Mati Diop (Paris, Frantzia, 1982) zinemagileak berriki eraman du gaia lehen lerrora, Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi duen Dahomey dokumentalean: Beningo agintariek eskatutako 26 artelan itzultzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak 2020an, eta, artelan horien arrastoari segika, Diopek Afrikako herrialdeko herritarren ahotsa jaso du pelikulan. Frantziak arpilatutako ondarea jatorrizko herrialdera bueltatzeko prozesuari buruzko beldurrak eta aurrera begirako erronkak islatu ditu dokumentalean.
Urteetan, mendean hartutako lurraldeetatik arpilatutako piezekin osatu zituzten beren bildumak Mendebaldeko museo nagusiek, eta milaka eta milaka daude oraindik haietan ikusgai. Antzinako zibilizazioetako eta egungo hainbat herrialdetako kultur ondareko piezaz gainezka daude Londresko British Museum, Parisko Louvre edota Berlingo Neues Museumeko areto eta biltegiak, beste askoren artean. Zenbait historialarik diotenez, Afrikako ondare kulturalaren %90 inguru Europan dago.
Azken urteotan, baina, museoen ikuspegi koloniala gainditzeko eztabaida zabalduz joan da nazioartean. Europako zenbait museok urratsak egin dituzte artelanak jatorrizko herrialdeetara itzultzeko, edota arte objektuak testuinguru historikoaren arabera berriz interpretatzeko eta aztertzeko.
Duela zenbait aste, Espainiako Gobernuko Kultura ministro Ernest Urtasunek iragarri zuen elkarrizketa prozesu bat abiatuko zuela museoen ikuspegi kolonialista eta eurozentrista gainditzeko, eta, iragarpenaren ondotik, zenbait museo hasi dira urratsak egiten. Madrilgo Reina Sofia museoak, adibidez, deskolonizazio prozesua gidatzeko arduradun bat izendatu berri du: Amanda de la Garza komisarioa eta Mexikoko artearen historiagilea.
Begirada kritikoa
Museoen deskolonizazioaz galdera egin die BERRIAk sektoreko hainbat adituri, eta denak bat datoz: eztabaida abiatu izana positiboa da, eta begirada koloniala gainditzeko pausoak ematen hastea, ezinbestekoa.
Museoen ikuspegi koloniala berrikusteko urratsak egitea baikorra ez ezik «aberasgarria» ere badela iritzi dio Rafa Zulaika arte historialariak (Donostia, 1963). Haren ustez, genero ikuspegia museoen narratibetan naturaltasunez barneratu den moduan, deskolonizazioari buruzko eztabaida ere «beldurrik gabe» aztertu beharko litzateke. «Museoek begirada kritiko bat izan beharko lukete hamarkadetako historiarekiko, eta pentsaera kritiko horretatik ondorio batzuk atera», erantsi du.
Arte garaikideko museoei ere «bete-betean» eragiten die auziak, ez hainbeste euren bildumekin zerikusia duelako, programatzerakoan aintzat hartu beharreko gaia delako baizik. Hala uste du Catalina Lozano Artium museoko komisarioak (Bogota, Kolonbia, 1979): «Arte garaikideko museoek ezinbestez kontuan hartu beharko lukete eztabaida hori, historia garaikidea kolonizazioarekin estuki lotuta baitago». Hego Amerikarekin alderatuta, Europan egiteko asko dago oraindik museoen ikuspegi koloniala gainditzeko, Lozanoren ustez. «Europak bere buruari begiratu beharko lioke, eragile kolonizatzailea izan baita», erantsi du.
«Museoek begirada kritiko bat izan beharko lukete hamarkadetako historiaren inguruan, eta pentsaera kritiko horretatik ondorio batzuk atera».
RAFA ZULAIKA Arte historialaria
Kolonialismoaren ondorioak aztertzen dituen Contrapunto elkarteko kide da Mikel Henda Gomez de Segura filosofiako doktorea (Gasteiz, 1984), eta uste du eztabaidari «seriotasunez» heldu nahi bazaio gaiaren ertz guztiak hartu behar direla aintzat. Besteak beste, premiazkotzat jo du testuinguruan kokatzea museoek gizartean duten funtzioa. Uste du, gainera, prozesu hori egiterakoan aintzat hartu behar dela kolonialismoaren ondorioak pairatu dituztenen ahotsa: «Ez du balio euskaldunoi edo europarroi iruditzen zaigun moduan egiteak. Prozesu horrek benetako balioa izan dezan, biktimekin hitz egin behar da, eta haien eskakizunak entzun», zehaztu du.
Praktikan, nola?
Baina ikuspegi koloniala gainditzeko zer urrats egin behar dituzte museoek? Galdera horri «gogoeta sakon» batetik so egitearen aldekoa da Zulaika, horrek berekin ekarri behar duelako artelanak eta objektu kulturalak hainbat ikuspegitatik berriro aztertzea eta «narratiba zabaltzea». Posible denean artelanak jatorrizko lekuetara itzuli beharko liratekeela dio, baina ez du uste praktika horrek arau orokorra izan behar duenik: «Kontraesana dirudien arren, ondarearen ahultasuna kontuan hartu behar da horrelako pauso bat ematerakoan, eta akaso museoek beren buruari galdetu beharko diote ea jatorrizko herrialdeek baldintza egokienak dituzten objektuak berreskuratzeko eta kontserbatzeko».
