Argazkia

Txillida, Jesus Uriarteren begietatik

Tabakalerako Artegunean bildu dituzten 180 argazki inguruetan Txillidaren lan prozesuak irudikatu dituzte. Erakusketa lau zatitan banatu dute, eskultoreak erabiltzen zituen lau material nagusiak aipatuta: papera, lurra, hormigoia eta altzairua.

Jesus Uriarte 'Haizearen orrazia' eskulturari eta Eduardo Txillidari ateratako argazkien ondoan, Tabakalerako erakusketan. JUAN HERRERO / EFE
Jesus Uriarte 'Haizearen orrazia' eskulturari eta Eduardo Txillidari ateratako argazkien ondoan, Tabakalerako erakusketan. JUAN HERRERO / EFE
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko apirilaren 9a
05:45
Entzun

Haizearen orrazia, Zerumugaren goraipamena, Gure aitaren etxea, Tolerantziari monumentua... aski ezagunak dira Eduardo Txillidaren lanak. Baina eskultura ororen atzean lan prozesu luze bat ezkutatzen da. Hori argi daki Jesus Uriarte argazkilariak, urte askoan aritu baitzen Txillidarekin elkarlanean. Horren emaitza da Tabakalerako Artegunean dagoen erakusketa: Txillida lanean. 180 argazki biltzen ditu. Bi solairuz osatutako erakusketa ekainaren 30era bitarte egongo da ikusgai, eta, horrez gain, argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratu du Kutxa fundazioak.

Jon Uriarte erakusketaren komisarioak azaldu duenez, lau zatitan banatu dute tokia: «Txillidak lau material erabili zituen bere lanak egiteko: papera, lurra, hormigoia eta altzairua. Horren harira zatitu dugu erakusketa, hau da, material bakoitzak bere espazioa dauka». Erakusketara sartzean, beheko solairuan, papera eta lurra dira protagonistak. Jon Uriartek azaldu du materialen harremanaren arabera antolatu dutela tokia, eta lurra eta papera hainbat arrazoirengatik jarri dituztela behean: sabai baxuagoak daude, eta argazkiak gertuago daudela sentitzen du ikusleak. Horregatik, Jon Uriartek adierazi du beheko argazkiak «eskala txikiagoan» egin dituztela. «Behean gela txiki bat dago, Txillidak Ingerborg etxean zuen estudioaren antzekoa, eta eskultoreak paperezko lanak egiten zituen han», esan du Jon Uriartek. Gela txikiko argazkiak Txillidaren estudioan zeuden tresnenak dira gehienbat, eta zehaztasun handiko irudiak dira.

Lurraren argazkiak Hans Spinner artistaren etxeko lorategian ateratakoak dira batez ere, Frantzian, Grasse hirian. «Paperarekin eta lurrarekin egiten zituen prozesuak intimoagoak ziren, eskuz eginiko lana zen. Beheko solairuak espazio oso ona ematen digu Txillidaren lana azaltzeko, zirkuitu borobil bati jarraitu diezaiokegulako, buztinarekin egiten zituen pauso guztiak ikusi ahal izateko», azaldu du Jon Uriartek. Buztinaren prozesu guztiak ikus daitezke, hasierako moldaketetatik hasi eta labeetan sartzeraino.

Goiko solairuan irudi handiagoak daude. Hormigoiaren inguruan osatutako paretan, gelaren ezkerraldean, mosaiko handi bat da nagusi. «Ia 50 argazkiko mosaiko bat dago goian, hormigoiz eginiko eskulturen prozesua irudikatzen duena», esan du Jon Uriartek. Gijonen (Asturias, Espainia) kokatuta dagoen Zerumugaren goraipamena bezalako eskulturak aparrez eraikitzen zituen lehen pauso moduan Txillidak, 1:1 eskalan, eta, ondoren, apar hori egurrez inguratzen zuten. Azkenik, egurrezko armazoian hormigoia kofratu egiten zuten. «Hormigoizko piezek hilabeteetako eta batzuetan urteetako lan prozesua eskatzen zuten, eta Jesus Txillidaren ondoan egon zen denbora hartan guztian», azaldu du Jon Uriartek.

Azkenik, altzairuaren saila dago goiko solairuan ere. Jon Uriarte: «Altzairua jorratzen duten argazkiak nik uste zinematografikoenak direla. Donostian Txillidak zuen sutegi txikia agertzen da, baita Reinosan [Kantabria, Espainia] erabiltzen zituen Sidenor enpresako sutegi industrialak ere. Hango tenperaturak oso beroak ziren, eta, argazkiak film batetik aterata daudenez, argiak kontraste handia egiten du irudian. Baldintza horiek guztiek indar dramatikoagoa ematen diote altzairua biltzen duen argazki bildumari», adierazi du Jon Uriartek. Altzairuarekin jarraituz, Reinosako argazkien ondoan azpiatal bat osatu dute, Haizearen orrazia eskultura eta haren lan prozesua irudikatzeko. Hainbat tamainatako argazkiz osatuta dago azpiatal hori, eta eskultura egiteko langileek eta Txillidak egindako lana ikus daiteke han.

Lau materialei eskainitako sail bakoitzak pieza berezi bat du. Altzairuarenean metalez inprimaturiko argazki bat dago, paperean paperezko irudi bat, hormigoian aparrez osaturiko argazki bat eta lurraren sailean egurrean irudikatutako bat, hau da, lau materialak argazkietan agertzeaz gain, erakusketan presentzia propioa daukate. Lau sailen zatiketa nabaria da, bakoitzak bere lekua baitu, eta bakoitzak Txillidaren alde bat irudikatzen baitu. Jon Uriartek uste du sailen zatiketak eragin handia duela ikuslearengan, Txillidaren lana ulertzeko modu «aproposagoa» delako.

Talasoterapiaren antzera

1982. urtean hasi zen Jesus Uriarte Txillidarekin elkarlanean, eta 2000. urtera bitarte iraun zuen harremanak, hau da, Txillida gaixotu zen arte. Lehenagotik eskultoreari hainbat irudi atera zizkion, Haizearen orrazia egiten zebilen bitartean adibidez, baina harreman horrek maiztasunik ez zuen izan 1982ra arte. Txillidarekin lan egiten zuen garai bertsuan prentsan ere aritu zen Jesus Uriarte, zehazki El Pais egunkarian. «Niretzat erlaxatzeko momentuak ziren Eduardorekin pasatzen nituenak, garai hartan aski gogorra baitzen Euskal Herrian prentsan lan egitea», azaldu du. Jon Uriartek esan du bere aitaren lasaitasun momentu horiek «talasoterapiara joatea» bezalatsu zirela. Erlazio «estua eta polita» sortu zen argazkilariaren eta eskultorearen artean, Jesus Uriarteren ustez, biek denbora «asko» igarotzen zutelako elkarrekin.

Ondo ezagutzen zuen argazkilariak Txillida, eta bazekien noiz atera argazkiak eta noiz ez. «Luxua zen Eduardorekin lan egitea. Baina, hala ere, kontuz ibili behar nuen. Bera deseroso zegoenean nik antzematen nuen, eta banekien ez zela argazkiak ateratzeko momentua. Adibidez, Ingerborg etxean egoten ginenean, argazki oso politak ateratzen ziren, sabai leiho eder bat zuelako, eta hortik argi natural asko sartzen zelako. Momentua ez zenean, leihoaren azpian zeuden besaulki batzuetan esertzen nintzen, Eduardo bere lanarekin eroso sentitu arte», azaldu du argazkilariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.