Zinema

Palestina, Sahara eta Ukraina pantaila handietan

Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren 21. aldian, 26 film eta hemeretzi film labur izango dira; haien artean, Euskal Herrian eginiko zortzi lan. Fernando Leon de Aranoari emango diote zinemaldiko saria, haren «jarrera konprometituagatik».

Benito Zambranoren 'El salto' pelikula. CINE365 FILMS
Benito Zambranoren 'El salto' pelikula. CINE365 FILMS
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko apirilaren 5a
05:05
Entzun

Egunkarietako azal asko bereganatu ditu Palestinako gatazkak azken hilabeteetan, eta telebistetako albistegietan ere eguneroko gai bilakatu da. Orain, pantaila handian erakusleiho nabarmen bat lortuko du: Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia. Besteak beste, Palestinako sarraskiak, Ukrainako gerrak, Saharako gatazkak eta gaur egungo migrazio mugimenduek protagonismo berezia izango dute zinemaldiaren 21. aldian. Orotara, 26 pelikula eta hemeretzi film labur izango dira apirilaren 12tik 19ra.

Benito Zambrano zuzendariaren El Salto pelikularekin hasiko da Giza Eskubideen Zinemaldia. Josemi Beltran zinemaldiko arduradunak azaldu duenez, Zambranok, filma egiteko orduan, Melillako hesian jarri du arreta, muga hori gainditzen saiatu diren hainbat migratzaileren lekukotasunak jasota. Kritikaren arabera, Solas filmaren ondoren, El Salto da Zambranoren lanik onena. Zinemaldia amaitzeko, berriz, euskal film bat aukeratu dute: Nina. Andrea Jaurrieta zuzendariak ondu du, eta «thriller eta western femeninoa» da, non protagonista bere herrira itzultzen den mendeku bat betetzeko asmoz.

Jaurrietarena ez da zinemaldian ikusi ahal izango den Euskal Herriko film bakarra. Beste hiru lan ere eskainiko dituzte. Alde batetik, Luces en sombra dokumentalak Euskal Herriko emakume zaintzaileen egoera azalduko du. Bestetik, Indarkeriaren oihartzunak lanean Amaia Merino eta Ander Iriarte zuzendariek Tamara Muruetagoienaren «testigantza ausarta» jaso dute, haren aita torturapean hil eta 40 urtera. Azkenik, Muerte en Amara lanean Aitor Gonzalez de Langarikak Begoña Urroz umearen hilketa jorratuko du. Horrez gain, euskal zinemak isla izango du film laburren lehiaketan ere: Koldo Almandozek (Anteparaiso), Ekain Irigoienek (Europe), Isabel Herguerak (La mujer ilustrada) eta Kote Camachok (Puzzleak) hartuko dute parte lehiaketan.

El Salto pelikularekin hasi, eta Nina Euskal Herriko filmarekin amaituko da Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia.

Errealitatearen gordina «salatzeko» tresna garrantzitsua da zinema eta kultura, Beltranen ustez, eta irudiak eta elkarrizketak dira gorrotoaren aurka dituzten «armak». «Donostiak giza eskubideen alde egiten du, eta geroz eta gehiago nabarmendu behar den aldarrikapen bat da hori, ikusita gaur egun munduan dugun egoera», adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak. Ion Ganbra Gipuzkoako Foru Aldundiko giza eskubideetako zuzendari nagusiak azpimarratu du gatazka ahaztu batzuk ere badirela: «Gatazka edo gerra berri bat pizten denean, beste bat atzean gelditzen da, foku mediatikoa galtzen du. Horregatik, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak eta halako ekinaldiek problematika ahaztu horiek gogoratzen laguntzen digute. Horrez gain, estatistika hotzez beterik bizi garen gizarte honetan, pantaila handien bidez, biktimak humanizatzeko aukera paregabea dugu».

Pelikulez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte. Datorren astean zinemaldia hasi baino lehen, mahai inguru bat antolatu dute protesta eskubidearen inguruan, eta hiru adituk parte hartuko dute: AI Amnesty Internationaleko kide Dani Canalesek, Greenpeaceko Sara Lopezek eta Scientist Rebellion taldeko Nate Rughek. Imanol Barrenetxea AIko kideak adierazi du aurten ere banatuko dutela elkartearen saria. Bost kidek osatutako epaimahai batek zinemaldiko pelikularik egokiena aukeratuko du, eta irabazleak Koldobika Jauregi eskultorearen lan bat eskuratuko du.

Palestinak bere lekua izango du programan. Apirilaren 14an, bost film labur eskainiko dituzte Viktoria Eugenia antzokian, Annemarie Jacir 2019ko Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiko irabazleak komisariatuta. From Palestine with love (Annemarie Jacir), Gaza-London (Dima Hamdan), Area C (Salah Abu Nimah), Headcount (al-Waara Akram) eta Vibrations from Gaza (Rehab Nazzal) izango dira igandeko saioko bost film laburrak. «Zinemak ez du Ukraina ahaztu, eta horren emaitza da Photophobia, Karkoveko [Ukraina] metro geltokian bizi diren umeen egoera agertzen duen filma», azaldu du Beltranek. Antolakuntzaren esanetan, osasun mentalak, LGTBI komunitateak eta lanaren etorkizunak haien protagonismoa edukiko dute.

Leon de Aranoa garaile

Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren saria aurkeztu dute, eta aurten Fernando Leon de Aranoa zuzendari eta ekoizlea izan da garaile. Beltran: «Lau aldiz irabazi du zuzendari onenaren Goya saria, bi aldiz film onenarena eta behin dokumental onenarena. Baina lehia ez da guretzat konturik garrantzitsuena inoiz, eta are gutxiago Leonen kasuan. Zuzendariak beti erakutsi du jarrera konprometitua fikzioaren eta dokumentalaren bitartez». Zinemaldiko antolakuntzak «klase xumearen erretratugile» moduan deskribatu du Leon de Aranoa, eta langileekiko «jarrera solidarioa» azpimarratu du. Beltranek argi dauka saria «eztabaidaezina» dela, zuzendariak zinema sozialean egindako ibilbidearengatik eta sortutako «ikuspuntuengatik». «Espainiako Estatuko gizarte aldaketen kronikari bilakatu da azken hamarkadetan, pil-pilean egon diren hainbat gai jorratuz, hala nola prostituzioa eta migrazioa. Gainera, adin guztientzako zinema egin izan ohi du zuzendariak, drama, umorea eta satira uztartuz».

Zinemaldia inauguratzearekin batera emango diote saria Leon de Aranoari, Viktoria Eugenia antzokian. Horrez gain, hark zuzendutako Barrio filma proiektatuko dute, 16:30ean, eta gero, Begoña del Teso zinema kritikari eta kazetariak elkarrizketa bat egingo dio oholtza gainean, eta, hala, zinemagilearen ibilbideari errepaso bat egingo zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.