Vulken berrasmatzea

Vulk talde bilbotarrak hirugarren diskoa argitaratu du, lehen aldiz euskara hutsez: 'Vulk ez da'. Kantuak zuzenean grabatu dituzte

Jangitz Larrañaga, Andoni de la Cruz, Julen Alberdi eta Alberto Egiluz, Vulk taldeko kideak. AITOR MENDILIBAR.
Ane Eslava.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Bere burua ukatu, bere burua berrasmatzeko. Lau urtez kantu berririk eman gabe egon eta hausnarketa prozesu bat egin ondoren, Vulk taldeak abiapuntu berri bat ezarri du, hazten jarraitzeko. «Erraietatik ateratako» 11 kanturekin osatutako hirugarren lana argitaratu du, Montgri diskoetxearekin: Vulk ez da.

 

2018aren inguruan, mugarri bat izan zen Bilboko post-punk taldearen garapenean. Javier Marco bateria jotzaileak taldea utzi behar izan zuen, eta Jangitz Larrañaga sartu zen haren ordez. Taldearen zalea eta laguna zen, eta, hasieran, kontzertu batzuetarako ordezkatu zuen Marco, baina, azkenean, taldekide bihurtu zen. Larrañagaren hitzetan, taldera batzeko prozesua «sinbiosi» baten gisakoa izan zen: «Ezer konkreturik bilatu gabe, joz eta joz, batera joan ginen gure psikologia berretsiz eta birmoldatuz». Harekin batera, Andoni de la Cruz (ahotsa), Alberto Egiluz (baxua) eta Julen Alberdik (gitarra) osatzen dute taldea.

Larrañaga taldean sartu izanak ekarri zuen aldaketarik handiena hizkuntzari lotutakoa izan zen. Ordura arte, Andoni de la Cruz zen kide euskaldun bakarra, baina, behin Larrañaga batuta, taldekideen erdiek bazekiten euskaraz, eta, hala, hurrengo abestien hizkuntza euskara izatea erabaki zuten.

Aldaketaren bitartean, baina, pandemia heldu zen, eta prozesuak mantsotu zituen. Azkenean, aurreko lanetik lau urte pasatuta heldu da taldearen hirugarren diskoa, Vulk ez da. Aurretik Beat Kamerlanden (2017) eta Ground For Dogs (2018) eman zituzten.

Lanaren izenburuak ukazioaren ideia dakar, eta ideia horrek oihartzun egiten du izen bera daraman kantuan ere: «Ez dakit zer diren zaunkatzen dituzuen hitzak, baina bakarrik entzuten dut zuen negarra. Sentitzen dut, baina ez da, Vulk ez da». Lan berriarekin, taldeak ez du aurretik egindakoa ukatu nahi izan, baina bai abiapuntu berri bat ezarri, bide oro zabalik izateko, mugarik gabe. «Ukazioa hain da zabala, non otutzen zaigun edozer gauza besarkatzeko aukera suposatzen duela. Hori da jokoa: momentu orotan sentitzen dugun fedea izatea», esan du Larrañagak.

Izenaren istorioak, halere, abiapuntu sinpleago bat izan zuen: Larrañagak berak Vulk ez da idatzi zuen taldearen kartel batean, eta kontzeptu erakargarria iruditu zitzaienez, hari horretatik tiratzen hasi ziren. Hori izan ohi dute sortzeko era: interesatzen zaizkien ideiak garatuz doaz.

Zuzenekoaren garrantzia

Berako Atala estudioan (Nafarroa) grabatu dute diskoa, Iñigo Irazokirekin. Zuzenean grabatu dute, denek batera jotzen, eta soinu analogikoarekin. Modu horretara grabatzeko erabakia lotuta dago abestiak konposatzeko prozesuarekin, Larrañagak azaldu duenez: «Kantuak ere zuzenean sortu ziren: batera jotzen ibiltzetik irteten ziren ideiak». Hortaz, kantuen interpretazioa ere «soilik zuzenean» ulertzen zuten; hori zen naturala haientzat.

Abestien letrek etsipena, gordintasuna edota inpotentzia islatzen dute, baina baita adiskidetasuna ere. De la Cruzek idatzi ditu kantu guztiak, bat izan ezik: Etsaia, orpoan kantuaren hitzak Erramun Marurirenak dira.

Bideoklipetara ere eraman dute edergarririk ezaren logika: zuzenean grabatu dituzte, lanaren osotasunari kutsu performatiboa emanez. «Hasieran, minifilm moduko bat grabatu nahi genuen, zuzeneko musika eta musikakoak ez ziren eszenak txandakatzen; azkenean, hiru bideoklipetan eboluzionatu zuen», zehaztu du bateria jotzaileak. Vulk ez da, Mailua eta Lanaren Kanta abestiak dira bideoklipa dutenak. Gernikako Arrate estudioan (Bizkaia) grabatu dituzte, eta Arrigurik eta Badatorrek zuzendu dituzte.

[youtube]https://youtu.be/rkWQgE96m7c[/youtube]

Kantuetako eta bideoklipetako lan moldeari tiraka, iazko azaroan aurkezpen berezi bat egin zuten, Bilboko Zinebi jaialdian. Zuzenekoa eta aurretik grabatutako ikus-entzunezko materiala erabiliz, Displayed Music Performance izeneko diziplinarteko ikuskizuna osatu zuten.

Kantuak sortzeko orduan, beste talde askoren erreferentziak jaso dituzte. Zerrenda bat ere osatu dute, lanean eragin duten kantuetako batzuekin. Askotariko taldeenak dira: Zarama, Jotakie, La URSS, Kiko Veneno, Wire, Killing Joke, Gang Of Four, LCD Soundsystem, Fugazi, Big Boys... Zerrenda Spotify plataforman dago entzungai.

Diskoaren azalean, Vulk ez da izena irakur daiteke, egurrean zizelkaturik; Larrañagaren aitak eginiko lana da. Badok.eus atarian estreinatu zuten diskoa, urtarrilean, eta oraingoz plataforma digitaletan dago entzungai. Hilaren 21ean hamabi hazbeteko binilo formatuan iritsiko da. Montgriren webgunean egongo da eskuragai, eta kontzertuetan ere salduko dute.

Lana aurkezteko bira hasi berri dute, eta data ugari dituzte iragarriak: berriki Bartzelonan izan dira, ostiralean Madrilen joko dute, eta Euskal Herriko lehen kontzertua otsailaren 25ean emango dute, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa), Tatxers taldearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.