Musika-Literatura

Lide Hernando: «Musikan hautu batzuk baldintzatuta egiten dira, guztiz kontziente izan gabe»

Musika da bere bizitzako muinetako bat. Liher taldeko abeslariak Bele bakarkako proiektua aurkeztu du orain gutxi. Halaber, 'Izotz ura' nobela kaleratu zuen urtarrilean, musikari tiraka laguntasuna lantzen duen obra.

(ID_13602318) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-14, Donostia. Lide Hernando, musikaria
Lide Hernando musikari eta idazlea, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko martxoaren 3a
05:15
Entzun

Sakelakoan mezu batzuk eta posta elektronikoko beste hainbat erantzuteko baliatu du Donostiarako bidaia. Edozein tarte da ona halakoak apur bat aurreratzeko. «Esan beharra daukat denbora aldetik ez nabilela estresatuta, baina gauza asko egiten ari naiz batera», gehitu du. Lide Hernandok (Donostia, 1991) pandemian sortutako hainbat asmo argitara atera dira orain gutxi; horien artean daude Izotz ura (Susa) bere lehen nobela eta Bele bere bakarkako lehen proiektu musikala. Liher taldeko abeslari eta gitarra jotzailea ere bada, baina ez luzerako, oraingoz: atzo esan zien taldeak agur agertokiei, bederatzi urteren ondoren.

Proiektu batzuei agur esan, eta berriei ekin diezu orain dela gutxi. Abentura berrietan murgilduta, beraz.

Ez dakit 30 urte bete nituelako-edo izan ote zen, baina momentu batean sentitu nuen bizitza aprobetxatu egin nahi nuela. Geroz eta argiago izan nuen zer zen egin nahi nuena, eta pentsatu nuen: «Aprobetxatu, Lide, orain gaztea zara eta». Gauza asko egiten hasi nintzen aldi berean. Pandemiak ere lagundu zuen, orain erakusten ari naizen proiektuetako asko orduan hasitakoak baitira.

Atzo izan zen Liherren azken kontzertua. Taldeak betirako esan du agur?

Udako eta neguko arropen aldaketa egiten da ba armairuetan, ezta? Bada, horrela sentitzen naiz apur bat. Arropa batzuk jartzen eta beste batzuk erretiratzen ari naiz, baina ez dut ahaztu nahi erretiratzen ari naizen horietaz. Armairuan gordetzen ari naiz Liher, aurrerago berriro erabiliko dudalakoan. Nik orain atseden bat behar dut Liherretik aparte, beste proiektu musikal bat atera dudalako: Bele. Proiektu horretan ari naiz lanean, baina ez dut nahi Liher betirako joan dadin.

Liherretik urrunduta atsedena behar duzula esan duzu. Zergatik?

Ia bederatzi urte igaro ditudalako musika mota bera egiten, talde berarekin, kontzertu pila bat ematen, abestiak grabatzen, diskoak ateratzen... Mugimendu bizian murgilduta. Azkenean, bai fisikoki eta baita mentalki ere, nekatu egiten zara mugimendu horretan. Ez zara nekatzen pertsona horietaz, asko maite ditut-eta, baina bai proiektuaz. Liherren falta sumatzea da orain behar dudana.

Askok esango dute garairik onenean erabaki duzuela gelditzea.

Bada, bai; askotan esan diguten eta esango diguten zerbait da. Baina guk geure buruari begiratu diogu gehiago, ez publikoki lortzen ari garenari. Taldeko bost kideek nahi genuena egin dugu. Nekatuta gaude; bada, deskantsatu dezagun.

Garrantzitsua da zuek behar zenuten horri kasu egitea.

Hala da. Gure ibilbidean gauza batzuk guregatik egin ditugu, eta beste batzuk besteengatik, edo sona bat lortzeagatik.

«Beste proiektu musikal batekin ari naiz orain [Bele], baina ez dut nahi Liher betirako joan dadin»

Nolakoak izan ziren Liherren hastapenak?

Oso inuzenteak ginen, ni bai behintzat. Taldeko gitarra jotzaileak, Iñigo Etxarrik, denbora gehiago zeraman industrian, eta bazekien nolakoak ziren gauzak. Ez zituen hainbeste ilusio faltsu egiten; nik, aldiz, bai. Polita izan zen hasiera, baina kolpe asko hartu genituen. Era berean, inozentzia hori gustatzen zitzaidan, mundu berri bat esploratzen ari bainintzen. Orain Belerekin hasten ari naizela, dakizkidan gauza horiek kontuan hartuta, hasiera desberdin bat izaten ari da.

