Libek «soinu ezberdin bat» bilatu du 'Azal Ezten' bere bakarkako hirugarren diskoan

Aurreko lanetatik aldendu eta «geruzaz geruza» ondutako lana egin du, soinu ilun, astun eta gordinekin.

Libe- Azal ezten diskoa
Libe Garcia de Kortazar. LIBE
edurne begiristain
2024ko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Sei urte igaro dira Ilargia erori da bakarkako azken diskotik, eta hamar Ihesaldi handia estreinakotik. Ordutik, ez du eten musikarekin duen lotura –Izaki Gardenak eta Pasadena proiektuetan ibili da, besteak beste–, baina Libe Garcia de Kortazarrek (Bilbo, 1981) aspalditik zuen bakarkako bideari ekiteko gogoa. Pandemia garaian hasi zitzaion buruan bueltaka bakarkakoari heltzeko ideia. «Baina ohartu nintzen ez nuela aski indarrik eta ilusiorik halako tamainako lan bati heltzeko, eta baztertu egin nuen». Handik denbora batera, Pasadena proiektuan murgildurik zegoela, sortu zitzaion «benetako ilusioa eta gogoa», eta, orduan bai, ekin zion hirugarren diskoa lantzeari.

Joan den urtarrilaren 25ean kaleratu zuen Azal Ezten lan berria (Alde IlunA, 2024). Aurreko bi diskoak ekoizteko erabilitako bide «zurrunetatik» ihes egin, eta modu «askeagoan» ondutako bakarkako lana da. Garcia de Kortazarrek «barrukoari» begiratu dio «soinu ezberdin bat» lortzeko. Eta halakoxea izan da prozesu horren emaitza: atmosfera beltz bezain intimoa sortu du zortzi kanta ilun eta gordinekin.

Zerotik hastea bezala. Disko berriaren sormen prozesua liberazio moduko bat bezala izan da Garcia de Kortazarrentzat. Hasieratik amaieraraino. Soinu berrien bilaketa prozesua, ekoizpena, grabazioa eta baita zuzenekoak ere; den-dena izan da ezberdina hirugarren lan honetan: «Aurreko diskoekin alderatuta, askoz ere argiago daukat zer gustatzen zaidan, eta non eta nola sentitzen naizen erosoago. Orain askeagoa sentitu naiz nahi nuena egiteko». Nahita bilatutako aldaketa bat izan da, Garcia de Kortazarrek aitortzen duenez, ez baitzuen bere burua aurreko bi diskoekin konektatua sentitzen. «Gustuko izan dudana egin dut, momentu bakoitzean atera zaidana. Nahi nuen diskoa atera dut».

Bat-batekotasunetik

Kantu bat sortzeko pausoetan, adibidez, ez da aritu ohikoa duen eran: normalean, melodia izaten du abiapuntu; gero, ahotsa gehitzen dio; eta azkenik, hitza. Kasu honetan, «bat-batekotasunari» aukera eman dio, eta, etxean bertan estudio txiki bat sortu, eta pedalekin, ahotsekin eta soinu «geruzekin» esperimentatzen aritu da. Prozesu horretan bidelagun eta inspirazio iturri izan du Aitor Garcia de Vicuña teklista. «Pasadenan ezagutu genuen elkar, eta, hari esker, teklatua ulertzeko beste modu bat ikasi nuen». Haren lorratza sumatzen da lan berrian, Garcia de Kortazarrek azaldu duenez: «Abestiek nire kutsua dute, baina beste era batean eginda daude: geruza eta efektu ugari dituzte, eta bat-batekotasun gehiago dute hitzek, ez dira lehen bezain zurrunak».

Ekoizpenak pisu handia izan du lan berrian. Soinu ezberdina bilatzeko nahi horrek eraman du Garcia de Kortazar ekoizpenean oso presente egotera: ahotsa efektuekin landu du, pianoa erreberberazioekin... Soinu berriaren bilaketan, besteak beste, Chealse Wolf musikaria izan du inspirazio iturri. Eta, hala, geruzaz geruza sortu ditu kantak: «Teklatu ilun baten gainean ahotsa sartu dut, ahotsaren gainean beste efektu bat...». Bat-batekotasunari ere tartea egin dio, eta maketarako egindako melodiak eta kantuak diskorako erabili ditu, gordin.

