Izenari dagokionez, beltza da hila bera, eta beltza da bertan antolatzen dena ere. (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea ospatuko dute Baztanen (Nafarroa), datorren astelehenetik igandera. 2015etik antolatzen dute, eta aurtengo aldia hamargarrena izango da. Hori dela eta, hamar ekitaldi prestatu dituzte aste osorako; aurreko edizioetan baino bat gehiago. Baztango bazterrak «belztu eta berotu» nahi dituzte egitasmoaren antolatzaileek.
Hamargarrenez egingo dute euskal nobela beltzaren astea, eta hamar aldi horietan egitasmoa «ezer gutxi» aldatu dela esan du Aitziber Zapiain antolaketa taldeko kideak. Gehitu du ez dutela inoiz kontuan izan ekintzetara bertaratu den jende kopurua, baina urtez urte goraka joan dela; asteburuko jardueretan batez ere. Irakurketa talde bateko kideak ziren antolatzaileak, eta euren ideia izan zen (H)ilbeltza antolatzea. «Oso ondo pasatzen dugu antolaketa lanetan ere», kontatu du.
Doinueleko, euskarazko liburu eta disko azoken sareko lehen geldialdia izango da Baztangoa. Gero etorriko dira Geure Gelatik (Azkoitia, Gipuzkoa), Literaturia (Zarautz, Gipuzkoa), Ziburuko azoka (Lapurdi), Hernaniko azoka (Gipuzkoa), Ikusi Mikusi (Sara, Lapurdi), Lazkaoko azoka (Gipuzkoa) eta Sormene (Galdakao, Bizkaia).
Duela zortzi urte hasi ziren (H)ilbeltzako beka antolatzen, aste beltzeko ekitaldien artean. Geroztik, sormen eta itzulpen bekei esker, euskarazko nobela beltzak kaleratu dituzte. 2022ko beka Beñat Irastorzak lortu zuen, eta Fred Vargasen Altxa hildakoak eleberria itzuli zuen. Astelehenean aurkeztuko dute liburua, Arizkungo medikuaren etxean. Bestalde, abenduan argitaratuko dute iaz beka irabazi zuen lana; Joxan Oiz Arrutiren Zorigaiztoko, hain zuzen. Beka lortutako proiektu guztiak Txalapartak argitaratzen ditu.
Aurtengo deialdian itzulpenera joko dute berriro. Nuria Cadenes idazlearen Guillem eleberria itzuli beharko da. Martxoaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, eta epaimahaiko kideek apirilaren 30ean jakinaraziko dute zein izan den saritua.
Liburuez haratago
Liburuak dira (H)ilbeltzaren muina, baina ez da horretan geratzen. Zapiainen ustez, horrek egiten du berezi egitasmoa: «Ez ditugu irakurleentzako jarduerak bakarrik prestatzen, eta horrek egiten gaitu erakargarri». Ostiralean, Josu Martinezek Jon Miranderen inguruan egindako dokumentala emango dute Iruritan. Askotariko iritziak daude Miranderen inguruan, eta zuzendariak nor zen erakutsi nahi izan du Mirande, film baterako zirriborroa dokumentalean.
Larunbata, urtarrilak 27, izango da egun handia. Sorgin ehizaren inguruan arituko dira Amaia Nausia, Asisko Urmeneta eta Juainas Paul, Elizondoko kultur etxean. Gaia ikuspegi batetik aztertuko du hizlari bakoitzak: Nausiak Europako feminizidiorik handiena izan zela uste du; Urmenetarentzat, konkistaren logikatik ulertu behar da gaia; eta Paulek garai hartako gatazka politiko eta sozialak ikertu ditu.
Erratzuko elkartean egingo duten bazkariaren ostean, liburuak aurkeztuko dituzte Ernesto Pratek, Mikel Begoñak eta Xabier Lasak. Mendeku eskubidea (Txalaparta, 2024) aurkeztuko du Pratek; Hiru etxe Santa Monikan (Harriet 2022), Begoñak; eta Ura ez baita beti gardena (Elkar 2023) Lasak.
Pandemiaz geroztik bigarrenez egingo dute Susmagarrien gaua, egitasmoa egiten hasi zirenetik publikoak gustukoen duen ekintzetako bat. Erratzuko karriketan zehar jolas bat proposatuko zaie parte hartzaileei. Antolatzaileek eguna iritsi arte pista bat bera ere eman ezin dutela adierazi zuten aurkezpenean; hala ere, gauza bat argi utzi zuten: ekintzak misterioa izango du.
Igandean ere egingo da antzeko zerbait. 10:30ean Elizondoko plazatik hasita, Erraiak etsai itzuli beltza antolatu dute. Bartzunera bilduko dira parte hartzaileak, bertako sekretuak ezagutzeko: «Mendi ibilaldi antzeztua» izango da, Zapiainen esanetan.
Euskal nobela beltzaren gorakada
Urtero euskarazko nobela beltz berriei lekua egiten diete egitarauan, eta horietako batzuen aurkezpenak antolatzen dituzte. Normalean larunbatean izaten dira. Hasierako urteetan euskarazko lanak topatzea zaila egiten zitzaiela oroitu du Zapiainek. Baina azken urteetan egoera hori irauli egin da, eta hiru aukeratzen dituzte aurkezteko.
«Badago [(H)ilbeltza] bekara aurkeztu den jendea, eta, euren lagina aukeratu ez dutenez, lana argitaratzera animatu dena, beste batean gurean aurkezteko». Euskal nobelagintza beltza goraka doala iruditzen zaio, eta eskaintza «oparoa» dagoela gaur egunean.
egitaraua
- Urtarrilak 22, astelehena. Idazleekin solasean, VI. (H)ilbeltza bekaren irabazlea. Beñat Irastorza, Altxa hildakoak. 19:30ean, Arizkungo medikuaren etxean.
- Urtarrilak 24, asteazkena.Eusebio Erkiaga: Arranetik bertze auzo batzuetara. Miren Agur Meaberen solasaldia. 19:00etan, Anizko Mendiarte elkartean.
- Urtarrilak 25, osteguna. Jon Alonsoren Carvalho Euskadin liburuaren inguruko solasaldia. Elkarrizketatzailea: Irati Jimenez. 19:00etan, Berroetako Gure Ametsa elkartean.
- Urtarrilak 26, ostirala.Mirande, film baterako zirriborroa dokumentalaren emanaldia. 19:30ean Iruritako gizarte bilgunean.
- Urtarrilak 27, larunbata.Sorgin-ehiza Euskal Herrian, mahai ingurua. 11:00etan Elizondoko Arizkuene kultur etxean. Ondoren:
- Bazkaria Erratzuko elkartean, 14:00etan.
- Liburu aurkezpenak 17:00etan: Ernesto Preten Mendeku eskubidea, Mikel Begoñaren Hiru etxe Santa Monikan, eta Xabier Lasaren Ura ez baita beti gardena.
- Susmagarrien gaua. 18:30ean hasita, Erratzun barna.
- Urtarrilak 28, igandea.Erraiak etsai itzuli beltza. 10:30ean, Elizondoko plazatik hasita.
- Izu-gar-irrizko bertso saioa. Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza. Gai jartzailea: Amaia Agirre. 19:00etan, Elizondoko Arizkuenea kultur etxean.