

Inuitek euren sistema propioa dute Tundran barneratzen direnean ez galtzeko eta bidean ondo doazen jakiteko. Izan ere, paisaia nahiko antzekoa du haien landa eremuak. Horregatik, kilometro batzuk ibili ostean, harriak bata bestearen gainean pilatzen dituzte, dorre moduko bat osatuz. Bidean doazen heinean, dorre berriak sortzen dituzte, norabidea ez galtzeko. Inuksuitak izena dute dorre horiek, eta inuiten erreferentziak dira.

Inuksuit da Patxi Zubizarretak Literaturiarako sortu duen ikuskizunaren izena ere. «Inuksuitak inuitentzat erreferentziak diren bezala, nahi dugu guretzako erreferentzia horiek liburu bat, kantu bat, poema bat, koadro bat izatea», gehitu du idazleak. Larunbat arratsaldean egingo du lehen aldiz ikuskizuna, jaialdiko antolatzaileek zerbait sortzeko proposatu ostean. Zubizarreta ez da bakarrik egongo taula gainean: Maddi Oihenart abeslaria, Antton Valverde musikaria eta Mintxo Cemillan pintorea izango dira harekin, baita Malen Fernandez de Larrinoa ere. Sarrerak Literaturiako webgunean eskuratu daitezke.

(B)egia da aurtengo jaialdiko leloa, eta proposatu zioten momentutik «gertukoa» sentitu zuen gaia idazleak. Antolatzaileek ez zioten mugarik jarri sortuko zuen piezari; soilik Modelo aretoan egiteko egokia izan behar zuela. Leloa jakin bezain pronto, burua martxan jarri zitzaion sortzaileari, eta, informazioa bilatzeko, irakurtzen aritu zen etengabe, baita filmak ikusten ere. Lanketa horren emaitza izango da larunbateko emanaldia. Gaiaren inguruko «gogoeta poetikoa» izango da, Zubizarretaren esanetan.

Gonbidatu berezia

Idazleak azaldu duenez, Valverderen musikari eta Oihenarten kantuei esker «belarriekin nola begiratzen dugun» deskubrituko du publikoak, eta Cemillanen irudiek «bizitza pinturatik nola begiratzen den» erakutsiko dute. Gaineratu du ikuskizunarekin erakutsi nahi izan duela nola begiratu bizitzari artearen bidez. Bi musikariek —Valverdek eta Oihenartek— izan dute emanaldirako kantuak prestatzeko denbora, baina margolariak inprobisatu egingo du taula gainean: «Beharbada, harena izango da lanik harrigarriena; oso trebea da inprobisatzen», esan du Zubizarretak.

«Gurearen moduko ikuskizun bat zuzenean poroetatik sartzen da, emozioetara doa. Pentsatu baino gehiago, sentiarazi egin nahi dugu». PATXI ZUBIZARRETA Idazlea

Beste kide bat ere egongo da Modelo aretoko taula gainean, bost izango dira harekin: Malen Fernandez de Larrinoa —itsua da—. Idazleak haurra zela ezagutu zuen Fernandez de Larrinoa, eta orain, 40 urte dituela, ikuskizunean parte hartzera gonbidatu du. «Malenen presentziak bizitzaren aurrean beste begirada bat izaten lagunduko digu», gehitu du Inuksuit-en sortzaileak. Bi poema errezitatzeko ardura izango du Fernandez de Larrinoak.

Gogotsu dago idazlea larunbateko saiorako; kontatu du «lehenbiziko entsegu irekia» izango dela: «Gustatzen zait gauzak gehiegi lotu gabe eramatea. Nik nire gidoia larunbat goizean bertan bukatuko dut». Lehen emanaldiaren ostean ekitaldi gehiago egiteko prest daudela esan du Zubizarretak, «talde oso ona» baitu ondoan. «Gurearen moduko ikuskizun bat zuzenean poroetatik sartzen da, emozioetara doa. Pentsatu baino gehiago, sentiarazi egin nahi dugu». Proposamenak izan dituzten arren, oraindik ez dute datarik lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.