Zerbait berria hastean dagoen urduritasun edo ilusio hori bilatzen zenuen Belerekin hastean?

Egia da Liherrek lehen nigan bazuela magia ukitu bat orain ez duena. Hasieran ez nuen ondo ulertzen nola sortzen nituen abestiak, eta, pixkanaka, metodo bat eraikitzen joan naiz. Lehen, sortzen joaten nintzen, eta emaitza ikusten nuenean harrituta geratzen nintzen. Orain, sorkuntza prozesua pragmatikoagoa da.

Hasieratik izan zenuen argi Belek estilo aldetik zein ildori jarraituko zion?

Oso bitxia izan da, zer egin nahi nuen oso argi izanda hasi bainuen proiektua. Baina, abestiak sortuz joan diren heinean, konturatu naiz dena ez dela izan nik nahi nuen bezala. Dancehall estiloko kanta bat dago diskoan, eta, berez, proiektua ez zegoen horrelako ezer egiteko pentsatuta, baina horrelako abesti bat sortzeko izugarrizko gogoa izan nuen. Liher baino kontzienteagoa izan da Bele, zabaldu nahi dudan irudiari dagokionez.

Zer irudi eman nahi duzu?

Euskaraz musika beltza egingo zuen pertsona batena. Kontzertuetan abeslari izango naiz gehiago, eta ez hainbeste musikari. Nire proiektu bat izango da, ez musikari talde batena.

Talde baten babesean hainbeste urtez egon ondoren, arreta zugan jartzea erraza izan al da?

Erronka moduan hartzen dut. Hala ere, musikariekin joango naiz zuzenekoetara. Eszenatokira eramatean, ez dut ia instrumenturik izango. Ikusleek nigan jarriko dute begirada gehienbat; nola abesten dudan eta nola mugitzen naizen. Alde horretatik agian biluziago sentitzen naiz, baina ez dit beldurrik ematen.

Musika beltza egin nahi izan duzu, baina gaur egungo estiloetara eta doinuetara egokitu duzu.

Hala da. Batez ere AEBetan musika beltza egiten duten musikariek egindako lanekin du zerikusia. Gaur egun, disko askotan, nahiz eta genero jakin batekoa izan lan hori, kantetako bat estilo guztiz desberdin batekoa izan daiteke. Nire ustez, gaur egungo musika askotarikoagoa da, nahiz eta estilo baten barruan egon; ez da hain zurrun egokitzen horretara.

Liherrekin sortzea eta Belerekin sortzea oso desberdina izan al da?

Hasteko, melodia aldetik, Beleren abestiak nik bakarrik sortzen ditut; ahotsaren melodiari dagokionez, behintzat. Liherren, azken urteetan behintzat, Iñigo Etxarrik sortzen zituen abestiak, eta nik jartzen nizkien melodiak. Gainera, Liherren kantetan gauza orokorragoez hitz egiten saiatzen nintzen; intimitatera ez nuen hainbeste jotzen. Azken finean, talde bat gara, ez nuen zilegi ikusten nire intimitatea hor erakustea. Belen askeago sortzen ditut niri buruzko hitzak.

«Kontzertu askotan gertatzen zait zer egiten ari naizen ahaztea; momentua bizitzen ari naiz. Oso momentu emozionala da, emozioak arrazoia gainditzen baitu orduan»

Proiektu musikal batetik beste batera egingo duzu salto, baina oholtzak utzi gabe. Zer da zuretzat oholtza gainean egotea?

Oso zaila da azaltzen! Eszenatokian magia pila bat dago. Deskriba ezin daitekeen zerbait dago, batzuetan hor dagoena eta beste batzuetan ez. Horrek egiten du kontzertu bat ahaztezin, edo baita kontrara ere. Kontzertu askotan gertatzen zait zer egiten ari naizen ahaztea; momentua bizitzen ari naiz. Oso momentu emozionala da, emozioak arrazoia gainditzen baitu orduan. Nire ustez, gutako askorentzat horregatik merezi du musika egiten jarraitzea. 

