Sormenerako aterpe eta fabrika

Gasteizko Baratza aretoak hamar urte bete ditu. Sorrerako asmoei eutsita, tokian tokiko arte eszenikoen «laborategi» bilakatu da.

BARATZA ARETOA- Garazi eta Unai Lopez de Armentia
Garazi eta Unai Lopez de Armentia Baratza aretoaren kanpoaldean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Arte eszenikoetarako eta kulturarako espazio alternatibo eta independentea izateko helburuz jaio zena «amets fabrika» bat da orain. Tartean, hamar urteko ibilbide bat dago. Hamarkada bat Gasteizko Baratza aretoak ateak zabaldu zituenetik. Unai eta Garazi Lopez de Armentia neba-arrebek landatu zuten proiektuaren hazia, 2013ko abenduan, eta, atzera begira jarrita, uste dute orduan ezarritako helburuak bete direla: «Amestu genuen leku hori dugu». Izan ere, sortze prozesuak bertatik bertara ikusi eta gozatzeko leku independente bat da Baratza, tokian tokiko eszenaren «aterpe» bat, «lengoaia berriak» herritarrei hurbiltzeko espazio bat, sortzaile berriak prestatu eta kultura alor guztietan sortzeko lan egiten duena.

Baratza aretoaren urteurrena ospatzeko, jaialdia egingo dute bihar —larunbata— Aldabe plazatxoko gunean. Krisi ekonomiko batean jaio eta pandemia batetik bizirik ateratzea aski arrazoiak izan zitezkeen urtemuga festa batekin ospatzeko, baina badira askoz ere arrazoi gehiago: «Ikasi dugun guztia ospatu nahi dugu, eta baita espazio honek eman dizkigun buruhauste guztiak ere». 

Konpartitzeko, gogoratzeko, etorkizunari begiratzeko, gozatzeko eta, nola ez, proposamen eszeniko batzuk taularatzeko eguna izango da biharkoa. 19:00etan hasiko dute jaia, eta 03:00ak arte irauteko asmoa dute. Ospakizunerako propio egindako egitaraua ondu dute, non musika, antzerkia eta dantza ez diren faltako. Besteak beste, Monstrenko eta Kalakalab-eko Txubio Fernanez de Jauregi eta Ricardo del Conde, Javier Barandiaran Pedraras eta Idoia Zabaleta gonbidatu dituzte.

Artisten beharrei so

Ikastolako jolaslekuari ere baratza deitzen ziotelako jarri zioten izen hori aretoari, duela hamar urte. Finean, Baratza aretoan lan egiteko moduaren oinarria umeen gisa jolastea delako, eta Lopez de Armentia neba-arrebek beharrezkotzat jotzen dute sortze lana horrela egitea, modu aske batean, presio eta aurreiritzirik gabe. «Laborategi» baten antzekoa baita Baratza: «Sormenaren gainean esperimentatzeko eta ideiak garatu eta partekatzeko gune bat», Unai Lopez de Armentiaren hitzetan.

«Artistek hausnarketa, prestakuntza, eta lan egitaraua garatzeko tokia eta laguntza aurkituko dituzte hemen».

GARAZI LOPEZ DE ARMENTIA Baratza aretoko arduraduna

Hain justu ere, arte eszenikoen inguruan hirian zegoen «hutsunea» betetzeko sortu zuten aretoa bi anai-arrebek. Biek ala biek arte eszenikoen gaineko ikasketak egin zituzten Euskal Herritik kanpo, eta sorterrira itzuli zirenean jabetu ziren ez zeudela entseguetarako toki aski hirian, gutxi programatzen zela, eta are gutxiago euskaraz. Urteen poderioz aldatu egin da panorama, eta gaur egun arte eszenikoen gaineko «ikuskera zabalagoa» dago, baina Unai Lopez de Armentiaren ustez, oraindik «ikuspuntu kapitalista» bat nagusitzen da: «Instituzioetatik produktu bat bezala ikusten da kulturarekin lotutako dena. Artistok, baina, esperimentatzeko, prestatzeko, sortzeko espazioak behar ditugu».
Baratza aretoan esperimentazio lanetan diharduten artistek, lan berriei ekin nahi dietenek edota itzalean dauden bertako adierazpen artistikoek badute tokia. «Hausnarketa, eztabaida, prestakuntza, hedapena, lan egitaraua garatzeko lekua eta laguntza aurkituko dituzte hemen», azaldu du Garazi Lopez de Armentiak. 

Instituzioen lana betetzeko

Proiektua abiatu zutenean, taula beltz bat besterik ez zegoen aretoan. Hamar urte geroago, hiru gunetan banatutako 300 metro koadroko egoitza bat da. Kuia izena du aretorik handienak, eta han dago agertokia: formatu txiki eta ertaineko ikus-entzunezkoak eskaintzen dituzte bertan, Euskal Herriko dantza eta antzerki taldeen lanaren erakusleiho baten gisara.

«Ikuspuntu kapitalista bat dago; instituzioetatik produktu bat bezala ikusten da kulturarekin lotutako guztia».

UNAI LOPEZ DE ARMENTIA Baratza aretoko arduraduna

Antzerki, dantza eta arte garaikideak lantzen dituzten taldeentzako formakuntza, egoitzak, antzezpenak, entsegurako aretoak, tailerrak eta eztabaidarako guneak eskaintzen ditu Baratzak. «Bitartekari lana» ere egiten dute, arte diziplinak hiritarrengana gerturatuz. «Instituzioek egiten ez duten lan bat egiten dugu. Hutsune bat betetzen dugu».

Diru laguntzak jasotzen badituzte ere, autokudeaketa dute oinarri. Uste dute kultur eragileei aktiboki parte harraraziz lortuko dela sektorea aurrera ateratzea, eta, alde horretatik, sektorea «duintzen» saiatzen dira, antzezpenak eta egoitzak ordainduta. Erakundeen laguntzen menpe egoteak «etengabeko ziurgabetasuna» eragiten die, eta nekeza egiten zaie epe luzera proiektuak prestatzea. Nolanahi ere, amesten jarraitzeko gogoa sobera dute: «Sormena ahalik eta gehiena zabaldu nahi dugu gizartean».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.