Woody Allenen 'Rifkin's Festival' filmarekin hasiko da Donostiako Zinemaldia

Zuzendari estatubatuarrak Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan filmatu zuen pelikula, iaz. Sail Ofizialean emango dute, lehiaz kanpo

Gina Gershon eta Louis Garrel aktoreak, filmeko irudi batean. QUIM VIVES.
aitor biain
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia hasi da pixkanaka aurtengo edizioa aletzen. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, edizio berezia izango da, baina egin egingo da, eta horren erakusgarri dira aste honetako bi jakinarazpenak: batetik, Viggo Mortensen aktorearen ibilbideari aitortza egingo dio jaialdiak Donostia Sariaren bitartez. Eta, bestetik, atzo jakinarazi zuten Woody Allenen Rifkin's Festival pelikulak emango diola hasiera 68. Zinemaldiari. Filmaren nazioarteko estreinaldia izango da, baina lehiaz kanpo emango dute. Irailaren 18an hasiko da jaialdia, eta Kursaalen emango dute filma. Zinemaldiak ez du jakitera eman Allen Donostian izango den.

Zuzendari estatubatuarrak iazko udan filmatu zuen filma Donostian, Pasaian (Gipuzkoa) eta Zumaian (Gipuzkoa), besteak beste. Zinemaldian girotutako komedia erromantikoa da, eta bikote estatubatuar baten istorioa kontatzen du: senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinemaldiarekin, hiriaren edertasunarekin eta xarmarekin, eta baita zinemaren munduaren fantasiarekin ere; emazteak maitasun istorio bat izango du zinema zuzendari frantziar batekin eta senarra, aldiz, hirian bizi den emakume batekin maiteminduko da. Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Wallace Shawn, Christoph Waltz eta Sergi Lopez dira aktore nagusiak.

Filmaketak berak hainbat protesta eragin zituen Donostian. Protesta zaratatsura deitu zuten zenbait eragilek, nagusiki, proiektuaren atzean dagoen turismo eredua salatzeko, eta filmak hirian eragin ditzakeen kalteez ohartarazteko. Gainera, Allen eraso matxistak egiteagatik salatua izan dela ere adierazi zuten.

Hainbat aldiz Zinemaldian

Aurtengoa ez da Allenek Donostiako Zinemaldia inauguratuko duen lehen aldia; izan ere, 2004an, Melinda and Melinda lanarekin ere hala egin zuen. Urte hartan, Zinemaldiak Donostia saria eman zion, eta zuzendariaren obraren atzera begirakoa ere antolatu zuen Woody Allen ezagutu goiburuarekin.

Aurrez ere haren filmak eman ditu Zinemaldiak, nolanahi ere: Manhattan (1979), Zelig (1983) eta Manhattan Murder Mistery (1993). 1985ean, Zabaltegi sail sortu berria The Purple Rose of Cairo filmarekin inauguratu zuten. Azken urteetan, berriz, Perlak sailean eman dira bere filmetako batzuk: Match Point (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Whatever Works (2009) eta Irrational Man (2015).

Donostiako 68. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra egingo da, eta osasun egoerak baldintzatuta egongo da ezinbestean. Antolatzaileek oraindik ez dute jaialdiaren beraren aurkezpena egin, baina jakinarazi dute segurtasun neurriak egokituta egin beharko direla emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.