Musika

Geltokien kenopsia, mila modutan

'Kenopsia' diskoa aurkeztu zuen Mila Modu taldeak aurreko urte bukaeran. Geltokiak eta trenak abiapuntu hartuz hitz «sakonak eta landuak» sortu dituzte, Xabier Yaniz taldekidearen ustez. Gaur Tolosako Bonberenean arituko dira.

MIla modu taldea
Mila Modu taldeko musikariak. MILA MODU
urko iridoy alzelai
2024ko martxoaren 1a
05:05
Entzun

Jendez betetako lekuak dira tren geltokiak, baina trena joandakoan, dena hutsik gelditzen da. «Kenopsia» moduan deskribatzen du Xabier Yaniz musikariak sentsazio hori. Bertatik dator musikariak sortutako taldearen, Mila Moduren, azken diskoaren izena: Kenopsia. Trenak eta geltokiak ditu ardatz lanak, eta boskote moduan kaleratutako lehen bilduma da. 90eko hamarkadako power pop doinuetan oinarritzen da Mila Modu taldea, eta hortik abiatuta, Yanizen esanetan, soinu aldaketekin esperimentatzea gustatzen zaio taldeari. Yanizekin batera, Andoni Campos baxu jotzaileak, Oska Arlanzon bateriak, Rober Ferreiro gitarristak eta Miren Fernandez teklatu jotzaileak osatzen dute MIla Modu taldea.

2020. urtean aurkeztu zuten lehen diskoa: Absurdoaren paradisua. Pandemiaren aurretik kaleratu zuten bilduma, eta ,beraz, kontzertuak emateko itxoin egin behar izan zuten. Bigarren diskoa 2022. urtean atera zuten: Intra. Oinarrizko rock popa jorratu zuen taldeak lehen diskoetan, bi gitarraz, baxuaz eta bateriaz ostutako taldearekin. Kenopsia bilduman aldiz, beste taldekide bat sartzeak «soinu berriak» ekarri dizkio taldeari: «Beti gauza berrien bila gabiltza, soinu berriak aurkitzeko nahiarekin. Sintetizadoreak eta teklatuak sartu ditugu bilduman, eta guretzat elektronika soinu horiek berriak dira». Diskotik diskora garapena igartzen da, eta Yanizek dio «nahita bilatutako garapena» dela. Taldearen nahia soinu monotonoetatik ateratzea dela esan du musikariak, beti gauza bera egitea «aspergarria» bihurtu daitekeela. «Aurreko diskoarekiko garapen bat lortu nahi dugu beti», esan du Yanizek.

Zazpi kantaz osaturiko diskoa da Kenopsia, eta soinu ezberdin ugari antzematen dira. Sintetizadorea nabarmentzen den eta soinu beteak dituen kanta batekin hasten da diskoa: Une batez kenopsia. «Ez da disko dantzagarri bat, baina bai entzungarria», azaldu du Yanizek. Hala ere, erritmo dantzagarriagoak entzuten dira Nork erail zuen rocka kantuan, non taldeak rockaren bilakaera eta izaera kiritikoa jorratzen duen hitzen bidez. Rockera gehiago hurbiltzen diren doinuak eta erritmo klasikoagoak aurki daitezke Xakeko zaldia kantan. Melodia lasaiagoak ere badaude, adibidez, Ifernuan lekurik ez abestian, non teklatuak protagonismo handiagoa bereganatzen duen, intentsitatearen gorabehera ugarirekin. Azkeneko kanta da Infernuan lekurik ez, eta taldekideen ahotsez beteriko koruekin amaitzen da bilduma. Horiez gain, Azken trena, Deskrubitu naute eta Izar goiztiar abestiek osatzen dute Kenopsia.

«Ez da disko dantzagarri bat, baina bai entzungarria». XABIER YANIZ Musikaria

Ildo narratibo bati jarraitzen dio diskoak, Yanizen esanetan: «Trenak dira gure abiapuntua. Kantuetan, azalean edo liburutxoan ikus daitezke trenak. Kenopsiaren metafora moduan ulertzen ditugu geltokiak, eta bertan senti daitekeen bakardadea islatu nahi izan dugu diskoko hitzetan». Ez da disko alaia, Yanizen ustez, eta hitzak «ilunagoak» izan daitezkeela aitortu du. Hitzak «sakonak» dira, eta entzuleari «gogoeta eragitea» dute helburu. Era berean, musikariak azaldu du hitzak sortzeko bidean taldekideek ere hausnarketa prozesu bat egiten zutela, hitzek «garrantzi handia» baitute taldearen musikan.

MIla Modu taldearen lanak «asko landutakoak» izaten dira, musikariaren ustez, eta horrek sormen eta grabazio prozesu «luzeak» eragiten ditu. «Musikaria ez da inoiz erabat poz-pozik egongo kaleratu berri duen lanarekin. Dena entzun ondoren beti daude gauzak aldatzeko edo hobetzeko, baina horrek ez du amaierarik», azaldu du musikariak. Hala ere, bildumaren emaitzarekin taldekideak «oso pozik» gelditu direla aitortu du Yanizek.

Ate berriak

«Kenopsia ez da Mila Moduren azken trena», esan du Yanizek. Aurrera begira disko berriak sortzeko gogotsu dago taldea. «Mirenekin, aldiz, azken trena hartu genuen, diskoaren grabaketa baino bi hilabete lehenago etorri baitzen taldera. Baina mundu berri bat ireki zaigu berarekin taldean». Soinu elektronikoak txertatu dituzte diskoan, eta horrek, Yanizen ustez, soinu berrien «mundu zabal bat» ireki dio taldeari. Hala ere, musikariak argi dauka esperimentazioaren bidean bilaketan ibili arren, taldeak 90eko hamarkadako doinuen aldeko joera gordeko duela.

Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean egongo dira gaur taldekideak, Letagin taldearekin batera. «Gogo handia dugu Bonbereneako kontzerturako. Gu bezala Oñatikoak [Gipuzkoa] diren Letagin taldekoekin partekatuko dugu oholtza, eta espero dugu gau polita izatea», adierazi du Yanizek. Musikariak gehitu du Mila Moduren zuzeneko emanaldiak «indartsuak» izaten direla, eta estudioko soinua beti «gainditzen» dutela oholtza gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.