Arpilatutakoa itzultzeko zenbait urrats

Herrialde batzuk hasi dira kolonizazio garaian arpilatutako piezak itzultzen eta bilduma batzuen jatorria ikertzen.

R.UNIDO GHANA
British Museumek Ghanari itzuliko dion urrezko eraztun bat. VICTORIA & ALBERT MUSEUM
edurne begiristain
2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Europako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako hainbat museo pausoak ematen ari dira ikuspegi koloniala gainditzeko. Adibide batzuk dira hurrengoak:

1

Frantzia

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak asmo handiko plan bat jarri zuen martxan 2017an, Frantziako museoetan zegoen Afrikako ondarea jatorrizko herrialdeetara itzultzeko. Urrats geldoak egin dira ordutik –Beninera eta Senegalera artelan batzuk bueltatu dira–, baina oraindik Afrikako 88.000 objektu inguru daude Frantziako museoetako bildumetan. Quai-Branly-Jacques Chirac museoak ditu objektu gehien.

2

Erresuma Batua

Erresuma Batua deskolonizazioari buruzko eztabaida sakonean murgilduta dago. British Museumek eta Victoria & Albert Museumek berriki iragarri dute hiru urtez utziko dizkiotela Ghanari tropa inperialek XIX. mendean arpilatutako objektuak.

3

Herbehereak

Herbehereetako Gobernuko Kultura Kontseiluak 2020an aurreikusi zuen XVII. mendetik 1975. urtera artean arpilatutako kultur ondarea jatorrizko herrialdeei itzultzea: 450.000 pieza inguru. 2022an, gobernuak barkamena eskatu zuen iragan esklabista eta kolonialagatik, eta bere bilduma berrikusteari ekin dio.

4

Portugal

Pedro Adão e Silva Kultura ministroak 2022ko amaieran iragarri zuen inbentario bat egingo zuela Asiako eta Afrikako kolonietako ondareari buruz, indarkeriazko testuinguru batean edo arpilatze eta lapurreten ondorioz lortutako piezak zeintzuk ziren zehazteko. Iaz, Coimbrako Unibertsitateak XIX. mendeko 29 burezur itzuli zizkion Ekialdeko Timorri.

5

AEB

AEBetako museo nagusiek jabetza kulturalaren gaiari heldu diote, eta bildumen jatorriari eta horiek eskuratzeko erabili zuten bitartekoei begirada kritikoarekin so egiten hasi dira. Ameriketako Historia Naturalaren Museoak duela gutxi iragarri zuen, hain zuzen ere, bi areto itxiko dituela jatorrizko komunitateen baimena lortu bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.