Euskal Herriko hiru egilek harreman artistikoak sortuko dituzte Donostiako eta Poloniako Wroclaw kultur hiriburuen artean. Donostia 2016 Fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetzan egindako lehen proiektuak bi hiriak lotuko ditu egonaldi artistikoen bitartez, eta 60 bat proposamenen artean Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua aukeratu dituzte proiektuaren lehen fasea martxan jartzeko. Hiru artistak egonaldia egingo dute Wroclaw hirian, ekaina eta uztaila artean. 20 egun inguru izango dira han, eta, ondoren, Euskal Herrian aurkeztuko dituzte egonaldi horietan sortutako proiektuen emaitzak. Ondoren, Poloniako hiru artista ekarriko dituzte, Donostian beren sormenak egin ditzaten.
Wroclawko egonaldien helburua nazioarteko artisten arteko hartu-emanak egonkor bihurtzea da, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aitzpea Goenagaren esanetan. «Gogo handia geneukan Donostia 2016rekin lan egiteko, eta nazioartean hemengo artistei beren ahotsak entzun daitezen laguntzeko». Urtarrilean aurkeztu zuten bi erakundeen arteko lankidetza, eta, Goenagaren arabera, oso zaila izan da aurrera aterako diren proiektuak aukeratzea. «Proposamen asko iritsi zaizkigu, eta denak oso interesgarriak, gainera. Beraz, aukeratzerakoan, Donostia 2016 proiektuarekin hobekien bat egiten zutenak hautatu ditugu».
Kultur hiriburuaren helburu nagusietako bat Donostiako erakunde egonkorrek akordioak egitea da, Iker Tolosa Donostia 2016ren kultur programaren kidearentzat, eta, horregatik, institutuarekin batera egindako lankidetza etorkizunean berritzea espero du: «Jasotako proiektu kopuruak argi utzi digu hemengo artistek kanpora ateratzeko gogoa dutela, eta, beraz, Wroclaw hirian irekiko dugun lehen fase hau etorkizunean berritzea espero dugu». Horrekin batera, hiritarrek sortuko diren proiektuak ezagutzeko aukera eskainiko du Donostia 2016k. «Ahal denean, Polonian egindakoa hona ekarri eta hemen amaituko dugu, hiritarrek ere proiektu hauekin kontaktua izan dezaten nahi dugulako». Oraindik ez dakite sormen lan horiek noiz erakutsiko dituzten, baina aurten eta 2016 urtearen bitartean mamituko dituzte.
1. Matxalen de Pedro
Wroclaw hiriko paisaia urbanoa izango da Matxalen de Pedro Bilboko artistaren antzokia. Hiri Kit izeneko proiektuaren protagonistak MP3 grabagailua eta De Pedro bera izango dira. Hala, artistak audio-gida bat sortuko du, ez turistikoa, subjektiboa eta poetikoa baizik. «Kalean egindako performance baten antzeko ariketa da nire proposamena. Atzerritar batek hiri berri bat aurkitzean pilatzen dituen esperientziak kontatuko ditut, ondoren nahi duenari hirian begirada berri batekin bestelako bidaia egiteko aukera eskainiz». Horman Poster kolektiboan egindako lan lerroaren jarraipena da De Pedroren sormen ariketa, eta hiru gai nagusitan banatuko du lana; hala, atzerritarren eta hiriko bertako hiritarren arteko bizikidetza bildu, hiriaren historia ofiziala istorio eta mitoekin alderatu, eta azkenik, hiriko poesia aztertuko ditu. «Ez ditut ez Wroclaw eta ez Polonia ezagutzen, eta, beraz, turista moduan joango naiz, egunero aurkitzen ditudan bitxikeriak jasotzen. Esperientzia horiek hurrengo bisitariei hiriaren begirada berezi bat eskainiko diete». Egonaldiaren amaieran, De Pedrok eta Donostia 2016k topaketa bat antolatu nahi dute, bertaratutakoek audio-gida erabil dezaten. «Mapa bat ere eskainiko zaie, eta horrela, ahotsaren laguntzarekin egingo dute bidaia». Wroclawra bidaiatzerik ez dutenentzat blog bat irekiko dute, eta, han, grabazioak deskargatzeko aukera izango da.