Orokorrean, artistek gero eta garrantzi handiagoa ematen diete zuzenekoei gaur egun.

Bai, eta gu ere saiatu gara horri indarra ematen Belen. Argi indartsuak eramango ditugu, ni ere prestatzen ari naiz nola mugitu ikusteko eta inprobisatu beharrik ez izateko... Kasu batzuetan, garrantzi handiegia ematen zaio horri, musikaren kalterako. Gure kasuan, dena batu nahi dugu; bai musika eta baita zuzenekoa ere, eta ikuskizun bat egin nahi dugu.

Musika izan da Izotz ura liburua idazteko aitzakia ere. Pandemia garaian hasi zinen nobelarekin.

Pandemiak musika jarduera guztia eten zuen. Beste musikari batzuen elkarrizketak entzun ditut, Izarorena adibidez, eta hark esan zuen pandemia oso ondo etorri zitzaiola. Niri, aldiz, oso gaizki etorri zitzaidan. Liherrek orain arte gehien landu duen diskoa atera berri zuen [Hemen herensugeak daude, 2020]; lan pila bat egin genuen. Otsailaren 28an atera genuen, eta handik bi astera etxean geunden denok. Orduan, frustrazio zurrunbilo batean sartu nintzen.

Zerk frustratzen zintuen?

Ez nintzen eroso sentitzen musikaren industrian nuen lekuarekin. Batzuetan pentsatzen nuen ezagunegia nintzela, eta ez nuela hain ezaguna izan nahi; eta beste batzuetan, ez nuela merezi nuen sona. Oso gaizki pasatu nuen. Emakumeok musikaren industrian ditugun harreman sanoen eta ez-sanoen inguruan hausnartzen hasi nintzen. Niretzat terapia bat izango zen istorio bat kontatu nahi nuen, eta hortik sortu zen Izotz ura idazteko ideia. Fikzioa da, baina nire ezinegonetik sortua.

Zenbat du autobiografikotik liburuak?

Ez du ezer. Nik uste dut idazle guztiek sartzen dituztela euren bizitzako datu txiki batzuk. Esaterako, badago pasarte bat, non protagonistetako bat Friburgon [Alemania] dagoen bere taldearekin jotzen. Deskribatzen dudan leku hori existitzen da, nik Liherrekin han jo bainuen. Bestela, tramak eta pertsonaiak asmatuak dira.

Protagonista bakoitzak, Saioak eta Marak, musikari batek izan ditzakeen bi bizitza posibleak erakusten ditu.

Bi bizitza edo bi hautu posible azaltzen dira, baina gehiago ere egon daitezke. Musika munduan, askotan hautu batzuk baldintzatuta egiten dira, guztiz kontziente izan gabe. Nik hori irudikatu nahi nuen. Behin atzera begira jarrita, pentsatzen duzu: «Nola iritsi naiz ni honaino?», eta konturatzen zara hautu batzuk ez dituzula zuk erabaki; gizarteak, familiak, politikak, norberaren jatorriak edo dena delakoak baldintzatuta egon direla. Bi protagonistekin hori irudikatu nahi nuen: hein handi batean euren erabakien jabe direla, baina beste hein batean ezetz.

«Pandemia garaian, ez nintzen eroso sentitzen musikaren industrian nuen lekuarekin. Batzuetan pentsatzen nuen ezagunegia nintzela, eta beste batzuetan, aldiz, iruditzen zitzaidan ez nuela merezi nuen sona»

Esango zenuke, Saioak egin bezala, posible dela musikatik guztiz aldentzea eta hura ezezagun bat izango balitz bezala jokatzea? Zuk egin ahalko zenuke?

Oraingoz, esango nuke ezinezkoa dela. Dena den, eduki ditut Saioak izan dituen pentsamendu intrusibo eta negatibo horiek. Saioa bere ibilbide musikalaren amaieran egon zen bezala egon nintzen ni pandemian. Hala ere, badago beste osagai bat beti hor mantentzen zaituena; eszenatokira igotzean sortzen den sentipen nahasketa hori, esaterako. Nahiz eta beherakada izan nuen, orekatu egin dela esango nuke. Oraingoz, ez dut musika uzteko intentziorik.

Erraza izan da liburu bat idaztea, inoiz egin ez duzula kontuan hartuta? 

