Denbora tarte batez geldi egoteak, batzuetan, ez du esan nahi ezer egin gabe egotea. Geldi egonda ere, egosi daitezke hainbat gauza, su geldoan, poliki-poliki. Abiadura kontua da. Poesia «bulkadaka» sortzen du Gorka Salcesek, eta bulkada horiek onduta sortu du bere poesia liburu berria: Airemortuak (Balea Zuria). «Patxada behar dut sortzeko orduan, batzuetan aurreko lanaren ajea egoten baita proiektu berrietan», aipatu du. Izan ere, sei urte igaro dira Iraganaren izterrak (Balea Zuria, 2018) bere azken lanetik. Donostia Kultura poesia saria irabazi zuen lan harekin.
Sei urteko tarte horrek Salcesi poeta gisa osatzeko aukera eman diola uste du Joan Ramon Makusok, Balea Zuria argitaletxeko editoreak. Poesia sozialaren ildoari jarraitu dio idazleak liburuan; gizakiak gizartearekiko duen harremana aztertuz. Haren «marrazki» bat egiten saiatu da. «Bere buruarekiko eta inguruarekiko haserrealdi moduko bat dagoela nabari da», gaineratu du Makusok. Lau atalez osatuta dago: Baby blues, Udaminaren logalea, Etziko enbatak eta Overbooking.
Aldaketa
Egilearen bizitzan gauza «asko» aldatu dira urte horietan; bai haren inguruan, baita kanpora begira ere. Adibidez, aita izan da. Horrek, bere buruaz kezkatzeaz harago, etorkizunean bere haurrak izango duen bizitzaz kezkatzera ere eraman du. «Geure zilborrera begira egoten erakutsi digu gizarteak», esan du, eta indibidualtasun horri kritika egin dio. Gizonen artean indibidualtasun hori nabariagoa dela adierazi du, eta horri heltzen saiatu da. Pandemia osteko gizartean, klima aldaketaren auzia eta belaunaldien arteko talka ere aztertu ditu.
Aurreko lanean izan zituen kritika onuragarriei kasu egin die; bai literatura kritikariek egindakoei, bai irakurleek egindakoei. Horregatik, lexikoari, sonoritateari eta musikaltasunari gehiago erreparatu nahi izan die: «Espero dut irakurleek aldaketa nabaritzea».
Idazlearen hitzetan, poema bildumaren izenburua aukeratzeak eman dio lanik handiena. Buelta «dezente» eman zizkion arren, azkenean Airemortua hitza iruditu zitzaion egokiena —hitz asmatua da—: «Klima aldaketaren beldurra, eta turismoak eta globalizazioak horretan duten eragina ondo biltzen dituela iruditzen zait».