Artea

Eskultura, gorputz tolesetan

‘Larruak eta izurrak’ erakusketa aurkeztu du Tabakalerak. Ez da begiratzeko soilik izango: bisitarien parte hartzea eta eskulturaren eta arte eszenikoaren arteko elkarlana izango ditu ardatz, obrek bizia izan dezaten.

(ID_13634297) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-02-23, Donostia. -Larruak eta izurrak- erakusketa aurkeztu du Tabakalerak
'Larruak eta izurrak' erakusketako artistak, komisarioa eta Tabakalerako arduradunak, Sahatsa Jauregiren instalazioaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko otsailaren 24a
05:05
Entzun

Eduardo Txillidaren eta Nestor Basterretxeren mendeurrenak kari, eskultura garaikideari jarri dio arreta Tabakalerak, eta hiru erakusketa antolatuko ditu aurtengo. Lehendabizikoa, Larruak eta izurrak, martxan da jada; Laura Valles Vilchez komisarioak aurkeztu du, June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Sahatsa Jauregi eta Kimia Kamvari euskal eskultoreak alboan zituela. Haien obrak batzen ditu erakusketak, baita Yael Davids (Tzuba kibbutza, Israel, 1968), Iman Issa (Kairo, 1979) eta Lucia Koch (Porto Alegre, Brasil, 1966) artistenak ere —bakoitzaren lan bat, hain zuzen—.

Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak adierazi duenez, «erakusketaren funtzioa ez da begiratzera mugatuko, bertan batu diren lanei performance, antzerki eta dantza arloko artisten ekarpena gaineratuko baitzaie, aktibatzearren». Erakusketa bizia izango da, beraz; aldiko aldatuko da, aurrez zehaztutako jarduera programari jarraikiz. Bisita gidaturik ere izango da.

Laura Valles Vilchez komisarioa halaxe mintzatu da eskulturez: «Gure kontraesanak jartzen dituzte agerian, bakoitzak bere erara, eta lotuta daude gaur egungo larrialdiekin, zaintza moduekin eta elkarrekin bestela ikasteari balioa ematearekin».

Vallesek, «aspaldiko gurari jarraikiz», artisten arteko elkarlana izan du xede, baita bisitarien parte hartzea ere. «Ez gaude museo batean, eta hemen dagoena ez da bilduma bat», esan du. Haren hitzetan, elkarrekin ikasteko eta edukiak sortzeko formak eta testuinguruak landu dituzte. Alde horretatik, nabarmendu du «gorputzak eta eskulturak harremanetan jartzea» dela erakusketaren asmoa, instalazio guztiek gorputzarekiko eta mugimenduarekiko erlazioari erreparatu baitiote, materialen eta espazioaren arteko erlazioari adina.

Hiru adibide

Nora Aurrekoetxearen bi piezak (Kaia eta Erdibitu) maitasunaz eta zaurgarritasunaz mintzo dira oro har, eta, zehazki, «menpekotasun emozionalari eta minari aurre egiteko babesaz». Hormigoizko olana eta eskuoihalak baliatu ditu horietan. Lehena asko erabiltzen da eraikuntzan, azal modura, batez ere mendiak zulatzean eta errepideetan. Oihal horren ezaugarri jakin bat interesatu zaio egileari, bustitakoan bost orduko tartean gogortzen dela, hain zuzen: «Baliagarria iruditu zait tolesaren behin-behinekotasun hori islatzeko». Sarritan lan egiten du etxe inguruan aurkitzen dituen objektuekin, eta, oraingoan, gortinak hautatu ditu: «Lobak ezkutaketan ari direnean, gortinekin estaltzen dute beren burua, azal horrek ikusezin bihurtuko balitu bezala».

(ID_13634300) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-02-23, Donostia. -Larruak eta izurrak- erakusketa aurkeztu du Tabakalerak
Nora Aurrekoetxearen Kaia eta Erdibitu obrak, Tabakalerako Larruak eta izurrak erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU

Sahatsa Jauregik metalezko egitura astun bat sortu du, Tripak arte eszenikoen konpainiako kideen (Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarez) «gorputza, eskala eta idiosinkrasia kontuan hartuta». Eskulturaren eta gorputzaren arteko harremana lehenagotik ere lantzen ari zen Jauregi, baina oraingo honetan «gorputz kolektibo bat» nahi zuela azaldu du, hain zuzen, «modu orkestratu, eta koralean» lantzeko. Planteamentua hau du: makina bat sortzea, «supermoldagarria», haren funtzioa Tripako kideek asma dezaten.

Maite Mugerzak konpainiaren izenean esan du «sorpresa polita» izan dela: «Estrukturak kutsu industrial eta arrotza zuen, baina moldagarria izateak asko lagundu du, eta zientzia fikziora eramateko aukera ere eman digu».

Kimia Kamvariren lan artistikoak bizitzaren eta heriotzaren arteko muga hartu du gogoetagai. Tabakalerako instalazioak argazki zuri-beltzen segida bat erakusten du lehendabizi. Hartan, behiak eta natura dira nagusi. Gero, argazki segidaren muturrean, mendilerro arre-gorri bat dirudiena ageri da lurrean, esnearen kaseinaz eta odol hautsaz egina.

Jarduera programa

  • Sahatsa Jauregi, Tripak. Maiatzaren 3an eta maiatzaren 31n.

  • Yael Davids, Tara-Jay Bergen. Feldenkrais erakustaldia. Otsailaren 24an.

  • Yael Davids, Sirah Badiola, Paula Rodriguez. Feldenkrais saioak. Asteartero, 18:00etan.

  • June Crespo, Beatriz Setien, Antonio Menchen, Maia Villot.Core. Maiatzaren 4an eta ekainaren 1ean.

  • Arte makina. Arte garaikiderako hurbilketa. Euskaraz, martxoaren 21ean eta maiatzaren 30ean.

  • Olatz Otalora. Irakurketa. Maiatzaren 31n.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.