Buru gainean gorotz kiribildu bat duela oinez doan sator baten irudia da Wolf Erlbruchek (1948, Wuppertal, Alemania) egindako milaka ilustrazioen artetik euskal irakurleak gehien ezagutuko duena, beharbada. Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa (Pamiela-Kalandraka) liburuaren azalean ageri da marrazkia, eta hark zabaldu zuen egilearen lana mundu osora. Lan hartan egin bezala, elementu arruntak baliatuz eta umorez eta begirada gizatiar batez auzi handiagoei buruz hitz egiteko gaitasunak egin du ezagun Erlbruchen obra, eta ilustrazioaren eta haur literaturaren eremuko erreferente bat izan da. Herenegun hil zen, 74 urterekin.
Diseinu grafikoko ikasketak egin ostean, Stern eta Esquire aldizkarientzat hasi zen ilustratzaile lanetan Erlbruch, eta hezkuntzara egin zuen jauzi gero, Wuppertalgo Unibertsitatean Ikusizko eta Ilustraziozko Arteen katedradun postura heldu arte. Irakaskuntza eta ilustratzaile jarduna uztartu zituen urte luzez, eta aitortza ugari jaso ditu bidean —Gutenberg, Christian Andersen eta Astrid Lindgren Memorial sariak, tartean—.
Eguneroko bizimodu soila zeharkatzen duten gai handiak adin guztientzako eskuragarri egitea goraipatu izan diote, eta, Werner Holzwarthekin idatzitako satorraren istorioarekin batera, haren lanetan gehien txalotuetako bat da Ahatea, heriotza eta tulipa, heriotzaren lagun egiten den ahate baten bidez, bizi kondizioez eta heriotzaren presentzia etengabeaz hitz egiten duen lana.