Ondarea kontserbatu eta hurrengo belaunaldientzako transmisioa bermatu nahi bada deskolonizazioaz «gogoeta zabalagoa» egitearen aldekoa ere bada Zulaika, besteak beste museoen interpretazio markoa «berrituta, zabalduta eta osatuta». Eta, horretarako, funtsezkotzat jo du jatorrizko komunitateekin lankidetza aktiboa izatea, jatorriko komunitateek erabakiak har ditzaten piezak interpretatzen eta erakusketak planifikatzen.
Azken ideia horrekin bat dator Gomez de Segura ere. Haren aburuz, ezinbestekoa da arpilatutako artelanen inbentarioa egitea eta «lapurtutakoaren» balio sinbolikoa, erlijiosoa eta kulturala dokumentatzea, betiere jatorrizko herrialdeetako adituekin elkarlanean. Museoaren izaeraren araberako neurriak hartzea proposatu du, berriz, Lozanok. Museo etnografikoei dagokienez, egoki ikusten du artelanak jatorrizko herrialdeetara itzultzea, betiere prozesu hori gogoeta sakon batekin lagunduta egiten bada. «Objektuak itzultzea bezain garrantzitsua baita horri buruzko eztabaida zabaltzea».
«Ezinbestekoa da arpilatutako artelanen inbentarioa egitea eta lapurtutakoaren balio sinbolikoa, erlijiosoa eta kulturala dokumentatzea, betiere jatorrizko herrialdeetako adituekin elkarlanean».
MIKEL HENDA GOMEZ DE SEGURAContrapunto elkarteko kidea
Arte garaikideko museoek ere badute zeresanik. Artium museoko komisarioak uste du funtsezkoa dela gaur egungo sormenari historiaren ikuspegi kritiko batetik begiratzea, eta artistek eta museoek txertatu dezaketela begirada hori beren egitekoan. Baita Artium museoak ere: «Gasteiz hiri plurala da, eta gero eta lotuago dago migrazio prozesuekin. Ezaugarri horiek oso kontuan hartzekoak dira museoak hirian izan behar duen tokia eta funtzioa eztabaidatzerakoan».
Euskal Herriko museoei so egin die Contrapunto elkarteko ordezkariak, eta gogorarazi du testuinguru kolonialak zipriztinduta daudela horietako asko: «Hemen ere bada zer hausnartu: ez gara salbuespena». Bi adibiderekin islatu du hori: Arabako Arte Ederren Museoaren eraikina Julian Zulueta esklabista ezagunaren jauregietako bat izan zen, eta Gasteizko Erlijio Artearen Museoak Hego Ameriketan egindako zilarrezko piezen bilduma bat gordetzen du.
Narratiba, auzitan
Kolonialismoa gainditzeak museoen narratibari eragiten diola uste dute hiru adituek. «Museoen biografia berritu behar da», dio Zulaikak. «Museoak eraldatu behar dira dominazio eta hierarkia inposizioen tresnak izateari utz diezaioten», gehitu du Lozanok.
Harago jo du Gomez de Segurak. Haren iritziz, museoetan erabaki da beste herrialdeetako arteak ez duela Mendebaldeko artearekin egon behar, eta, hala, «arte bat» museo etnografikoetara bideratu da, eta «bestea», arte ederren museoetara. «Haiek eta gu bat ezarri dute, arte onari eta kultura onari buruzko hierarkia bat», erantsi du.
Kontaketa «berri» baten beharra azpimarratu du Zulaikak, eta museoen izaera «kontserbatzaileari» ikuspuntu kritiko batetik so egitea: «1960ko hamarkadan Afrikatik edo Hego Ameriketatik ekarritako artelanen bilduma bat izateak ez du bihurtzen museo hori kolonizatzaile, baina badu azterketa berri bat egitearen ardura, izan erakusketa batekin, ikerketa lerro batekin, formazioarekin...».
«Arte garaikideko museoek ezinbestez kontuan hartu beharko lukete eztabaida, historia garaikidea kolonizazioarekin estuki lotuta baitago».
CATALINA LOZANOArtium museoko komisarioa
Bristol (Ingalaterra) museoan topatu du Zulaikak azaldutakoa islatzen duen adibide argi bat. 2020an, Black Lives Matter mugimenduaren protesten itzalean, Edward Colston esklabistaren omenez hirian zegoen monumentua eraitsi, margotu eta ibaira bota zuten. Handik egun gutxira, udalak brontzezko estatua uretatik atera, museora eraman, eta han paratu zuen etzanda, garbitu gabe. We Are Bristol historia batzordeak sustatuta, artelanaren esanahiaz gogoetatzeko parada eman zitzaien hala bisitariei. «Interpretaziorako marko berri bat eman zion museoak estatuari, modu aberasgarri eta eredugarri batekin».
Bristol museoaren adibideak ezin hobeto islatzen du zabalik egon behar duen «museo biziaren» kontzeptua, Zulaikaren irudiko. «Museoen berezko ezaugarri bat da kontserbazionismoa, baina beharrezkoa da pauso bat harago jo eta museologia berriari ateak eta leihoak zabaltzea», azaldu du. Historialariak uste du, gainera, ikuspegi koloniala gainditzeko eztabaida museo batean sartzen den momentutik tokia egin behar zaiola gizartearen parte hartzeari: «Jendeak eztabaidan parte hartzea sustatu behar da; adibidez, bozketa bat egin daiteke galdetzeko: Zure ustez, zer egin behar da artelan honekin: itzuli, bere horretan utzi, ala testuingurua aberastu?».