Zinema

'Wander to wonder' film laburra nagusi Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean

Ikusleen, epaimahaiaren eta gazte epaimahaiaren saria erdietsi ditu Nina Gantzen lanak. Izibene Oñederra zinemagile azkoitiarraren 'Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra Europako fantasiazko film laburrik onena izendatu dute.

'Wander to Wonder' filmeko fotograma bat. BELDURREZKO ASTEA
'Wander to Wonder' filmeko fotograma bat. BELDURREZKO ASTEA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko azaroaren 1a
16:15
Entzun

Gaur emango dute amaitutzat Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen 35. aldia, eta, horrekin batera, Sail Ofizialeko film luzerik eta laburrik onenen zerrenda iragarri dute. Nina Gantz Herbehereetako animatzaileak zuzendutako Wander To Wonder animaziozko film laburrak lortu ditu sari gehien: epaimahaiarena, ikusleena eta gazte epaimahaiarena, hain zuzen. Epaimahaiaren hitzetan —Haidei Honeycuttek, Asier Mensurok eta Rocio Morenok osatu dute—, «unibertso berezia» sortzea lortu du Gantzen lanak. Haurren animaziozko telesail bateko protagonisten istorioa kontatzen du filmak, behin telesailaren sortzailea hiltzen denekoa. Egileak animazioaren historiaren une bat «halako nostalgiaz eta dekadentziaz» azaldu izana goraipatu du epaimahaiak.

Bestalde, Izibene Oñederra Azkoitiko (Gipuzkoa) animatzaileak sortutako Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) lanak erdietsi du Europako fantasiazko film laburrik onenaren saria. Aurtengo Donostiako Zinemaldian ere izan zen film laburra. Komunitate batean bizi diren pertsona zaurgarriak dira filmeko protagonistak. Pandemia garaian hasi zen Oñederra proiektuarekin, eta hori ere bada istorioaren muina. «Pandemiaren gaineko bere ikuspegi berritzaileagatik, eta istorio konplexua eraikitzeagatik» eman diote saria azkoitiarrari, besteak beste.

Ustekabea

Oddity-rentzat izan da ikusleen film luzerik onenaren saria; batez beste 8,34ko puntuazioa eman diote. Damian McCarthyk idatzi eta zuzendutako film luzea da. Medium bat da protagonista, eta egurrezko maniki baten laguntzarekin deskubrituko du nork hil zuen bere ahizpa bikia. Ikusleen animaziozko film laburrik onenaren garaikurra Matteo Buraniren Payin God-ek jaso du.

Zinema adituen ustez, Enrique Buleok zuzendutako Bodegón con fantasmas lana aurtengo «ustekabeetako bat» izan da, eta hala izan da Beldurrezko Astean ere. Blogos de Oro saria eman diote —kritikaren saria da—. Amaia Eguesek, Maitane Illarretak, Pako Mulerok eta Santi Serranok osatu dute sail horretako epaimahaia. Gaztela Mantxako herri txiki batean dago kokatuta istorioa, eta filma bost kontakizun laburrez osatuta dago. «Nocilla ogitarteko eta ouija saioen haurtzaroan ainguratutako kostunbrismo ektoplasmikoaren kontaketa» nabarmendu dute epaimahaiko kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.