«Nik ere musikaren doinuak erabili nahi izan ditut istorioak kontatzeko. 8 urterekin hasi nintzen tronpeta jotzen; gero, tronboiarekin saiatu nintzen; ondoren, biolontxeloarekin, eta azkenik, kontrabaxuarekin. Musikaren bidaia luze horretan, sentitu dut, nolabait, musikak hitz egiten didala, eta hartu-eman horri esker, istorioak idatz ditzaket. Nahi duzun hori izan daiteke musika», aitortu du William Parker musikariak gaur, Viktoria Eugenia antzokian (Donostia) emandako prentsaurrekoan. Istorio eta doinu horiek sarituko ditu Donostiako 59. Jazzaldiak, eta kontrabaxu jotzaileak igandeko William Parker Trio kontzertuan jasoko du jazzaldiko sari nagusia.
Parker New Yorkeko (AEBak) kontrabaxu jotzaile, inprobisatzaile, konpositore, idazle eta hezitzailea da. Berrogei disko argitaratu ditu bere izenean, eta beste zenbait nazioarteko artistekin batera —150 grabaziotan parte hartu du, gainera—; horien artean dira Cecil Taylor, Milford Graves, Don Cherry, Peter Brotzmann eta Peter Kowald. Halaber, sei liburu idatzi, eta abangoardiako jazzaren tradizioa gaurkotzeko proiektuak garatu ditu, Creative Music Orchestra, The Cosmic Mountain Quartet eta In Order to Survive, esaterako. Lehen aldia du Donostiako Jazzaldian, eta saritua izan da. «Ustekabean» jaso du jazzaldirako gonbita, eta «esker oneko» azaldu da: «Niretzat ohorea da horrelako sari bat jasotzea. Musikaren munduan, jazz estiloak underground etiketa du, eta horri ikusgaitasuna eta balioa emateko, izugarria da saria irabaztea. Modua ematen du gure lekua aldarrikatzeko».
«Musikaren bidaia luze horretan, sentitu dut, nolabait, musikak hitz egiten didala, eta, hartu-eman horri esker, istorioak idatz ditzaket. Nahi duzun hori izan daiteke musika»
WILLIAM PARKERMusikaria
Parkerrek ez daki zehatz-mehatz zer joko duen, baina badu ideia bat, eta hori nola garatuko duen jakiteko, entzuleak kontzertuetara gonbidatu ditu: «Musika bizi egingo dugu, sentitu, etiketetan pentsatu gabe». Artearen garrantzia azpimarratu du aldi honetako sarituak, eta musika maitatu behar dela aldarrikatu. Donostiako Jazzaldia jarri du horren adibide gisa, langile «asko» baitago atzean, eta entzule «asko kontzertuez gozatzeko prest». Musikaria zuzenean entzuteko eta ikusteko hiru aukera izango dira Jazzaldian: William Parker Duo: Eri Yamamoto pianistarekin batera. ariko da San Telmo museoan, ostegunean, 11:00etan; William Parker Quartet: aurreko bi musikariek ez ezik, Rob Brown saxofonistak eta Ikuo Takeuchi bateria jotzaileak ere osatuko dute taldea, larunbatean, Trinitate plazan, 21:00etan. Eta, azken kontzertua, William Parker Trio, Parkerrek, Yamamotok eta Takeuchik emango dute, Viktoria Eugenia antzokian, igandean, 12:30ean.
Bestalde, sorkuntza prozesuaz galdetuta, Parkerrek azaldu du arte guztiak baliatzen dituela konposizio lanetarako, baita beste musikarien lana ere: «Zinema independentearen, literaturaren, filosofiaren eta askotariko musika estiloen bitartez elikatzen ditut nire sorkuntzak, eta horiek publiko zabalari eskaintzea izaten da nire helburua». Betiere, inprobisazioari tartea utzita, «inprobisazioa konpositore izateko beste modu bat ere badelako», Parkerren hitzetan.
Norena da musika?
«Zoritxarrez, inperialismoaren, kolonialismoaren eta konkisten ondorioz, konkistatzaile horiek bertako kultura hiltzen dute, eta haiena inposatu. Horrek ez du horrela izan behar», salatu du Parkerrek, bere Who Owns Music? (2008) liburua eskuetan. Bakoitzak bere ikuspegia izan behar duela aldarrikatu du, eta ezin dela normalizatu Bach musika barrokoko konpositore eta organo jotzailearen obrak berdin interpretatzea Txinan eta Alemanian, adibidez.
Aktibismoaz ere hitz egin du musikariak: «1957an, Estatu Batuetan, ia ezinezkoa zen beltza izanda zure kabuz musika sortzea, ekoiztea eta banatzea. Horri aurre egiteko, 1964az geroztik martxan jarri genituen guk sortutako musikaren jabetza eskuratzeko mugimendu batzuk, baita festibalak ere». Egungo gizartearen «azkartasuna» nabarmendu du, horrek «dirua eta kopuruak» jartzen baititu erdigunean. Nolanahi ere, jazz musikariak argi du zer helburu duen: «Publiko txikia izan arren, egiten dudan musika horretan benetan sinestea da garrantzitsuena niretzat».