«Mozketa estratigrafiko zehatz bat». Guztira, 150 artista ingururen 200 obra baino gehiago eman dizkio Roberto Saenz de Gorbea bildumagile eta Bilboko Windsor Kulturgintza galeriako zuzendari izandakoak Bilboko Arte Ederren Museoari, eta arkeologiaren lengoaia baliatu du Miguel Zugaza museoko zuzendariak haren balioa definitzeko. Haren hitzetan, 1970eko hamarkadatik hasi eta XXI. mende hasierara artean «Bilbon izan den arte garaikidea» erakusten duelako bildumak. Historia geruza bat, alegia. «Nestor Basterretxearekin hasita, Kepa Garrazarenganaino». Baina lehen urratsa baino ez da izango hau. Batetik, etorkizunean beste dohaintza handi bat egiteko asmoa ere iragarri duelako Saez de Gorbeak, eta, bestetik, museoak galeriari eskainitako erakusketa propio bat egingo duela ere ziurtatu duelako.
Euskal Herriko arte galeria esanguratsuenetako bat izan da Windsor. 1971n ireki zuen Miguel Saenz de Gorbeak, eta Bilboko Portuko Markesaren kalean izan zuen lehen egoitza. Kafetegi bat zuen lehen solairuan, eta sotoan zegoen arte galeria. Aurelio Artetaren, Francisco Iturrinoren, Ramiro Arrueren eta Benito Barruetaren lanak jarri zituzten bertan ikusgai. 1981ean, aitaren eskutik hartu zuen haren gidaritza Roberto Saenz de Gorbeak, eta une hartan arte garaikidera zuzendu zuen galeriako erakusketa lerroa, eta Juan de Ajuriagerra kalera eraman zuten aretoa, 1989an, izena ere berrituz: Windsor Kulturgintza.
Eta historia horren guztiaren lekukotza ematen du orain Bilboko Arte Ederren Museoari eman dion artelanen bildumak. Horregatik Zugazak aipatutako geruza estratografikoaren metafora.
Gorabidekoak eta bazterrekoak
1980ko eta 1990eko hamarkadetako artelanak dira nagusi multzoan. Ondorengo artistenak tartean: Ramon Carrera, Santos Iñurrieta, Pedro Manterola, Rafael Lafuente, Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga, Fernando Illana, Daniel Tamayo, Carmen Olabarri, Jose Angel Lasa eta Patxi Ezkietarenak. Une hartan indarra hartzen zihoazen artisten lehen lanak ere badaude. DarIo Urzairen, Angel Badosen, Txomin Badiolaren, Dora Salazarren, Jose Mari Lazkanoren eta Jon Mikel Eubaren lanak dira horren adibide.
Baina horiekin batera, historiak bazterrean utzitako artisten lekukotza moduko bat ere biltzen du, Miryam Alzuri Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio arduradunak azaldutakoaren arabera. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan puntakoa izan zen Manuel Duque margolaria, esaterako, «ia ahaztuta» dagoelako egun —«ia-ia artista madarikatua da»—, eta Rita Sixto ere «desagertu» egin delako erakusketen saretik.
Merkatu falta
Roberto Saenz de Gorbeak anaia zuen Xabier Saenz de Gorbea arte kritikaria, eta zeharo hunkitu da galerista harekin gogoratutakoan. 2015ean hil zen, eta «lagun», «kide» eta «aholkulari» zuela esan du Roberto Saenz de Gorbeak.
Hain zuzen, anaia izan du gogoan galeriak izandako estualdi ekonomikoak gogoan hartzean. Haren hitzetan, arte garaikideak ez duelako sekula izan merkaturik. «Xabierrekin batera antolatzen genituen erakusketei eta elkarrekin eskaintzen genuen aholkularitzari esker egin zuen aurrera galeriak, eta horri esker jarraitu ahal izan genuen».
«Xabierrekin [Saenz de Gorbearekin] batera antolatzen genituen erakusketei eta elkarrekin eskaintzen genuen aholkularitzari esker egin zuen aurrera galeriak».
ROBERTO SAENZ DE GORBEAWindsor Kulturgintza galeriako zuzendari ohia
Artelanekin batera, galeriari lotutako funts dokumental «baliotsua» ere eman dio museoari Saenz de Gorbeak. Aurrez, haren anaiak ere egin bezala, alegia. 2020an haren artxibo pertsonala ere jaso zuelako museoak, Xabier Saenz de Gorbearen bizikide izandako Sonia Ruedaren eskutik.
Bilbon egindako lana ez ezik, Windsor Kulturgintzak euskal artistak nazioarteratzeko egin zuen lana ere nabarmendu du Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Zugazaren hitzetan, Saenz de Gorbeak hasieratik baliatu baitzuen Madrilgo Arco azoka bertako sortzaileen obrak ezagutarazteko.
Jasotako artelan guztiak xehe aztertu beharko dituztela ere iragarri du Zugazak. «Lan handia» izango da hori, haren hitzetan. Galeriari eskainitako erakusketa museoa handitzeko lanak amaitzen direnean egingo dela baino ez dute zehaztu. Eta, horregatik, bi koadro baino ez dituzte zintzilikatu gaur museoaren eraikin zaharreko aretoetan: Alfonso Gortazar artistak 1987an margotutako erretratu figuratibo bat eta Iñaki de la Fuenteren giza figuraz eta gorputz atal soltez betetako koadro koloretsu bat. Gaur baino ez dira egongo ikusgai, halere.