Musika konbentzionalak eta esperimentalak bat egingo dute Klaustro Sounds jaialdiaren bigarren aldian

Bost ikuskizun izango dira martxoaren 17tik azaroaren 24ra, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Ainara Legardon, Maite Larburu, Naiara de la Puente eta Tania Cortes arituko dira, besteak beste.

KLAUSTRO SOUNDS
Naiara De La Puente eta Sonia Diaz de Corcuera, goizean, jaialdiaren aurkezpenean. GASTEIZKO UDALA
edurne begiristain
2024ko martxoaren 7a
13:00
Entzun

Joan den urtearen amaieran egin zuten Klaustro Sounds jaialdiaren lehen aldia Gasteizko Montehermoso kulturunean, eta, arrakasta izan zuela ikusita, egitarau betea osatu dute aurten ere. Hil honen 17tik azaroaren 24ra bitarte, formatu musikal konbentzionalaz zein berritzaileaz eta esperimentalaz gozatzeko parada egongo da. Guztira, bost emanaldi izango dira Montehermoso Kulturuneko klaustroan, 19:00etan hasita.

Lehen emanaldia martxoaren 17an izango da, Angel Celada musikaria bertan dela: Toc disko berria aurkeztuko du. Apirilaren 21ean Andres Rodrigues eta Ivan Nespereiraren txanda izango da, eta Incra ikus-entzunezko proposamena ekarrikod du. Maiatzaren 19an, berriz, Ainara Legardonek Pausar pulsa soinu instalazio performatiboa eskainiko du; eta irailaren 22an, Maite Larburuk Krak diskoa zuzenean aurkeztuko du.

Klaustro Sounds jaialdiaren azken emanaldia azaroaren 24an izango da: Naiara De La Puente akordeoi jotzaile gasteiztarrak eta Tania Cortes konpositore ekuadortarrak Somnia taularatuko dute, bien arteko elkarlanari esker sortutako diziplina anitzeko lan artistiko berria.

Jaialdiak «parekorik ez duen soinu bidaia batean» barneratzeko era eman nahi dio entzuleari, musika proposamen ezberdinak eta bereziak eskainiz, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez. «Giro paregabean partekatutako esperientzia sortu nahi dugu, artisten eta publikoaren arteko zuzeneko konexioa bermatzeko».

Bihartik aurrera jaialdirako gonbidapenak eskura jarriko dituzte Entradium.com plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.