Musika

Wayne Kramer MC5 taldeko gitarra jotzailea hil da

Detroiten sortutako musikaren erreferentzietako bat izan zen, eta rock-and-roll zaratatsuenaren etsenplu. 75 urte zituen.

(ID_17069764428505) (/EZEZAGUNA) Wayne Kramer
Wayne Kramer
garbine ubeda goikoetxea
2024ko otsailaren 3a
16:44
Entzun

1948an jaio zen, Detroiten, eta nerabea besterik ez zen, 1964an, MC5 —Motor City Five— taldea osatu zuenean. Hain zuzen ere, sorterriak eman zion rock taldea izendatzeko ideia, Motorraren hiria esaten baitzitzaion Detroiti, hango auto fabrikak zirela eta.

Fred Smith Sonic-ekin ekin zion gitarra jotzeari, eta harekin, Rob Tyner abeslariarekin, Pat Burrows baxu jotzailearekin eta Bob Gaspar bateria jotzailearekin osatu zuen MC5 taldea. Ezaugarrien artean, gitarren distortsioa eta feedbacka ziren behinenetakoak, baita hitzetan erakusten zuten konpromiso politikoa ere. 1967an, John Sinclair, Pantera Zuriak alderdiko liderra eta idazlea, MC5 taldearen manager bilakatu zen, eta garai hartan emandako kontzertuek Iggi Popen eta beste hainbat talderen inspirazio iturri bihurtu ziren.

Musikan lortutako ospea Kick Out The Jams diskoari esker erdietsi zuten. Hor bildutako zenbait abesti rockaren klasiko dira gaur egun; esate baterako, Rambling, Rose, Borderline eta diskoari izenburua eman zion abestia bera.

Kontrakulturaren ikono

Kramer Detroiteko kontrakulturaren ikono ere bazen. MC5 taldeak Sexua, droga eta rock-and-rolla esamoldea bere egin zuen, eta drogaren aldeko jarrerak eta sistemaren aurkako etengabeko aldarriek Poliziaren fokupean jarri zuten.

1972an desegin zen MC5. Kick Out The Jams diskoaz gainera, beste bi ere argitaratu zituzten: Back in the USA (1970) eta High Times (1971). Kramerrek, gero, R&B Radiation taldea sortu zuen Melvin Davisekin batera, baina ez zuen luze iraun, drogak saltzea leporatu eta espetxeratu egin baitzuten. Itxialdian Red Rodney tronpeta jotzailea ezagutu zuen, eta harekin ere jo zuen, kartzelan. 1979an irten zen, eta fundazio bat sortu zuen Margaret emaztearekin batera, presoak laguntzeko eta musika errehabilitaziorako tresna moduan erabiltzeko.

2012an MC50 bira antolatu zuten taldearen 50. urteurrena ospatzeko, eta Soundgarden, Faith No More, Zen Guerrilla eta Fugazi taldeen laguntza izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.