Ez da erraza izan, baina oso polita izan da bidea. Ibilbide osoan ez naiz behin ere damutu. Ia bi urteko prozesua izan da. Pandemian sortu zen, baina ez nintzen orduan hasi idazten. Pertsonaiak sortzen hasi nintzen orduan, nahiko lasai. 2021. urtearen amaieran eta 2022aren hasieran buru-belarri hasi nintzen idazten. Urtebete egon nintzen egitura lantzen, eta beste urtebete idazten.

Liburuan, euskaraz abesten ez duten euskal taldeen gaia ekarri duzu hizpidera, besteak beste. Zure ustez, euskal talde batek euskaraz abestu behar du nahitaez?

Taldeak aukeratu behar du. Nire kasuan, hautu politiko bat da musika euskaraz egitea, gaur elkarrizketara makillatu gabe etortzea hautu politiko bat den moduan. Nire gurasoak euskaldun berriak dira, eta, erosoago moldatzen direnez gaztelaniaz, haiekin hala hitz egiten dut. Nik nire bizitza euskara eta gaztelera nahastuta egiten dut, eta sormen aldetik ere errazagoa egingo litzaidake gazteleraz sortzea, baina ez dut nahi. Euskara txikia da, mehatxatuta dago, galbidean, nahiz eta erresistentzia handia egon... Bada, egin euskaraz. Erantzukizuna daukagula uste dut.

Musikariak Ikastetxeetan egitasmoan parte hartzen duzu, eta duela hilabete batzuk egitasmoan izandako esperientzia bat kontatu zenuen sare sozialetan.

Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko gazteek euskal musikaren inguruan zuten ezagutzaren arteko desberdintasuna azaldu nuen, nik bizitakoaren arabera. Twitter sare sozialeko karaktere kopurua dela eta, ezin izan nuen nahi beste azaldu, eta hainbat ñabardura ditu kontatutakoak: ez nintzen Iparraldea eta Hegoaldea konparatzen ari. Baionako Bernat Etxepare lizeoan egon nintzen, eta, euskalgintzari dagokionez, uharte bat dela iruditzen zait. Horregatik dauka daukan indarra. Ikasleek miresmena eta errespetua diote euskarari, eta euskal kulturari, eta hori nabaritu egiten da. Hegoaldean zer gertatu da? Euskara normalizatu egin dela. Zoologiko batean lehoia kaiolan badago, miretsi egiten da; bada, gurean, lehoi hori aske dago. Euskara beste hizkuntza batzuekin nahastu da, tamalez.

(ID_13602312) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-14, Donostia. Lide Hernando, musikaria
JON URBE / FOKU

«Sortzaile askori oso zaila egiten zaigu gure sormenarengatik dirua eskatzea»

Ez da erraza musikari eta, orokorrean, sormenari lotuta dagoen lanen bat ogibide izatea. Hernandok uste du jendea ez dela ohartzen industriak dituen alde ilunez eta hartu beharreko erabaki zailez, eta horiek erakutsi nahi izan ditu eleberrian. Konparazioetatik ihes egin behar izan du, horiek harengan zuten eragin negatiboaz jabetuta. Sare sozialak dira, gaur egun, konparatzeko tresna nagusia.

Musikaren industriarekiko harremanean bolada konplikatu batean zinela hasi zinen liburua idazten. Horregatik azaldu nahi izan dituzu haren argi-ilunak eleberrian?

Bai, liburua hasteko arrazoietako bat izan zen. Nire ezinegona terapia gisa islatu nahi nuen. Baina, bestetik, iruditzen zitzaidan musikaren inguruan dauden euskal liburuak musika industria zaharragoari buruzkoak direla: Ez Dok Amairu, Euskal Rock Erradikala... Asko dakigu garai horri buruz, baina gaur egungo industriari buruz, ez bada prentsako artikulu sakonetan edo saiakeretan, ez da asko jakiten. Gehiago ezagutzen da musikarien arteko elkarrizketetan, gure burbuilan.

Zertan nabaritu duzu hori?

Konturatu naiz nire kuadrillako jendeak ez dakiela ezer musikaren industriaren inguruan; ez dute ulertzen. Jendeak uste du talde bat apur bat ezaguna bada izugarrizko dirutza duela, eta ez da hala. Eleberriarekin erakutsi nahi nuen zein zaila den negozioa egitea musikarekin, hori da jendeak jakitea nahi dudana. Sortzaile askori oso zaila egiten zaigu gure sormenarengatik dirua eskatzea. Gaizki sentitzen gara, sormena baldintzatzen ariko bagina bezala. Sormena kaxa edo kaiola batean sartzen ari garela ematen du, hura saltzeko. Lehenbizi sorkuntza dago, baina gero zilegi da musika hori nola saldu pentsatzea, bestela ezin baita hortaz bizi. Batzuetan erabaki zailak, merkataritzari lotuak, arimarik gabekoak hartu behar dira. Erabaki zail horiek erakutsi nahi nituen. Ez ditut gauza horiek kondenatu nahi izan, baizik eta, besterik gabe, kontatu.

Sare sozialak, esaterako, norberaren lanak eta proiektuak zabaltzeko aukera paregabea dira, baina arriskutsuak ere izan daitezke. Zuk zer iritzi duzu haien inguruan?

Sare sozialak arriskutsuak dira, droga bat baitira. Pandemian bizitza pribatura pasatu behar izan ginen, eta jada ez genuen kontzerturik emateko aukerarik. Guk diskoa zabaltzeko erabili genituen sare sozialak. Bat-batean, izugarrizko adikzioa nuen; begiratzen hasi nintzen diskoa zenbat jendek entzun zuen, zenbat like [atsegin dut] zituen gure argazki berriak, zer-nolako iruzkinak genituen... Oso arriskutsua da hori.

Iruzkin onak eta txarrak bide beretik etortzen dira.

Hala da. Orain uste dut aukera hori kendu dutela, baina lehen Youtuben Atsegin dut eta Ez dut atsegin botoiak zeuden argitaratutako bideoetarako. Ni obsesionatu egiten nintzen Ez dut atsegin bat ikusten nuenean. Agian 157 Atsegin dut zituen bideoak, eta 3 Ez dut atsegin, eta neure buruak ez zuen ulertzen zergatik egiten zuen jendeak hori. Dopamina sortzen digu Atsegin dut emateak, eta jendeak botoi bat klikatu besterik ez du egiten. Hori da buruan izan behar dena.

Dinamika horrek porrot sentipena eragin dezake. Porrota kudeatzen jakitea garrantzitsua izango da artistentzat.

Bai, ezinbestekoa da. Porrota norberaren buruan dago, eta, adibidez, nik askoz ere porrot sentipen handiagoa nuen Liherrekin, nire taldekideek baino. Ez dakit zergatik. Nik, agian, jende gehiagorengana iristea espero nuen puntu jakin batzuetan, eta ez genuen lortzen. Hori porrota zen niretzat. Bakoitzaren espektatiben barruan dago porrota. Nik uste dut porrota baino gehiago espektatibak kudeatzen ikasi behar dela. Gurea beste ogibide bat da, eta, ondorioz, jendearen feedbackaren edo erantzunaren menpe funtzionatzen dugu.

Zuk hori landu behar izan duzu?

Bai. Konparazioarekin izugarrizko arazoak izan ditut, konparatzea txarra dela ikasi dudan arte. Izaten ditudan espektatiben eta lortzen ditudan emaitzen arteko oreka bilatzen ikasi behar izan dut. Liburuan badago pasarte bat gai hau oso ongi islatzen duena. Bi protagonistek ez dute elkarren artean harremanik, harik eta biak kide diren abesbatzako zuzendariak ariketa bat egiten duen arte; notarik altuenera nor iristen den ikusteko ariketa da, abesbatzako haur guztiak ahotsen arabera antolatzeko. Saioa eta Mara izango dira lehian azkenak, eta Marak irabaziko du. Horrekin irudikatu nahi izan dut etengabe konparatzen dugula geure burua beste batzuekin eta beste batzuek egiten dutenarekin, eta ni joko horretan erori nintzen.

Emakumeen artean lehia hori nabarmenagoa da.

Noski. Sistemak beti jarri izan gaitu lehian, badakitelako zein arriskutsua den emakumeak elkarren artean antolatzea. Orain, gero eta beldur gutxiago diote horri, ikusi dutelako ez garela munstro batzuk, ez ditugula jango. Orain arte, misoginoak zirenak gure beldur ziren, eta horretarako jartzen gintuzten lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.