Ez da Euskal Herrian jaioa, baina William A. Douglass antropologoa(Reno, AEB, 1939) bada nor Euskal Herriaz aritzeko. Euskal diasporaren ikerle, Renoko Basque Studies Program ekimenaren sortzaile, Death in Murelaga (Heriotza Murelagan) liburuaren egile, euskal kulturan aditu... Itzal handiko erreferentea da Douglass euskal gaietan, eta horregatik emango diote aurten Durangoko Azokako Argizaiola saria. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendariak labur azaldu zuen haren perfila atzoko aurkezpenean. «Euskal kulturaren enbaxadore da AEBetan». Eta horregatik Argizaiola, euskal kultura sustatzeko egindako lana aitortzeko. Abenduaren 6an emango diote saria. 20:30ean hasiko da ekitaldia, eta San Agustin zentroan izango da.
Idazle nekaezina, 20 liburu baino gehiago baditu. Bereak dira, besteak beste, Amerikanuak, Basques in the New World (1979) —Jon Bilbaorekin elkarlanean—, Etxalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Village (1977), eta Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (2007) —Joseba Zulaikarekin elkarlanean—. Eta luzea da jaso dituen errekonozimenduen zerrenda ere. Honoris Causa izendatu zuen EHU-k, Ohorezko euskaltzain egin zuten, eta Lagun Onari saria eskaini zion Jaurlaritzak. 2000. urtean hartu zuen erretiroa, baina ipuin liburu batekin, eta euskaldunei buruzko liburu batekin dabil egun.
Ikerlaria, gatazkan
Ez da soilik ikerketan aritua, gainera. 2003tik 2004ra paper garrantzitsua jokatu zuen euskal gatazkan. Genevako Henri Dunant zentroaren ekimenez negoziatzaile lanetan aritu zen. Nolabait ere, landa lanetan. Hala aitortu zion Argia aldizkariari: «ETArekin kontaktuan jarri, eta negoziaziorako molde bat eskaintzea lortu nuen».
William A. Douglass ikerlariak jasoko du Argizaiola saria
Euskal kultura sustatzeko egindako lana aitortu nahi izan dio Gerediaga elkarteak antropologoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu