Hilberria

‘West Side Story’ idatzi zuen Stephen Sondheim hil da 91 urterekin

Broadwayko musika antzerkiko konpositore eta letragile handia izan zen Sondheim

Elaine Stritch, Stephen Sondheim eta Jane Russel, 1971. urtean.
Gorka Arrese.
2021eko azaroaren 27a
20:05
Entzun

Gazterik lortu zuen arrakasta, Leonard Bernsteinen partiturarekin West Side Story idatzi baitzuen 1957an, 27 urte besterik ez zituela. Ondoren, berehala, Jule Styne musikariaren doinuekin batera idatzi zuen Gypsy (1959). Sondheim joan den ostiralean hil zen Roxburyn (Connecticut, AEB), 91 urte zituela.

XX. mendeko bigarren erdian izan zen musika antzerkiko egile garrantzitsuetako bat da Sondheim. Oscar Hammerstein musika komedien libreto egilearekin ikasi zuen ofizioa. Saturday Night antzerkiaren musika eta hitzak idatzi zituen 1954an, baina ez zuen Broadwayn estreinatzerik erdietsi. Handik gutxira hots egin zioten, Bernstein musikariak konposatutako eta Arthur Laurentsek idatzitako kontakizunari hitzak jartzeko: West Side Story. Obra Jerome Robbinsek zuzendu zuen, eta 732 emanaldi egin zituzten.

Sondheimen obra entzutetsuen artean dira, esate baterako, Company (1970), Follies (1971), Pacific Overtures (1976), Sweeney Todd (1979), Sunday in the Park with George (1984) edo Assassins (1990). Sari ezagunak jaso zituen: Pulitzer bat, Oscar bat eta zortzi Tony.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.