Wiesbadenen ikusgai daude Zumeta, Jauregi, Stammel eta Sargamen lanak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Alemaniako Wiesbaden hiriarekin senidetuta dago Donostia, eta horrek askotariko harreman etatrukeak sorrarazi ditu haien artean. Baita kulturaren eremuan ere. Horren erakusle dira bateko zein besteko artisten lanekin antolatutako erakusketak. Artelanen trukerako proiektu batean parte hartzen du Ekain Arte Lanak galeriak, Rita Unzurrunzaga arduradunak azaldu duenez. Horren harira, joan den irailean Wiesbadeneko lau artistaren lanak jarri zituzten galerian: Renate Reifert, Nicole Fehling, Horst Reichard eta Frank Deubelen akuarela, argazki eta instalazioak izan ziren ikusgai. Orain, berriz, Euskal Herriko lau artistaren sorkuntzak erakutsiko dituzte Alemaniako hirian. Gaurtik maiatzaren 22ra bitarte, Jose Luis Zumeta, Barbara Stammel, Sargam eta Koldobika Jauregiren artelanekin bi erakusketa egingo dituzte.

Tamaina handiko erretratuak eraman ditu Barbara Stammelek, figuratiboak baina espresionismo abstraktua oinarri dutenak. Sargamek ere tamaina handiko margolanak erakutsiko ditu, kolore biziko olio abstraktuak guztiak. Bestalde, Jose Luis Zumetaren Oi bihotz! serigrafia liburua ere aurkeztuko dute Wiesbadenen, baita Koldobika Jauregik harrian, egurrean zein burdinean ondutako eskulturak eta erliebe lanak ere.

Wiesbadeneko udaletxeko aretoan gaurtik hilaren 17ra bitarte, eta Cerny galerian bihartik maiatzaren 22ra bitarte zabalik egongo dira bi erakusketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.