Opera

Wagnerren 'Tristan eta Isolda' ikonikoa taularatuko du OLBEk gaur Bilbon

Musikagintzaren historian mugarri sendoa ezarri zuen konpositoreak opera sakon eta dramatiko horrekin. Gaurtik hilaren 27ra bitartean, lau bider taularatuko du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak, Euskalduna jauregian.

OLBEk programatutako 'Tristan eta Isolda' operaren entsegu bateko irudia. E. MORENO ESQUIBEL
OLBEk programatutako 'Tristan eta Isolda' operaren entsegu bateko irudia. E. MORENO ESQUIBEL
Inigo Astiz
2025eko urtarrilaren 18a
04:00
Entzun

Mugarri bat da. Erbesteratuta, egoera ekonomikoak estututa, eta idorraldi sortzailearen mugan, opera xume bat idazteko asmoarekin abiatu zuen Richard Wagner konpositoreak Tristan eta Isolda sortzeko lana. Bi maitaleen elezaharrak bultzatuta eta Arthur Shopenhauer filosofoaren pentsamenduaren eraginpean, ordea, bi urteren buruan, operaren historian aipamen ziurra izaten duen hiru ekitaldiko lan konplexu, indartsu eta dramatikoa sinatu zuen. 1865eko ekainaren 10ean estreinatu zuen, eta milaka taularatze izan ditu geroztik. Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak ere, aurrez, beste bitan programatu izan du obra, eta hirugarrenez eskainiko du oraingoan. Gaur izango dute lehen emanaldia, eta beste hiru saio ere eskainiko dituzte: urtarrilaren 21ean, 24an, eta 27an. Bilboko Euskalduna jauregian izango dira guztiak, 19:00etan. Denera, bost ordu inguru iraungo dute saioek, tartean bi atsedenaldirekin.

Opera abiatzen duen lehen akordetik hasita da esanguratsua lana musikalki, eta matrioxka historiko horietako bat da literarioki. Musika ez ezik, liburuxka ere Wagnerrek sortu zuelako, baina Gottfried von Strassurgen testu bat hartu zuelako horretarako oinarritzat, zeinak, era berean, Erdi Aroko elezahar bat hartu baitzuen ardatz, zeinaren iturburua historiaren ilunpetan galtzen baita. Tristan izeneko noblearen eta Isolda izeneko printzesaren arteko maitasun istorioa da operaren muina, eta heriotza dramatiko batekin amaitzen da haien amodioa.

Bilbon, Gwyn Hughes Jones tenorrak jokatuko du Tristanen rola, eta Oksana Dyka soprano ukrainarra izango da Isolda, nahiz eta, osasun arazoak direla eta, Rachel Nichols britainiarra arituko den haren ordez, gaurko emanaldian behintzat. Bi protagonista nagusi horiekin batera, Marco Mimica baxuak, Egils Silins baritonoak, Carlos Daza tenorrak eta Daniela Barcellona mezzosopranoak osatzen dute operako boskote nagusia. Horiez gainera, Josu Cabreroren eta Gilen Mungiaren parte hartzea ere nabarmendu dute OLBEko ordezkariek.

Musikarik erotikoena

Erik Nielsen zuzendariak gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa emanaldi guztietan. Bilboko Operaren Koruak ere hartuko du parte, gainera. Allex Aguilerak egin ditu ekoizpen lanak, eta bideo proiekzioak eta atrezzo elementu deigarriak baliatu ditu eszenografia sortzeko. Itsasoak, lorategi onirikoak eta basoak irudikatuko dituzte eszenek. Hala deskribatu du Aguilerak opera: «Ohiko narratiba gainditzen duen erabateko maitasunari buruzko gogoeta sublime bat da Tristan eta Isolda, haren erabatekotasun helduezina eta bere baitan duen tragedia biltzen dituena».

Luis Perdiguerok eta Arnaud Pottierrek sortu dituzte, hurrenez hurren, argi efektuak eta bideoak, eta Jesus Ruizenak dira jantziak.

Horrez gainera, Chris Waltonen artikulu argitaragabe bat ere bildu du OLBEk opera honetarako prestatutako liburuxkarako, eta webgunean ere jarri du kontsultagarri. Musikaren Historia irakasten du Waltonek Basileako Unibertsitatean (Suitza), eta Wagnerri eskainitako hainbat libururen egilea ere bada. Haren hitzetan, «giza adimenak inoiz sortutako musikarik erotikoena» biltzen du Tristan eta Isolda-k, eta lehen lerroko obratzat du. «Ezin da Tristan eta Isolda-k Mendebaldeko kulturaren historian izan duen garrantzia gutxietsi. Hasierako akorde disonanteak —hain berezia denak, eta Tristanen akordea esaten zaionak— oraindik ere eztabaidagai izaten jarraitzen du musika teorialarien artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.