«Goi mailako» lan bat hogei urte ospatzeko

Korrontzi taldearen sorreraren 20. urteurrena ospatzeko, 23 abesti biltzen dituen disko bikoitza eta liburu bat argitaratu dituzte.

Korrontzi taldea
Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kidea, lan berria eskuetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
edurne begiristain
2023ko azaroaren 28a
18:05
Entzun

2024a urte berezia izango da Korrontzi taldearentzat, hogei urte beteko baitira lehen diskoa kaleratu zuenetik. Urteurren borobila ospatzeko, lan berria argitaratu du talde mungiarrak: Korrontzi 20, bere hamabigarren lana. Luis Peixoto ekoizle portugaldarraren laguntza izan dute kantu zahar batzuen bertsioak egiteko eta beste berri batzuk ekoizteko. Horrelakoa baita lan berria: kanta zaharrez eta berriez osaturiko disko bikoitz bat. Albumarekin batera, liburu bat ere kaleratu dute, taldearen ibilbidearen laburpen grafiko batekin.

Denera, 23 kanta bildu dituzte bi diskoetan: taldearen ibilbidean esanguratsuenak izan diren hogei kanturen inguruko bertsio berriak grabatu dituzte, eta beste hiru kanta berri. Eta denetan izan dituzte «izen handiko» kolaboratzaileak: besteak beste, Phil Cunningham, Michael McGoldrick, Luar Na Lubre, Iñigo Etxe, Mikel Urdangarin, Erramun Martikorena eta Itziar Ituño. Hiru kanta berrietan ere izen handiko kolaborazioak izan dituzte: Angel Hevia gaita jotzaile asturiarra, Bihotx trikitilari talde gipuzkoarra eta Brath talde galiziarra.

Agus Barandiaran trikitilariaren ekimenez sortu zen Korrontzi, 2004. urtean, eta hasieratik helburu bat jarri zion bere buruari: Euskal Herriko musika mundura eramatea. Ordutik, alboka, gitarra, mandolina, baxua eta bateriarekin konposatzen dituzte doinuak, dantzarekin uztartuta. Barandiaranek azaldu du «oso nekeza» dela ezaugarri horiek dituen talde bat bizirik mantentzea hainbeste urtez, batez ere Euskal Herritik at horrenbeste kontzertu emanda, eta, hain justu ere, lan berriaren asmoa dela ibilbide luze hori publikoarekin ospatzea. «Festa bat egin nahi dugu jendearekin». Izan ere, hogei urteko bidean argi geratu da Korrontziren publikoak badakiela ikuskizunaz «gozatzen».

Jatorrikoak baino «hobeak»

«Goi mailako lan bat da». Korrontziren azken lana gisa horretan laburbildu du Andres Kamio Elkarreko musika arduradunak. Azpimarratu duenez, disko bikoitzaren atzean «lan handia eta luzea» dago, besteak beste, Barandiaranek eta Peixotok urtebete eman baitzuten elkarrekin lanean, gainerako lantalde guztiarekin batera, kantak eguneratzen eta berriak egiten. Emaitzarekin «pozik» agertu da Barandiaran. Are, uste du Korrontziren jatorrizko abestiak «asko hobetu» dituela Portugalgo ekoizleak.

Diskoaren atzean lan eskerga baldin badago, zer esanik ez liburua ontzeko. Lan «sakona» egin behar izan dute Korrontziren hogei urteko ibilbide oparoa laburbiltzeko, Kamiok azaldu duenez. Liburu «zaindua» da emaitza: bi hamarkadetako bidea islatzen duten argazki, afixa eta egunkarietako zatiekin osatutakoa. Hogei urteotan emandako ehunka kontzertuetako irudiak eta erreferentziak bilatzeko «arkeologo» baten gisara ibili behar izan duela aitortu du Barandiaranek. Baina esperientzia horrek balio izan dio memoria astintzeko eta bidean bizitako anekdota asko gogoratzeko. Eta «aberasgarria» eta «izugarria» ere izan da bidaia hori, Barandiaranen hitzetan. «Finean, hogei urteotako laburpena da liburua», gaineratu du.

Liburuaren xedeetako bat ere bada belaunaldi berriei keinu bat egitea. Barandiaranek azaldu du gazte askok duela hamar urte inguru izan zutela Korrontzi taldearen berri, behin komunikabideetan oihartzuna lortzen hasi zirenean, baina ez dutela ongi ezagutzen taldearen ibilbide luzea. «Gazteak taldera hurbiltzeko era bat ere bada liburua», azaldu du.

Aurki hasiko dira lan berriaren zuzenekoak egiten. Aurrena, Durangoko Azokan izango dira, eta gero ekingo diote birari: abenduan Bruselan eta Indian emango dituzte kontzertuak, eta, ondoren, Bilbon, Ezpeletan (Lapurdi), Gasteizen eta Donostian egongo dira, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.