2. Goiatz Labandibar
Literatura eta argazkilaritza nahasten ditu Goiatz Labandibar Oiartzungo kazetariaren proposamenak. Hala bazan... Klixk! proiekturako sei emakume argazkilariren lanak aukeratu ditu: Euskal Herriko Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943), Marivi Ibarrola (Naiara, Errioxa, Espainia, 1956) eta Leire Galarza (Oiartzun, 1990), eta Poloniako Eva Rubistein (Buenos Aires, 1933), Ewa Kuryluk (Krakovia, 1946) eta Lote Jacobi (Thorn-New Hampshire, 1896-1990). Labandibarrek nahita aukeratu ditu emakumeen argazkiak, eta, iradokitzen diotenaren arabera, fikzioko hamabi narrazio sortuko ditu. «Zuri-beltzean egindako hamabi argazki dira nire proiektuaren abiapuntua. Horietan ikusten dudanarekin hainbat testu idatziko ditut, gertatzen ari dena imajinatuz. Dena den, testu horiek errealitatearekin lotura izango dute, argazkiekin batera argazkilariei ere garrantzia eman nahi diedalako». Labandibarrek Wroclawra egingo duen bidaiarekin lortu nahi ditu hainbat herrialde eta garaitako hamabi emakumeen lana horiek, eta, aldi berean, haien lana ezagutarazi: «Kultura gizartearen ispilua da, eta urte askotan emakumeentzat zaila izan da sormen munduan lan egitea. Horregatik, idatziko ditudan istorioetan kontuan izango dut hiriaren historia, fikzioari errealitate ukitu bat emanez».
3. Maialen Sarasua
Ehun zubien hiria ezizenarekin ere ezaguna da Wroclaw, eta, ideia horri tiraka, bi kultur hiriburuen artean irudizko zubiak eraikiko ditu Maialen Sarasua ikus-entzunezkoetako lizentziadunak eta editoreak. Fikzioa eta errealitatea nahasiko dituen dokumentala egitea da Wroclaw-Donostia. Zubibat proiektuaren helburua, eta, horretarako, bi hirietan hartutako irudiekin muntatze lan bat egingo du. «Bi hirietako irudiekin hiri bakarra sortuko dut, pantaila bitan banatuta. Zubia metafora moduan ikusten dut, eta, irudi horretan oinarrituta, bi hirietako ezaugarriekin esperimentatuko dut, baita orainaren eta iraganaren arteko irudi jokoarekin ere». Sarasuaren proiektuak, beraz, jarraipena izango du Euskal Herrian, Poloniako egonaldiaren ondoren. «Ideia honako hau da: Wroclawko kaleetan musikariren bat edo antzeko artista bat topatzen badut, hori grabatu, eta, ondoren, irudiaren erdia Euskal Herriko dantzari batekin bete dezaket, adibidez. Edo zubiekin ari banaiz, eraikinaren alde batean gaur egungo irudi bat sar dezaket, eta bestean, iraganekoa».
Sarasuaren esanetan, irudiarekin batera, beste diziplinak ere jasoko ditu bere lanean, esate baterako, musika, dantza eta testuak: «Narrazio txikiekin osatutako ikus-entzunezko lana egitea da nire asmoa. Aurretik ez naiz Polonian egon, eta, beraz, nahiko proiektu esperimentala da. Bi hirien arteko isla horien bitartez, oso ezberdinak diren kulturak eta jendea alderatuko ditut, batean ikusitakoa bestearen oihartzuna izango balitz bezala».
Wroclawra bidean
Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua artistek egonaldia egingo dute Poloniako kultur hiriburuanEtxepare Euskal Institutuaren eta Donostia 2016ren artean egindako lehen proiektua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu