Gaurtik aurrera, bere film berria grabatzen arituko da Woody Allen zinemagile estatubatuarra, Donostian. Proiektuaren inguruko xehetasun gutxi batzuk eman zituen atzo, aktore taldearekin Kursaalean egin zuen agerraldian. Donostiako Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat izango dela aurreratu zuen. «AEBetatik Donostiako jaialdira iritsitako hainbat pertsonaren inguruko istorio bat da, zeinetan gertakariek oihartzun komikoak izango dituzten beren bizitzetan, ezkon harremanetan eta han topatzen dituzten pertsonengan». Filmak oraindik ez du izenbururik, baina Rifkin's Festival izena eman dio, oraingoz, proiektuari. Gehitu zuen harekin munduari azaldu nahi diola Donostiaz duen ikuspegia. Hortik aurrera, zuzendariak ez zuen azalpen gehiagorik eman argumentuaz, ez eta aktoreek jokatuko dituzten pertsonaiez ere. Allenek, agerraldian, alboan izan zituen Sergi Lopez, Gina Gershon, Elena Anaya eta Wally Shawn aktoreak, baita Jaume Roures The Mediapro Studio ekoiztetxearen arduraduna ere.
Allenek hirian piztutako ikusminaren lekuko izan zen agerraldian bildutako argazkilari eta kazetari kopurua. Bere ohiko kapelaren azpian agertu zen 83 urteko zinemagilea, proiektuko lantaldea lagun, Kursaaleko eskailera nagusietan argazkiak ateratzeko ekitaldira. Alboan izan zituen, halaber, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria. Mahaian eserita, Allenek adierazi zuen ez duela maite denbora luzez New Yorkeko bere etxetik urrun egotea, eta, udan, «eroso eta gustura» lan egin ahal izateko leku batean pentsatzen hasi zenean, Donostia etorri zitzaiola burura —lehenago ere izana zen hirian, Zinemaldiaren harira, zeinak Donostia Saria eman zion 2004an—. «Festibalean oinarritutako istorio bat idatzi nuen. Plazera da hainbat hilabetez hemen bizitzea». Istorioak Zinemaldia ardatz izanik, jaialdia gauzatzen den lekuetan hartuko ditu irudiak, hirian barrena, baina baita «paisaia hurbilean» ere, baso eta kosta inguruetan. «Donostiaz dudan ikuspegia aurkeztu nahi diot munduari, paradisuaren ikuspegia dena, aurrez New Yorkekin egin nuen bezala». Zumaian eta Pasaian ere izango da.
Iragarri zuen, halaber, filmak, festibalean girotuta egonik, omenaldia egingo diela zinemari eta «film eta zuzendari handiei». Baina kezka ere agertu zuen zinema jaialdiek hartu duten norabidearekin, hainbatetan «izar distiratsuekin eta alde komertzialarekin» zerikusi gehiago dutelakoan, eta ez hastapenetan zirenarekin, «benetako zinemari eginiko omenaldi izatearekin».
Sexu abusuen salaketak
Agerraldian, hasieratik egon zen presente Allenen aurka Dylan Farrow alaba adoptatuak egindako sexu-abusu salaketen eta Me Too mugimenduaren auzia. Galderei erantzun bai, baina zuzendariak ez zion gaiari zuzenean heldu. Azkenaldian AEBetan izaten ari den «boikota» dela-eta erretiroan ez ote duen pentsatu galdetzean, ezezkoarekin erantzun zuen. «Inoiz ez dut erretiroan pentsatzen. Nire filosofia beti izan da ez diola axola zer gertatzen den. Beti nire lanean zentratu izan naiz, horretan jartzen ditut indar guztiak, asteko zazpi egunetan. Ez dut mugimendu politiko edo sozialetan pentsatzen, ez nago mentalki prestatua gatazka horien ikuspegi sakon bat izateko. Ez naiz erretiratuko; ziurrenik, film bat muntatzen hilko naiz, edo filmaketa batean».
Salaketen harira, Donostiako Udaleko EH Bilduren taldeak uko egin zion udaletxean antolatutako harreran izateari; Goia alkateak, berriz, «errugabetasun presuntzioa errespetatzen» duela esan zuen. Allenek oraindik ezin izan du AEBetan estreinatu bere aurreko lana, A Rainy Day in New York —aldiz, Europako aretoetan, izango dela iragarri zuten—, eta hainbat aktorek damua agertu dute harekin lan egin izanaz. Horiei buruz galdetuta, Allenek esan zuen ez duela dezepziorik sentitu. «Lan egin dudan aktoreen emaitza naiz; nire lanen arrakastaren arrazoietako bat dira, eta zorionekoa sentitzen naiz, jende oso onarekin lan egin baitut». Proiektuan parte hartuko duten aktoreak, aldiz, oso gustura agertu ziren. Jenio hitzaz definitu zuen Anayak, eta Lopezek adierazi zuen zalantza gutxi izan zituela baiezkoa emateko.Shawnek gogora ekarri zuen Allenen alboan hasi zuela bere bidea, eta Gershonek film berriaren gidoi «ederra» nabarmendu zuen.
Lan berriaren filmaketak gaurtik abuztuaren 20ra irautea espero dute, eta filma hamar hilabete barru bukatua izatea.
Woody Allen: «Donostiaren nire ikuspegia eman nahi dut filmean»
Zinema zuzendariak gaur hasiko du, Gipuzkoako hiriburuan, bere lan berriaren filmaketa. Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat izango dela baino ez du aurreratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu