Villonen lan bat eta Caldersen beste bat euskarara ekarri dituzte

'Testamentua' itzuli du Matias Mujikak, eta 'Hemen du atseden Nevaresek', berriz, Antton Olanok. Literatura Unibertsala bildumako 168. eta 169. liburuak eman dituzte argitara

François Villonen lan bat eta Pere Caldersen beste bat euskaraz irakurtzeko moduan daude dagoeneko.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Beste bi izenburu batu zaizkio Literatura Unibertsala bildumaren zerrendari: François Villon poeta frantsesaren Testamentua obra euskarara itzuli du Matias Mujikak, eta Pere Calders idazle katalanaren Hemen du atseden Nevaresek ipuin antologia, berriz, Antton Olanok. Elkarren artean oso ezberdinak diren bi lan, biak euskaraz irakurtzeko moduan argitaratu dituzte Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean. Bildumako 168. liburua da Villonena, eta 169.a, berriz, Caldersena.

Frantziako literaturako klasiko handienetako bat da Villon. 1431. urtean jaio zen, Parisen, eta ez da jakina noiz hil zen —1463. urtetik aurrera ez da haren aztarnarik aurkitu—. Jakina dena da bizitza gorabeheratsua izan zuela, bere obretan horren lekukotasunak utzi baitzituen. Apaiz bat hiltzea egotzita, Paristik alde egin behar izan zuen, baina barkamena jaso zuen. Halere, kartzelan izan zen, lapurretagatik preso hartu baitzuten gero, eta hurbil izan zuen urkamendia ere. Heriotza zigorraren ordez, hamar urtez Paristik kanpo bizitzera kondenatu zuten azkenean, eta orduan galdu zen haren aztarna. Horiei guztiei buruz hitz egiten du bere lanetan. «Frantziako garai hartako literaturan, segur aski, mugarri bat izan zen, hain zuzen ere, bera ez zelako trobadoreetako bat. Batxilerra zen, arteetan lizentziatua, maisu titulua bazuen... baina oso bizimodu korapilatsua izan zuen, eta esaten da Frantziako poeta lirikoetan handienetakoa dela, haren poesia aski narratiboa izan arren bere bizitzaz eta bere bizipenez hitz egiten zutenetarikoa zelako», azaldu du Xabier Olarra Igela argitaletxeko arduradunak.

Villonen obra hiru mila ahapaldi inguruk osatzen dute. Bi poema luze dira haren lanik garrantzitsuenak: Legatua (1456) eta Testamentua (1461).«Baina hortxe dago emana haren maila guztia», Olarraren esanetan. Haren obra aspalditik zegoen itzulia izateko lanen zerrendan, baina beharbada «oso zaila eta antzinakoa» delako, inork ez zion orain arte euskaratzeari heldu. Mujikak heldu zion azkenean, duela bizpahiru urte, eta lanari idatzitako hitzaurre «mamitsuan» azaldu ditu itzulpengintzan topatutako arazoak eta hartutako erabakiak.

Hasteko, gaurko frantses hiztun batentzat ulertezina ez, baina «muga-mugakoa» izan daiteke idazkera, eta, horregatik, bi modutara argitaratzen da egun liburua: edo jatorrizkoa alde batean eta aldamenean prosazko egokitzapen baten laguntzaz, edo edizio ohardunetan. Bigarrenaren alde egin du itzultzaileak, beharrezko iruditu zaizkion oharrak bakarrik jasota. Villonen bertsoen neurrietan topatu zuen beste buruhauste bat Mujikak, haiek euskarara ekartzean. Ahapaldien neurria eta erritmoa mantentzeko ahalegina egin du, baina ez jatorrizkoak berak, baizik eta zortziko txikia hartuta oinarritzat. Errimetan, berriz, libertate handiagoa hartu du, «fideltasuna lehenetsiz» betiere.

Letra katalanen ikur

Villonenaren oso bestelako bizitza izan zuen Pere Calders idazleak, baina gorabeheraz betea harena ere. Bartzelonan jaio zen, 1912an, eta eskolatik agertu zuen idazteko eta marrazteko joera —14 urterekin idatzitako lan batekin hasten da haren lehen ipuin bilduma—. Arte Ederrak ikasi, eta publizista batekin hasi zen lanean, baita hainbat egunkaritan idazten ere. 1936an argitaratu zituen lehen bi lanak: El primer arlequí ipuin liburua eta La glòria del doctor Larén nobela. «Bietan ja antzematen ziren haren ibilbide guztian ezaugarri nagusi izango zirenak: umorea eta ironia», Inazio Mujika Erein argitaletxeko arduradunaren hitzetan. Gerra iritsita, PSUCen boluntario aritu zen lanean; 1937an, armada errepublikanoan eman zuen izena, eta, bi urte geroago, Frantziara ihes egin behar izan zuen; kontzentrazio esparru batean bizirik iraun ostean, Mexikora ihes egin zuen, eta han bizi izan zen, 1962. urtean Kataluniara itzuli zen arte.

Mexikoko erbestealdiak eragin nabarmena izan zuen haren lanetan; dena argitaratu ez arren, han idatzi zuen Caldersek bere obraren muina. «Esaten zuen han ez zela inoiz oso integratua sentitu, beti Katalunia zuela buruan; bere xedea zen katalanari eustea, katalanez idaztea eta han ziren idazle katalanak biltzea. Hala ere, haren ipuinak irakurrita, esango nuke oso ikuspegi berezia eman zuela hango paisaiaz eta, batez ere, paisanajeaz, Mexikoko jendeaz», dio Mujikak. «Caldersek esaten zuen idazteko orduan ez ziola Mexikok eragin, herriminak eragin ziola. Nik zalantzan jarriko nuke hori, haren ipuinak irakurrita».

Antton Olanok itzulitako Hemen du atseden Nevaresek hamahiru ipuinek osatutako bilduma da, 1955-1978 urteen artean idatziak. Lehenak ematen dio izena liburuari; luzea da, nobela laburtzat ere hartu izan da, eta, liburuko beste bat bezala, Mexikon kokatu zuen idazleak. Besteak laburragoak dira, garai eta giro ezberdinetan kokatuak, baina guztietan sumatzen da umorea, ironia eta sarkasmoa tarteka, eta, Mujikaren hitzetan, «absurdoa ere bai zenbaitetan, errealitatea dena eta ez dena nahasteraino».

Kataluniara itzulita, berehala ekin zion berriro idazteari eta idatzitakoak argitaratzeari; ipuinak batez ere, nobelak ere bai, eta antzezlanak geroago. Azken urteetan iritsi zitzaizkion aitortzak, Letra Katalanen Ohorezko Saria (1986) tartean. 1994. urtean hil zen Calders. Mujika: «Zoritxarrez, ez da hain ezaguna Kataluniatik kanpo. Seguru asko, espainolez, ingelesez edo alemanez idatzi izan balu, askoz ere aintzat hartuagoa izango zen. Baina berak katalanez idatzi zuen: hautu natural horri eutsi zion hil arte».

1990ean abiatu zen Literatura Unibertsala bilduma, nazioarteko literaturako ale ezagunenak euskarara ekartzeko helburuarekin, eta, 26 urteotan, 169 liburu eskaini dizkio euskal irakurleari. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak kudeatzen du egitasmoa, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen. Hain zuzen, Jaurlaritzaren izenean, bilduma sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu zuen Jokin Azkuek liburuen aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.