Wilhelm Reichen teoria argazki bidez interpretatuta

Zuhar Iruretagoienaren 'Eguraldi ona bizitzan' argazki eta instalazio erakusketa ireki berri dute Ziudadelan

Iruretagoienak zeruari egindako zenbait argazki. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Psikoanalista eta zientzialaria izan zen Wilhelm Reich (Austria-Hungaria, 1897). Hark garatu zuen orgoiaren teoria; horren arabera, energia unibertsal bat existitzen da, eta bideratu egin daiteke efektu positiboak lortzeko. Zuhar Iruretagoiena sortzaileak (Zarautz, 1981) Reichen ideiak oinarritzat hartu, eta haren pentsamenduari buruzko erakusketa sortu du. Eguraldi ona bizitzan du izena, eta hainbat argazkik eta instalazio batek osatzen dute. Iruñeko Ziudadelako labeen gelan muntatu dute, eta abuztuaren 25era arte bisitatu daiteke.

Erakusketak bi euskarri ditu: argazkiak eta metalezko xaflak. Bien bitartez, energia irudikatu nahi izan du sortzaileak. Batetik, argazkietan, zerua, hodeiak eta lainoak azaltzen dira. Naturaren irudiak, alegia. Bestetik, metalezko xaflek orgoi metatzaile bat irudikatzen dute. Orgoi metatzailea orgoiak pilatzeko makina bat da, hau da, energia positiboa biltzeko tramankulua, betiere Reichen teoriei jarraikiz. Hala, energiaren inguruko gogeta dira lanak.

Iruretagoienak ez du probatu nahi izan orgoiari buruzko teoria egia den edo ez. Teoriaren alde estetikoa gustatu zaio, eta horretan murgildu nahi izan du proiektu honen bidez. Izan ere, «abentura gisa» iruditzen zaio interesgarria Reichen pentsamendua. Psikoanalistak lainoak suntsitzeko makina bat egin zitekeela uste zuen, baita energia biltzeko gailu bat ere. Iruretagoiena tramankulu horiekin aritu da lanean, «jolas eroa» iruditu zaiolako hori lantzea. «Erokeria txiki bat da», esan du artistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.