Musika

Willis Drummond taldeak etenaldia iragarri du

Hiru kontzertu emango dituzte agur esan aurretik. Azkena urtarrilaren 5ean iraganen da, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean, eta «gaualdi berezia» prestatzen ari direla adierazi dute.

Willis Drummond
Willis Drumond, zuzeneko saio batean. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 11
16:30
Entzun

Whatsapp mezu baten bidez, «itzulera datarik ez duen geldialdia» iragarri du Jurgi Ekizak, Willis Drummond taldearen izenean. Abeslari eta gitarra jotzaileak azaldu duenez, Durangoko Azoka amaitu arte itxaron dute, «jarraitzaileengana berriz jo aitzin», eta, etena iragartzeaz batera, gogora ekarri ditu taldearen azken hiru kontzertuak.

Hiru kontzertu horietarik lehena ostegun honetan iraganen da, abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian, eta Joseba Irazokik ere bertan joko du. Hurrengo saioa abenduaren 30ean izanen dute, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean. Azkena, berriz, urtarrilaren 5ean eginen dute, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Azken horren iragarpenean idatzi berri dutenez, «gaualdi berezia» prestatzen ari dira, Hala ere birari taxuzko amaiera eman eta etena gauzatzeko.

Ekizak bidelaguntzat jo ditu euskal kulturaren eta euskararen «mundu ttipi eta eder honetan» dabiltzan «artistak, sortzaileak, ekintzaileak, kazetariak, mediak, militanteak, komentatzaileak eta ikus-entzun-irakurlego ala kultura kontsumitzaileak», eta denei eskerrak eman dizkie hemeretzi urteko ibilbidean erakutsitako «interesagatik eta emandako babesagatik».

Willis Drummond taldeak 2004an ekin zion ibilbideari, Jurgi Ekiza, Pierre-Antoine Fort eta Xan Bidegain izanik hastapeneko taldekideak. Heletako (Lapurdi) Garra ostatuan eman zuten lehen kontzertua. Gerora, Fortek taldea utzi eta Felix Rüdiger Buff batu zitzaien. Lehen diskoa —Anthology (autoekoizpena, 2007)— plazaratu zuenerako, dagoeneko talderik estimatuenetako bat zen Euskal Herriko rock eszenatokietan. Hurrengo diskoa 2009an eman zuten argitara, Bidehuts argitaletxearekin. 2010ean, Hondarribiko (Gipuzkoa) Psilocybe aretoan zuzenekoa grabatu zuten, eta aretoaren izena izenburu bihurtuta eman zuten argitara. Haren atzetik Istanteak (Bidehuts, 2011) heldu zen.

Willis Drummond taldearen lanik ezagunena 2012an eman zuen argitara Bidehutsek: A ala B. Haren abaroan, 200 kontzertu baino gehiago eman zituzten Europan barrena zabaldutako biran. Hiru urteren ostean, 2015ean, berriro elkartu, eta Herri Urratsen abestia egin zuten. Beste hiru disko plazaratu dituzte geroztik, Tabula Rasa Records zigilupean: Tabula Rasa (2016), Willis Drummonds Live (2018), Zugzwang (2019) eta Hala ere (2022).

Azken boladan Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), Felix Rüdiger Buff (bateria), Xan Bidegain (gitarra apala) eta Vincent Bestaven Botibol (gitarra) taldekideek osatu dute Willis Drummond.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.