Literatura

Literaturia, euskal letren katebegia

Bihartik igandera bitartean Literaturia jaialdia egingo dute Zarautzen. Euskarazko literaturari oso-osorik eskainitako egitaraua ondu dute. Liburu aurkezpenak, azoka eta ikuskizunak egongo dira. Aurten hiru ikuskizun estreinatuko dituzte.

Duela bi urteko Literaturiako liburu azokako irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Duela bi urteko Literaturiako liburu azokako irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko maiatzaren 23a
05:15
Entzun

Euskara, herria eta literatura. Horiek dira Literaturia jaialdiaren hiru ardatzak. 2009tik antolatzen dute euskal literaturari hutsean eskainitako jaialdi hori. Lehen urteetan Larrabetzun (Bizkaia) egin zuten, baina, 2015etik aurrera, Zarautzen (Gipuzkoa) antolatzen dute. Iaz hilaren lehen asteburua hartu zuen, baina aurten maiatzeko azken asteburura pasatu da. Bihar hasi eta larunbatera bitarte luzatuko dira euskal letrekin zerikusia izango duten ekitaldiak, eta herriko hainbat txokotan egingo dituzte jarduerak asteburu osoan. Aurtengo aldian ere, BERRIA egitasmoaren hedabide babeslea izango da. Euskal literatura ikusaraztea da hedabidearen helburua, eta horregatik dihardu jaialdiarekin elkarlanean.

Begia eta egia hitzekin jolastu dute antolatzaileek aurtengo aldiko leloa sortzeko: (B)egia. Gai irekia da, eta, gai horretatik abiatuta, hainbat sortzaileri ikuskizunak sortzeko proposatu diete. Hain zuzen, hiru ikuskizun estreinatuko dira Literaturian, jaialdirako beren-beregi sortuak.

Bihar iluntzean inauguratuko dute egitaraua. 20:00etan, Modelo aretoan, Mari Luz Esteban idazleak jaialdirako prestatu duen manifestua irakurriko du. Ondoren, (B)egira! antzezlana taularatuko dute lehen aldiz Iraia Eliasek, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak. Sarrerak zortzi euroan daude salgai. Sarrera erosten dutenek hiru euroko deskontua jasoko dute liburuak erosteko.

Larunbatean, goizetik egongo da martxa. 11:30ean irekiko dute liburu azoka, Lege Zaharren Enparantzan. Irekieratik ordu erdira, 12:00etan, Booktegi webguneari egingo diote omenaldia antolatzaileek. Euskal literaturaren alde lan egiten duen pertsona, talde edo kolektibo bat omentzen dute urtero, eta, aurten, «euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko egin duten lanarengatik» egingo diete aitortza Booktegikoei. Manu Urbietak egindako oroigarria jasoko dute. Goiz partean, 14:00ak arte egongo da azoka zabalik, eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara joateko aukera egongo da.

Aurkezpenak

Azoka zabalik dagoen bitartean, bai goizean baita arratsaldean ere, liburu aurkezpenak egingo dituzte Ahotsenea gunean. Azken hilabeteetan euskal argitaletxeek plazaratutako lanetako batzuk aurkeztuko dituzte. Horietako bi BERRIAko bi kazetarirenak izango dira: Urtzi Urkizuren Txoria hodei artean. Etb lehen eta gero—17:00etan—, eta Iñigo Astizen Monogamoak ipuin liburua—19:30ean—.

Haurrek ere izango dute euren txokoa Literaturian; Literattipia jarri dute martxan haientzat. Iñaxio Tolosak Toloren Tolokeriak ipuin kontaketa saioa egingo du, bihar 11:00etan, Etxezabalan.

12:30ean, Modelo aretoan, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin elkarlanean, mahai ingurua antolatu dute. Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondo komikien itzulpenaz mintzatuko dira. Arratsaldeko jarduerak 17:30ean hasiko dira. Patxi Zubizarretak sortutako Inuksuit ikuskizuna estreinatuko dute. Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoa ere igoko dira eszenatokira. Sarrera bost euroan izango da.

Gotzon Barandiaran idazlearen azken poema liburua da Galbahe. Liburu horretatik abiatuta sortu du Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko ikuskizuna. Barandiaranek laguntzaile andana izango du larunbateko saiorako: Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao. 22:00etan izango da saioa, eta zazpi euro balioko du sarrerak.

Ekitaldietarako sarrerak Literaturiako webgunean eskuratu ahal izango dira, baita Modelo aretoko leihatilan ere. Bestalde, emanaldiak baino ordubete lehenago erosteko aukera egongo da, betiere, sarrerak agortu ez badira.

Igandean amaituko da jaialdia, Modelo aretoan egingo den saioarekin. 12:00etan izango da, eta Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk izango dute Literaturia ixteko ardura. Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua ikuskizuna egingo dute.

EGITARAUA

Bihar iluntzean hasiko da Literaturia, Modelo aretoan egingo den ekitaldiarekin. Larunbatean azoka eta liburu aurkezpenak egongo dira, baita ikuskizunak eta mahai inguru bat ere. Hauek dira ekitaldi nagusiak:

 

OSTIRALA

20:00 Mari Luz Estebanek jaialdirako sortutako manifestua irakurriko du Modelo aretoan.

 20:15(B)egira! antzerkia, Modelo aretoan.

 

LARUNBATA

11:00Toloren Tolokeriak. Haurrentzako ipuin kontaketa saioa Etxezabalan, Iñaxio Tolosaren eskutik.

12:30Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia. Mahai ingurua Modelo aretoan, Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondorekin.

17:30Inuksuit. Patxi Zubizarreta,Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoa. Modelo aretoan.

22:00Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko. Modelo Aretoan. Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Amaia Garcia eta Lander Bilbao.

 

IGANDEA

12:00Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua. Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburu. Modelo aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.