«Abestiek nire kutsua dute, baina beste era batean eginda daude: geruza eta efektu ugari dituzte, eta bat-batekotasun gehiago dute hitzek, ez dira lehen bezain zurrunak».

LIBE GARCIA DE KORTAZAR Musikaria

«Orbel elai azal/ Ilargi gau gorri/ Gurpil galdu/ Zurrunbilo sena ezin orain ukatu/ Zalantzak lotu nau/ Zain su deslai/ Zein gau hodei». Zalantza kantuak irekitzen du Azal Ezten diskoa, eta abestiak iragartzen duen giro ilun horrek bustitzen ditu jarraian datozen zazpi piezak ere. Efektudun ahotsak, sintetizadoreak eta teklatu erreberberatuak nagusituko dira gainontzeko kantuetan ere. Eta lehen kanta horretan ageri diren bi kontzeptu nagusi nahasian azalduko dira diskoan: zurrunbilo sena eta zalantza.

Jon Basaguren musikariak (Izaki Gardenak, Pasadena) idatzi ditu diskoaren hitz gehienak. Biek urteak daramatzate elkarri kantuak osatzen laguntzen, eta bien arteko sintonia ispilatu da lan honetan ere. «Nire melodietara egokitutako hitzak idazten ditu, gainean eraikitzen ditu berak hitzak, halako Frankenstein moduko bat eginez».

Diskoaren bigarren abestia Otzan da. Basagureni bururatu zitzaion: «Arima otzandu/ Burua apaldu/ Dantzaren pausoak ikasi/ esanak neurtu beti/ Nor zaren estali/ Zutaz ahaztu/ Zuretzat gorde erantzun guztiak/ Isildu!/ Edonondik entzuten dute». Rock erritmo sendoan eta giro lurrunkorrean murgiltzen diren doinuekin, «errealitate latza eta gordina» deskribatzen duela azaldu du Garcia de Kortazarrek: erlijioaren eta hezkuntzaren zapalkuntzak sortutako beldurra, hain zuzen.

Alde IlunA zigilua

Aitor Garcia de Vicuña (gitarra, sintetizadoreak), Dani Arrizabalaga (bateria) eta Ander Sevilla (baxua, sintetizadoreak) ditu taldekide agertoki gainean. Raul Perezen Granadako (Espainia) La Mina estudiora joan ziren grabatzera; han ondu zuten Izaki Gardenak taldearen Dena oskol (2018) diskoa eta Pasadenaren izen bereko lana ere (2021).

«Gustuko izan dudana egin dut, momentu bakoitzean atera zaidana. Nahi nuen diskoa atera dut».

 LIBE GARCIA DE KORTAZAR Musikaria

Alde IlunA zigilu berriarekin argitaratu du disko berria. Garcia de Kortazarrek eta Basagurenek elkarrekin jarri dute martxan zigilua, printzipioz euren proiektuetako diskoak plazaratzeko. Diseinuak, irudia eta komunikazioa lantzeko bokazioz ere jaio da. «Eta bideak erakutsiko du zer izatera iritsiko den», erantsi du abeslariak.

Duela gutxi hasi da kantuak zuzenean aurkezten. Lemoan (Bizkaia), Gasteizen eta Bilbon izan da, eta oraingoz baditu beste bi data lotuta: hilaren 21ean Arrasaten (Gipuzkoa), eta apirilaren 5ean Villabonan (Gipuzkoa). Aitortu du bereziak izaten ari direla zuzenekoak; batetik, diskoaren konplexutasuna zuzenekoetara eramatea prozesu «nekeza» izan delako, eta, bestetik, aurreko lanetako hainbat kanta moldatu behar izan dituztelako «bestelako kutsu» bat emateko. «Gustura eta gogotsu» dago aro berri honetan.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.