Musika

Xabier Leteren haria moztu ez dadin

'Hesia urraturik' oratorioa emango dute bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; Leteren «unibertsoa islatu nahi duen» obra bat da. Ganbera bertsioan emango dute. «Hari gustatuko zitzaiola uste dut», azaldu du Joxan Goikoetxeak, obraren sortzaileak.

Joxan Goikoetxea, Hernaniko estudioan, Xabier Leteren kontzertuetan erabiltzen zuen akordeoiarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Joxan Goikoetxea, Hernaniko estudioan, Xabier Leteren kontzertuetan erabiltzen zuen akordeoiarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Hernani
2024ko martxoaren 22a
12:00
Entzun

Museo bat dirudi Joxan Goikoetxeak Hernanin (Gipuzkoa) musikarentzat duen txokoak. Aztarna du izena, eta grabaketa estudioa, liburutegia, biltegia, artxiboa... denetarik du. Hein handi batean, Xabier Leteri lotutako gauzak daude bertan, baina baita Goikoetxearenak berarenak ere. Urte askoan aritu zen Leterekin akordeoia jotzen, eta, zehazki, haren kontzertuetan erabiltzen zuena jarri du mahai gainean BERRIAk egin behar dion elkarrizketa baino lehen, argazkia ateratzeko. «[Letek] Jakingo balu zertan gabiltzan...», komentatu du.

2020an estreinatu zuen Hesia urraturik musikari eta poetaren inguruko oratorioa, hura hil eta hamar urtera. Oraindik ere taula gainean dago ikuskizuna, eta bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian interpretatuko dute, 19:00etan. Sarrerak hemen eskuratu daitezke. Musikariak aitortu du saioari urduritasun pittin bat gehitzen diola emanaldia Donostian izateak.

Estreinalditik lau urte igarota ere, izango da berritasunik biharko saioan. Izan ere, ganbera bertsioa joko dute; hau da, bertsio murriztuagoa. Sei bat musikari izango dira, Landarbaso abesbatzarekin, eta Goikoetxearekin berarekin batera; guztira, 50 bat pertsona. «Asko betetzen nau obra bere bidea egiten ari dela ikusteak», azaldu du sortzaileak.

Hamahiru atalek osatzen dute obra, eta, hasieran asmoa Leteren alderdi guztiak erakustea bazen ere, Goikoetxeak aitortu du alde espiritualean eta existentzialean jarri duela arreta. «Jendeak uste badu biharko saioan Leteren kantarik ezagunenak entzungo dituela, ez da hala izango». Haren musika asko entzungo dela gehitu du musikariak, baina ukitu berezia eman nahi izan die Letek sortutako kanta eta poemei. Adibidez, melodia bati letra kendu, eta poema batekin elkartu du. «Deseraikitze lana» deitu dio horri.

Lotura

«Datorren astean 80 urte beteko zituzkeen». Ondo gogoan ditu data garrantzitsuak akordeoi jotzaileak. Askotan entzun behar izan du apur bat astuna dela, Leteren eta haren belaunaldikoen inguruan etengabe lanean aritzeagatik: «Nire bizitzaren alderdi oso garrantzitsua da, ordea». Beldurretik dator lan hori egin eta zabaldu beharra. Izan ere, Goikoetxea beldur da belaunaldi berriek ez ote duten galduko Leterekiko lotura: «Zer gertatuko da lotura hori galtzen denean?».

Horregatik sortu zuen, bada, oratorioa. Goikoetxeak ikusi du ezen, musika munduan ez ezik, alor akademikoan ere gero eta lan gehiago egiten direla Leteren inguruan. Eta, hala ere, etorkizunean Leteren ondarea ongi finkatuta egoteko lan gehiago egin behar da oraindik ere, haren ustez.

«[Xabier] Letek esaten zuen euskal kulturaren hari meheari eustea lortu zutela, eta, orain, kasu batzuetan hari hori hautsi egin dela iruditzen zait».

Artxibo bat osatzen ari da Goikoetxea, Leteren kontzertu, hitzaldi eta elkarrizketekin. Jaso ahala, bildu, digitalizatu eta artxibatu egiten ditu. Duela gutxi, Ormaiztegin (Gipuzkoa) egindako kontzertu baten kasete bat jaso zuen, zinta guztiz korapilatuta zuena. Hura konpondu eta entzutean, topo egin zuen ordura arte jaso eta artxibatu gabeko elementu batzuekin.

Gaur egun belaunaldi gazteen eta helduagoen artean salto «handia» dagoela iruditzen zaio musikariari. Hala ere, beste garai batzuetan zegoen salto bera dela uste du: «Ni gaztea nintzenean, gauza bera gertatzen zen, eta nire gurasoen belaunaldia gaztea zenean». Beharrezkoa iruditzen zaio jauzi hori, belaunaldi bakoitza bere garaiko gustu, moda eta joerei jarraitzen ari zaion seinale delako.

Saltoa haustura bilakatzen denean, baina, hor dago arazoa; «arriskutsua» iruditzen zaio Goikoetxeari. «Letek esaten zuen euskal kulturaren hari meheari eustea lortu zutela, eta, orain, kasu batzuetan hari hori hautsi egin dela iruditzen zait». Horregatik azpimarratzen du Leteren eta haren belaunaldiaren inguruko informazioa jaso eta zabaldu beharra, hemendik urte batzuetara ez baitakite zer gertatuko den. «Bitartean, ardura dugunok hari horiek konpontzen eta mantentzen saiatuko gara».

Bide berriak

Hesia urraturik-en emanaldi bakoitza berezia da Goikoetxearentzat. Landarbaso abesbatzak hainbat proiektu ditu esku artean, eta momentu egokiak bilatu behar izaten dituzte oratorioa egiteko. Akordeoi jotzaileak aitortu du ikuskizunaren sustatzaile Joxe Angel Arbelaitzek behin eta berriz esaten diola lantaldeari: «Hau mantendu behar dugu». Horregatik, oraindik ere ibilbidea izango duela uste du musikariak.

Goikoetxea beste proiektu batzuetan ere badabil. Paco Ibañez musikariarekin kontzertu bira egiten ari da Espainian eta Herrialde Katalanetan. Apirilaren 3an Bartzelonan ariko da, esaterako.

«Lete izan zen moduan, Alan [Griffin] nire makulua izan zen. Seguru sentiarazten ninduten biek ala biek».

Iazko abenduan Alan Griffin musikaria zendu zen, Goikoetxearen lagun eta taldekide izandakoa. Galera «garrantzitsua» izan zen harentzat. Berrogei urte baino gehiago batera aritu ziren musikan, eta Alboka taldea ere sortu zuten. Euskal musika herrikoia jorratzen zuten Albokan, eta orain bide horri nola jarraitu deskubritu behar duela azaldu du. «Lete izan zen moduan, Alan [Griffin] nire makulua izan zen. Seguru sentiarazten ninduten biek ala biek».

«Barne dolua» bizitzen ari da akordeoi jotzailea, eta hori kudeatzeko denbora behar duela kontatu du. Gainera, aitortu du Griffini omenaldi bat egiteko proposamenak jaso dituela, baina, gaur-gaurkoz, ez du uste horretarako garaia denik. Leteren dolua pasatuta, harekin zuen harremana modu positiboan bizi du gaur egun, eta uste du Griffinekin gauza bera gertatuko zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.